Annemiek Van Vleuten eta Marianne Vos, beteranoek agintzen dute tropelean

Gizonezkoetan ez bezala, emakumezkoen errepideko txirrindularitzan beteranoek jarraitzen dute agintzen. Eta horren adibide onena da Annemiek Van Vleuten eta Marianne Vos herbeheretarrek Tourrean erakutsi duten nagusitasuna. Van Vleutenek 39 urte ditu, eta Vosek 35.

Vos eta Van Vleuten, Tourreko azken sari banaketan.
Vos eta Van Vleuten, Tourreko azken sari banaketan. (Jeff PACHOUD | AFP PHOTO)

Urte berezia izan da aurtengoa emakumezkoen errepideko txirrindularitzan, 2009an azkenekoz korritu zenetik lehen aldiz Tourrak ohiko etapakako lasterketa “luzea” berreskuratu duelako. Azken urteotan Giroak merezimenduz irabazita zeukan “Urteko etapakako lasterketa garrantzitsuena” etiketa Tourrak berreskuratu duela esan liteke. Eta txapela kentzekoa izan da Van Vleutenek eta Vosek emandako ikuskizuna.

Laburbilduz, Van Vleutenek bi etapa eta sailkapen nagusia irabazi ditu eta Marianne Vosek beste bi etapa eta puntuen maillot berdea (maillot horia ere jantzi du hainbat egunetan). Baina garaipen kopurutik haratago, garaipen horiek lortzeko modua izan da zaleak txundituta utzi dituena.

Van Vleuten apenas agertu zen lasterketan azken-aurreko etapan mendia iritsi zen arte. Sabeleko minez ibili zen, antza birusen batek eragina. Baina Selestat eta Le Markstein arteko etapan 86 kilometroren faltan jo zuen erasoa, azken 60 kilometroak bakarrik egin zituen, eta helmugan sekulako aldeak atera zituen: hiru minutu eta erdi bigarrenari, bost baino gehiago hirugarrenari… Azken etapan ere bera izan zen irabazlea, tropeleko igotzaile onena dela erakutsiz eta Giroan lortu zuen garaipenari Tourrekoa gehituz.

Marianne Vosen kasuan, bigarren eta seigarren etapak irabazi zituen, bi bigarren postu eta hirugarren bat ere sinatu zituen, eta maillot horia jantzita eraman zuen bigarren etapatik zazpigarrenera bitartean. Eta datu bezala nabarmendua izan da Tourrean lortu zuen bigarren hori bere ibilbideko 242. garaipena izan zela. Ikaragarria.

Gazte-gaztetatik, modalitate guztietan

Marianne Vos (Bolduque, 1987) gazte-gaztetatik hasi zen bere dohainen berri ematen. Junior mailan emaitza bikainak lortu ostean, esan daiteke 2006an eman zuela benetan elite mailara jauzia eta lehen urte horretan, oraindik 20 urte bete gabe, jada sekulako balentria erdietsi zuen: munduko txapeldun izan zen urte berean ziklo-krosean nahiz errepidean.

Hortik aurrera, bere garaipen zerrenda etengabe puzten joan da herbeheretarra, modalitate desberdinetan moldatzeko sekulako gaitasuna erakutsiz, gainera. Errepidean beste bi Munduko Txapelketa (2012 eta 2013) eta Londreseko Olinpiar Jokoetan irabazitako urrea (2012) izan daitezke agian garaipen deigarrienak, baina hori bezain aipagarria da urte askoan bera izan dela denboraldiko izar nagusia: bost aldiz irabazi zuen Munduko Kopa, bost aldiz Fleche Walonne klasikoa, hiru aldiz Giroa 32 etapa garaipenekin…

Hori gutxi ez eta ziklo-krosean nahiz pistan ere palmares bikaina du. Batez ere ziklo-krosa izan da bere modalitate kuttuna: zortzi aldiz izan da munduko txapeldun, lehenengoz 2006an, azkenekoz aurten, 16 urte beranduago, eta tartean 2009 eta 2014 artean sei urre kolkoratu zituen jarraian. Pistan ere badu urrezko olinpiar domina bat, 2008an Pekinen irabazia, eta munduko txapeldun izana da bi aldiz.

Hainbat urtez erakutsitako nagusitasunak bere buruari erronka berriak jartzera eraman izan du Vos behin baino gehiagotan. 2016an, adibidez, Olinpiar Jokoetan mendiko bizikletan parte hartu nahi izan zuen hiru modalitate desberdinetan urrea irabazten saiatzeko, baina saiakera ez zitzaion nahi bezala irten eta 2014an erritmoa apur bat jaistea erabaki zuen nekeak jota.

Erronka horien barruan sar liteke Vosek emakumezkoen Tourrak egutegian merezi duen lekua izan dezan egindako borroka. Ez da ahaztu behar bera izan dela, Ane Santesteban euskaldunarekin batera, 2009an Tourra etapakako lasterketa moduan azkenekoz korritu zenean parte hartu zuen ziklista bakarra aurtengo ekitaldian, eta berak irabazi zuela 2014an Tourrak emakumezkoentzat antolatu zuen egun bakarreko La Course lasterketa.

