NAIZ

Orioko herriak, txalo zaparrada artean, harrera egin die Euskotren Ligako txapeldunei

Euskotren Liga nagusitasun osoz irabazi zuen Oriok. Zarautzen bere indarra berretsi eta denboraldiko azken bandera preziatua ere astindu zuen Nadeth Agirrek. Bere hirugarren liga irabazi zuen eta Orioko herriak harrera beroa egin zien txapeldunei. «Hobeto ezin zitekeen», adierazi du Francesek.

Bigarrenari zortzi segundoko errenta aterata –gehi lehen jardunaldian lortu zuten hamar segundoko aldea–, Oriok Zarautzen berretsi egin zuen denboraldi honetako nagusitasuna. Zalantzek hasi zen Patxi Francesek zuzendutako taldea baina hirugarren asteburuan lorturiko bi garaipenekin mahaian kolpea eman zuten.

«Ea zerbait garrantzitsua lortu genezakeen helburuarekin hasi genuen urtea. Dinamika on batean sartu ginen, dena ondo joan da eta lortu dugu liga irabaztea», laburbildu du teknikariak TKE ligako kameren aurrean. 

Pasa den urtean, liga eta Kontxa irabazi gabe geratu ziren oriotarrak, bi denboraldi jarraian bi txapelketa handienak irabazi ostean. Arantza hori kentzeko gogotsu zeuden eta nagusitasuna agerian geratu da. Soilik bi estropadetan "huts" egin dute, Bilbon sasoiko lehendabizikoan eta A Coruñako bigarren jardunaldian, nahiz eta Galiziako bandera ere beraientzat izan den. Alegia, 12 banderetatik, 11 erdietsi dituzte. Beste bandera Arraun Lagunakek lortu zuen, iazko txapeldunak.

«Meritu izugarria dauka lorturikoak, esfortzu handi baten emaitza da», nabarmendu nahi izan du Francesek. «Hobeto ezin zitekeen», adierazi du.

Hain meritu handiari, Orioko herriak maila bereko harrera egin zien arraunlariei. Kaleak lepo elastiko horiarekin eta banan-banan Euskotren liga hau irabazi duten arraunlariak aurkezten joan ziren. Denek jaso zuten txalo zaparrada itzela eta festari amaiera emateko, Orioko Udalak oroigarri bana eman zien arraunlariei.

Orain, Kontxako banderara begira jarriko dira oriotarrak. Asteburu honetan atseden izango dute eta hilaren 1ean sailkapen estropada jokatuko da.