Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Sanferminetako termometroa

Pandemiaren geldialdiaren osteko suziria piztu dute sanferminek. Jaiarekin batera, etxean –edo sare sozialetan– luze gorderik izan den herria ageri da berriz kalean. Eta nola dago herria? Ondorio gazi eta gozo batzuk hurrengo lerroetan, labur azalduta:

Nortasuna: Euskal ikurrak mundu guztira heldu ziren hiriburutik, bai. Baina txupinazoaren ondoren, eta ikurrinaz eta bandera gorriaz haratago, nortasun oso bat berrindarturik atera da kalean egunerokoan. Ospatzen dakien herri bat, bizia, anaitasuna lantzen duena, aldarrikatzailea, bere historiaren jabea, bere hizkuntzan gero eta gehiago mintzatzen dena, janzkera berdinetik hasita eta peñetako «no card» mezuetaraino berdinzalea, belaunaldien arteko etenik gabekoa...

Probokazioak: San Fermin eguneko prozesioan izandako istiluek oihartzun handia izan dute. Dena aurreikusita zegoela ziurtatu du alkateak, baina bideo-irudiek kontrakoa erakutsi dute: probokazioa izatekotan, Enrique Mayak gidatzen duen poliziak (Simon Santamariarena zena) abiatu zuela eta EH Bildu seinalatzeko asmo irmoa bazela. Aztertzeko eta ikasteko pasartea da, hurrengo jaiak heldu aurretik hauteslekuetatik pasatu beharko baita.

Bazterkeria: Txosnagunea ez da UPNko alkateak saboteatu duen gune bakarra. Atzerritar elkarteek izandako eremua ere kanpoan gelditu da, musika programazioan nabaria da bazterkeria, tratu ezberdina jasaten dute Mayak aldekotzat edo aurkakotzat hartzen dituen tokiek. «Nazionalismoaren» aurkako diskurtsoek kontrakoa adierazi arren, Asironen herria Mayarena baino askoz ere zabalagoa dela frogatu da.

«Bobby»ratzea: ETAren jardun armatuaren bukaeratik hamabi urte igarota, desmilitarizazioaren aferari ez zaio heldu oraindik, eta auskalo helduko ote zaion. Bitartean, «polizia ez da ergela»; haurrak zaldiz paseatzen erakarri dituzte uniformedunek; gazteenak, musukoak oparitzen, «onak garela ikus dezazuen» (egiazko pasartea hauxe); zaharrenak, segurtasunik ezaren mamua puzten. Bobby itxura emateko ongi diseinatutako kanpaina antzeman daiteke, arrakastatsua agian.

Urtemuga: Festan buru-belarri ibili garenoi ez zaigu hain ozen heldu duela 25 urteko gertaeren gaineko hedabideen zalaparta. Baina orduko hura ere berpiztu zaigu gogoan nola edo hala, 1997. hartan ere sanferminetan ginelako. Eta ez da alderaketa horretan nostalgia irabazle atera, ez horixe.

Berdintasuna: Indarkeria matxista ezabatzeko borrokak ez duela aurrerapenik egin ondoriozta liteke jaietako balantzea eskuetan, erasotzaileak berriz ageri dira-eta. Baina jarrera orokorrari erreparatuz aurrerapauso handia antzeman daiteke duela 30-20-10 urteko errealitatea gogoan hartuta. Elkarrekiko errespetua sendotu da, egunez eta gauez. Bada berdintasunaren ortzi mugarantz elkarrekin joateko biderik eta gogorik.

Harrera: Errespetuaz mintzo garelarik, kalean saltzaile dabiltzan etorkinek izandako tratuan dagoen aurrerapena erantsiko dut. Jardun horrek berez arazoaren neurria ematen du, baina ondoko herrien aldean eta duela urte gutxiko egoera denon gogoan dela, harrera herria izatearen nahia hedatzen ari da.

Eta post-data: Gazi eta gozo hauen artean ezberdintasun bat ikusten dut. Aldaketa estrukturalak, sakonak, ezkerretik eta abertzaleen eskutik datoz; garaipen taktikoak, aldiz, eskuin espainiarzaleengandik. •