Dispertsioaren aurkako musika olatu indartsua 26. Hatortxu Rock jaialdian

Gaur arratsaldeko lauretan irekiko ditu ateak 26. Hatortxu Rock jaialdiak bi egun eta erdiz, igande goizaldera arte. Hiru oholtza izango dira Atarrabian eta 30 musika talde pasako dira bertatik, haietatik hamar NAIZ gunean egongo den Auzolana tranpaldotik.

Atarrabiako jaialdia jendez lepo izatea espero da aurtengo edizioan ere.
Atarrabiako jaialdia jendez lepo izatea espero da aurtengo edizioan ere. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Beste behin denetariko musika eskaintza izango da Hatortxu Rock jaialdian. Iaz, osasun egoera tarteko, ezin izan zen 25. edizioa aurrera eraman, baina, segidan jakin genuen uda honetan izango genuela Hatortxu berri bat. Hala, aurre-salmenta ondo joan dela aurreratu digute antolatzaileek eta bisitarien kopurua bost zifratara iritsiko dela jaialdiak iraungo dituen bi egunetan.

Eta ez da harritzekoa, luxuzko kartela izango duelako 26. edizio honek. Atarrabiako eremuko ateak lauretan irekiko dituzte, sarrerak eskumuturrekoengatik trukatu eta emanaldiez gozatu ahal izateko.

Haietako lehenengoa, NAIZ gunean izango da, 17.00etan, Anari Alberdi azkoitiarra izango baita Auzolana oholtzara igo eta jaialdia irekitzeaz arduratuko dena. Gozotik hasi bai, baina atzetik rockak eta erromeria giroak hartuko dute Hatortxu Rock, Pleura eta Huntza taldeen emanaldiekin. Giroa berotzeko aparteko taldea da Huntza eta hori erakutsi digute beren sare sozialetan Euskal Herrian zein kanpoan uda honetan eman dituzten kontzertuetako irudiekin.

Aipatzekoa lehen egun honetan oholtzan izango den emakume kopurua, aurretik aipatutakoez gainera, The Baboon Show, Skabidean edota Sua taldeetako kideen artean aurpegi nabarmenenak haienak direlako, eta La Mare ere izango delako ostiraleko kontzertuen artean. Punka, rocka, rapa eta rocksteadya haien eskutik. Ostiralekoetan En Tol Sarmiento, Gatibu eta Des-Kontrol taldeen kontzertuak izango dira gaua irekiko dutenak. Ekorako taldea olatu aparretan dabil, eta talde gernikarrak duela bi urte, pandemia betean, kaleratu zuen ‘Musikak salbatuko gaitu’ lana, eta ez zaie arrazoirik falta bizi izan ditugun garaiak ikusita. Des-Kontrol arrasatearrak ikusteko, berriz, ez da aukera askorik izaten eta Atarrabian beren konpromiso politikoari eutsiz zuzeneko indartsua eskainiko dute taldeak 26 urte betetzen dituen honetan. Egunaren bukaerarako Zoo, The Lio, Badalonian Sound eta DJ Plan B izango dira, festa ordu txikiak arte luzatuz.

Non Serviumen data bakarra

Larunbatean berriz ere behetik gora egingo du intentsitateak Hatortxu Rocken. NAIZ gunean Antton Telleriaren bakarrizketarekin hasiko da arratsaldea, 16.00etan izango baita tolosarraren saioa. Atzetik, Ibil Bedi talde nafarra izango da doinu gozoekin, 17.30ean hasita. Ateak, berriz, 14.00etan zabalduko dira.

18.00etatik aurrera rock doinuek hartuko dute Atarrabia eta Crim, Stay Homas eta Zelanda taldeen kontzertuak izango dira 20.15ak bitartean, orduan izango baita ekitaldi nagusia. Behin hori bukatuta, 20.40ean, Non Servium talde madrildarra izango da Etxera oholtza nagusian. Momentuz iragarrita duten data bakarra izango da Hatortxu rockekoa, eta, egiari zor, ez da aukera askorik izaten 25 urte bete dituen taldea zuzenean ikusteko.

Segidan, Hammond York, Delirium Tremens, Zetak eta Lukiek izango dira oholtza desberdinetan. Ska-Jazz fusioa, Mutrikuko kresalez betetako rocka, abangoardiako elektronika eta adrenalina husteko emanaldiak gauerdia bitartean.

Hortik aurrerakoak, Rotten XIII eta Herdoilen punka, Green Valleyren reggaea, eta Selektah Stepi, Elepunto eta Bull Djen doinuak. Askotariko eskaintza, beraz, eguna argitu bitartean. Oraindik ere sarrerak salgai izango dira jaialdiko sarreran, online aurre-salmenta itxita baita dagoeneko.

NAIZ Irratia bertatik

NAIZ irratiak seta jarrita izango du Auzolana oholtza izango den eremu atseginean. Bertatik zuzenean irratsaioa egingo du, 19.00etatik 22.00etara. Hala, Hatortxu Rocken izango diren hainbat musikari eta artista pasako dira irratiko uhinetatik. Aurreikusten ditugunen artean Gatibu, Zetak, Sua, Lukiek, Huntza, Zelanda edota Ibil Bedi taldeko kideak daude.

Eremu berean banatuko dira, halaber, ‘Gure musikaren alde’ mezuarekin jaialdirako propio egindako kamisetak. Harpidedunek edota HTX-NAIZ harpidetza aktibatzen dutenek doan jasoko dute kamiseta eta gainerakoek 10 euroren truke eskuratzeko aukera izango dute.

Izan ere, gure musikaren alde eginda, musikak salbatuko gaitu, eta, kasu honetan, dispertsioaren zama arinduko diegu hori egunero-egunero pairatzen dutenei. Azkenaren atarikoa izan dadila.