Izaro Izu

Iruñeko Algara eta Muthiko, peñen eskaintza berrien bi adibide baino ez

Duela ez asko, Zezen Plazarako joan-etorriak eta txarangen jardunak ezaugarritzen zuten Iruñeko peñen egitaraua. Besterik ez zela zirudien. Eskaintza biderkatzen eta gaurkotzen ari dira, ordea, azken urteotan.

Iruñeko peñen jaietako eskaintza zabaltzen ari da azken urteotan, musika arloari dagokionez bereziki. Askok buruan duten estereotipotik urrun, elkarte hauek ez dira bakarrik zezenketetarako biltzen. Eta txaranga doinuetatik haratagoko zaletasuna dute.

Bi adibide huts hartu ditugu, Sanferminetako egun pare batean bilduak. Astearte goizean Iruñeko Algara peñan egon gara, Carmen kalean. Entzierroak markatzen duen muga horren ostean indarrez ekin diote festa egun berriari goizean 11etarako. Sukaldean batetik bestera dabiltza peñazaleak eta jantokia beteta dute jada, ehun lagun inguru, adin guztietakoak. Garbi-garbi dago dena; inork ez zuen asmatuko bertako taberna goizeko 6ak arte ehunka lagunek dantzan jo eta fuego ibili direnik.

Hamaiketakoekin batera, bai, eguneko zezenketarako prestaketak hartzen du lan edo arreta pixka bat: bero handia egingo du astearte honetan eta batzuk jada jakinarazi dute abonoan barruan datorren sarrera ez dutela erabiliko. Peñakideen seme-alabak, ezagunak, kanpotik etorritako lagunak galdezka ari dira, ea baten bat eskuratzerik duten. «Momentuz hiru ditugu libre», azaldu du peñakide batek.

Ohiko jarduera da hau guztia, ohiturazkoa, baina bitartean musikari batzuk ageri dira elkartean, hauek ere galdezka: «Musika-tresnak hemen gordetzea al dugu?». Jakina baietz. Garagardo kupelen artean kokatu dituzte.

Iruñeko Algarak lokal zabala du, patio txiki bat, umeentzako frontoitxoa eta guzti, eta fresko egoten da barruan, kanpoko itolarritik babesleku egokia. Hori guztia baliatuz kontzertuak antolatu dituzte egunero-egunero, baten bat arratsalde partean eta gainerakoak goizeko 1etatik aurrera: «Jende asko ari da etortzen, giro itzela dugu». Egun honetan Los Andus dago iragarrita, aurrekoan Trikidantz izan zen, beste batean Luziano...

Solasean ari garela, garagardo bat beste baten antzean, hamaiketakoak amaitu eta bazkarietarako lehenengoak hurbildu dira. Baina bien artean hiru frito platerkada handi atera da sukalditik, guztiontzat eskuragarri. Barran Frantziatik etorritako adineko lagun talde bat kantu-kantari hasi da, «gidariak» Tourreko mendiko lasterketako elastoki borobilduna soinean daramala. Sanferminak kalean egiteko festak dira beste ezerren gainetik, baina peñaren barruan gozagarria da dena goiz honetan.

Arratsaldean zezenketan biltzen dira peñako kide asko, baina ez hori bakarrik. Estafeta kalearen erdian saltoka dabiltza ehunka gazte, zer dela eta? Muthiko peñako balkoian kontzertua hasia da gaurkoan ere, edo dantzaldia nahi bada. Egun honetan Biziraun erromeria taldea ari da jo ta fuego: Exkixuren bertsioak, Zea Mays... Soinuaren kalitatea ez da arazo jai gogo honen aldean.

Ez da aurtengo berritasuna, pandemiaren aurretik jada bazebiltzan Muthikoko kideak eskaintza honekin, Estafetari jai kutsu berezia emanez. 18.30etan hasi da jarduna, askok eta askok batere gogoko ez dituzten zezenketen ordu berean.

1931. urtean sortu zen Muthiko, 1933koa da Iruñeko Algara, baina peñak ez dira betikoan gotortzeko jaioak izan, agerian geratzen ari denez.