«Orain dela bederatzi urte ASOrekin emakumezkoen lasterketa bat antolatzeko hitz egiten ibili ginenean, dena oso azkar egin zen La Course martxan ipintzeko. Urte hura garrantzitsua izan zen, eta aurtengoa beste mugarri bat da», adierazi du egunotan herbeheretarrak, umetan gurasoekin Tourra ikustera autokarabanan joaten zela gogoratzearekin batera.

Leherketa berantiarra

Annemiek Van Vleuten (Utrecht, 1982) herrikidearen bilakaera oso desberdina izan da. Beranduago egin zuen debuta profesional mailan, beranduago lortu zituen bere lehen garaipenak eta, batez ere, bere ahalmenaren benetako eztanda azken urteetan iritsi da, jada adinean aurrera joan denean.

Zoologia ikasketak egina, zoonosi eta epidemiologian espezializatua, gaur egun Movistar taldean korritzen duen txirrindulariak lesio eta eroriko larriei egin behar izan die aurre bere ibilbidean. Rioko 2016ko Jokoetan, esaterako, sekulako erorikoa izan zuen Vista Chinesa jaisten, lasterketa buruan zihoanean urrearen bila. Hiru bertebra hautsi zituen. Eta 2020an Giroan lider zela ere eroriko larria izan zuen, lasterketa utzi eta urte hartako Munduko Txapelketa ere galduz.

2007an korritu zituen lehen lasterketak profesionalekin, 25 bat urterekin, eta lehen garaipenak 2010ean lortu zituen. Garai horretan klasikoak ziren bere helburu nagusia eta 2011n Flandriako Itzulia eta Munduko Kopa bereganatu zituen. Hortik aurrera bere burua erakusten hasi zen lasterketa nagusietan, baina erabat lehertu gabe.

Eztanda hori 2017an iritsi zela esan daiteke, 35 urte bete zituen urtean. Giroan bi etapa eta mendiko nahiz puntuetako maillota, La Course, Munduko Erlojupeko Txapelketa… Sekulako denboraldia sinatu zuen eta segida eman dio azken urteotan.

Iaz erretiroa hartu zuen Anna van der Breggenekin –SD Worx taldeko zuzendari lanetan ikusi dugu aurtengo Tourrean– borroka gogoangarriak izan zituen urte horietan eta zenbaitetan galtzea tokatu zitzaion arren, irabazitakoak ere ez dira gutxi izan: Tokioko Jokoetan urrea erlojupekoan eta zilarra iraupen proban, bi Giro, Flandria beste behin, Strade, Lieja, Vuelta…

Egunotan France Press agentziak argitaratu duen erreportaje batean tropeleko zenbait zuzendari eta txirrindularik Van Vleutenen nagusitasuna ulertzeko zenbait gako eman dituzte. «Mina eta sufrimendua beste inork baino hobeto jasaten du. Horrelako esfortzuak egiten ikusten dugunean, muturreko sufrimendua jasateko gaitasun psikologikoa duelako da gaitasun fisikoa baino gehiago», irizten dio adibidez Grace Brownek, Mitchelton-Scott taldean kide izan zuen australiarrak.

Aude Biannic Movistarreko taldekide frantziarrak, aldiz, bere lanerako jarrera nabarmentzen du. «Urte erdia altueran igarotzen du, ehuneko ehun bizikletarako bizi da. Giroaren ondoren gu egun batzuk etxekoekin egotera joan ginen eta bera bakar-bakarrik Livignora itzuli zen, altuerara. Neguan gizonezkoen taldearekin entrenatzera irteten da eta gai da astean 25 edo 30 entrenamendu ordu pilatzeko, guk normalean 20 bat egiten ditugunean», kontatu du Biannicek.

Euskal Herrian ere bai

Beraien maila Euskal Herriko errepideetan ere eman izan dute bi izar handi hauek. Marianne Vosek, esaterako, bi aldiz irabazi zuen Emakumeen Bira, guztira 14 etapa garaipen lortuta, eta lau aldiz bereganatu zuen Durangoko Saria. Van Vleutenek lau etapa irabazi zituen Biran, Durangon behin altxatu ditu besoak, Nafarroako Klasiko desberdinetan hiru aldiz izan da txapeldun eta 2021ean Donostiako Klasikoa irabazi zuen erakustaldia emanda.

Hain zuzen ere, iaztik egitura Nafarroan duen Movistar taldean korritzen du Van Vleutenek. Emakumezkoen txirrindularitzan tradizio handirik gabea, Movistarrek talde gazte baten lidergoa eskaini zion izar herbeheretarrari eta badirudi gozatzen ari dela erronkarekin. Bere hitzek, irribarreak eta emaitzek halaxe erakusten dute.