NAIZ

Ur Partzuergoak tangaontzi bat jarrriko du Busturialdeko ur eskaintza kudeatzeko

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak beste irtenbide bat gehitu du Busturialdeko ur eskaintza kudeatzeko planean: tangaontzi bat, udako hilabeteetan eskualdeko udalerrietako baliabide hidrikoen egitura beharrak arintze aldera. Eskualdean hornidura beharrak handiak dira.

Tangaontziak 4.000 m3 ur biltzeko edukiera izango du eta Santurtzitik Bermeorako bidaiak egingo ditu.
Tangaontziak 4.000 m3 ur biltzeko edukiera izango du eta Santurtzitik Bermeorako bidaiak egingo ditu. (BBUP)

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP), datozen asteetan, ontzi batean garraiatutako edateko urarekin hornituko ditu Busturia eta Bermeoko hornidura sistemak. Sistema honek, hain zuzen ere, Bermeo, Mundaka, Sukarrieta eta Busturiako udalerriei ematen die zerbitzua.

Ur kontsumoa murrizteko neurriak hartzen hasi dira astelehen honetan bertan, lehorteak behartuta eta Ipar Euskal Herrian zabaltzen ari den mailara heldu gabe. Honela, astelehen honetatik aurrera adibidez uraren presioaren maila jeitsi da Busturialdean.

Ur-iturri berri horri esker, Bermeoko eta Busturiako sistemen gaur egungo hornidura premiak murriztuko ditu Gernikako sistematik, eta azken hau ere jarduketaren onuradun izango da. Itsasontziak, zeinak 4.000 m3 ur biltzeko edukiera izango baitu, egingo ditu Bilboko portutik Bermeorako bidaiak.

Adierazitako «salbuespeneko neurri koiunturalak» ez du aurrekaririk Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko kudeaketa esparruan, eta aurreko asteetan hartutako beste neurri batzuk sendotuko ditu. Izan ere, eskualdea hornitzen duten ibilguen egoera okerragotu egin da azken egunotan, gaur egungo larrialdi-egoera lehengoratzeko prezipitazio nahikorik egon ez izanagatik eta tenperatura altuko egun ugariengatik.

Inguruabarrek eskatzen dute «proportzio bereko neurriak ezartzea»; hortaz, uztailaren 19az geroztik lurraldean indarrean dauden mugekin jarraitzeaz gain, zerbitzuaren presioa nabarmen murriztuko da gauean (00:00etatik 06:00etara) ur-horniduran aurrezpenak handitze aldera.

Ur defizit historikoa

Izan ere, eskualdeko ur defizit historikoa (Urdaibaiko Erreserbarako Lurralde Jarduketa Planaren arabera, 100 l/s) dela eta, Eskaria Kudeatzeko Programa jarri da abian, bilketa berriak aktibatu eta baliabide eskuragarri guztiak babesteko. Nolanahi ere, udako hilabeteak gertu zeudenez salbuespenezko eta premiazko neurriak hartu behar izan dira Busturialdeak hornigai modura erabiltzen dituen ibaietako emari ekologikoak arriskuan jarri gabe, herritarren ur-hornidura bermatzeko. Zehazki, ekain amaieran horien egoera aurrealertakoa zen.

Sistemari ura gehituko dioten irtenbide berriekin sistema sendotzeko beharra aintzat hartuta, BBUPk tangaontziaren zerbitzuaren lizitazioa izapidetu du premiaz, zeinak indarrean dauden administrazio eta osasun alorretako arau bermeak bete beharko baititu.

Hala, itsasontziak, zeinak ibilbide bakoitzeko 4.000 m3 garraiatzeko gaitasuna izango baitu, aurreikusitakoaren arabera urriaren erdialdera arte egongo da martxan –inguruabarren eta premiaren arabera–, eta bideragarriak diren ibilbideak egingo ditu, karga- erregimenari dagozkion ziklo-aukeren arabera: joaneko bidea, deskarga eta itzulerako ibilbidea. Hasieran egindako kalkulu garbiaren arabera, gutxi gorabehera 2.000m3-ko ekarpen garbia egingo du egunean; beraz, segundoko 23 litro hornituko ditu.