Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Mikel Zabalza Garateren heriotzatik 40 urtera, urteotan guztiotan hil zutenek izandako «inpunitate osoa» salatu dute Endarlatsan, Guardia Zibilak orbaitzetarraren gorpua bota zuen lekuan, egindako omenaldian. Halere, Nafarroako eta Lakuako Gobernuek Estatu biktima gisa aitortu dutela baloratu dute.

Mikel Zabalzari lore eskaintza, orain dela 40 urte bere gorpua agertu zen lekuan, Endarlatsan.
Mikel Zabalzari lore eskaintza, orain dela 40 urte bere gorpua agertu zen lekuan, Endarlatsan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Autobus gidaria zen Mikel Zabalza Garate. 1985eko azaroaren 26an Guardia Zibilak atxilotu, eta desagertua egon zen 20 egunez. Denbora horretan mobilizazio ugari izan ziren, tartean Mikelen lankideek egin zutena, ‘Hemen ez dago gidaria. Non dago?’ zioen pankarta autobusean jarri eta Donostiako Udaletxera eramanda. Irudi hori gogoan, 40. urteurrenean, autobus bira bat egiten ari da herri mugimendua. Azaroaren 26an abiatu zen Intxaurrondoko kuarteletik, eta igande honetan, abenduak 14, Mikel bizi zen auzora, Altzara, ailegatuko da.

Astelehen honetan Lesakan dago barrenean erakusketa bat daraman autobusa, Plaza Zaharreko aparkalekuan, 12.00etatik 19.00etara. Asteartean eta asteazkenean, aldiz, Beran, Iamoteneko aparkalekuan egonen da, 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 19.00etara.

Endarlatsan, justu Mikelen gorpua agertu zen lekuan, ekitaldia egin dute astelehen honetan Iñaki Egaña historialariarekin, Mikelen eta Euskal Herriko torturatu guztien omenez, mina aitortuz eta erreparazioa eta justizia aldarrikatuz. Bertan izan dira senideak, Bera eta Lesakako Udal ordezkariak eta herritarrak. Lorez bete dute Mikel gaztea ageri den argazkia, ikurrina baten gainean paratua. Haize freskoak ederki astindu ditu ikurrina, Nafarroako bandera eta arrano beltzarena, eta Gaizka Sarasolaren kantu hunkigarriari indar handiagoa eman diote jendearen irrintziek, kobazuloaren barrenean oihartzun eginez.

«Inpunitate osoa»

Autoak trenbidearen Gipuzkoako aldeko sarreran aparkatu, eta tuneleraino oinez joan dira elkarrekin ekitaldiko partaideak. Handik bota zuten guardia zibilek Mikelen gorpua Bidasoa ibaira, Egañak kontatu duenez.

40 urtez Zabalza hil zutenek izan duten «inpunitate osoa» salatu du historialariak, baita eraiki zuten gezurrean parte hartu zuten guztiak saritu zituztela ere. «Nahiz eta gezurra zabaldu den, egin den lanari esker, guk badakigu eta ondorengoek ere jakingo dute Mikeli gertatu zitzaiona», segurtatu du.

Kontakizunarekin hasi aitzinetik, gazte aunitz ikusita, ‘Egin’-en ale bat zabaldu du historialariak. Mikelen gorpua agertu eta gero, greba orokor bat egin zuten, eta haren berri dakar egunkariak. Bertzetik, Mikelekin batera atxilotu zituzten Ion Arretxe, duela zortzi urte gaixotasun baten ondorioz hila, eta Idoia Aierbe, Mikelen bikotekidea zena eta orain dela zazpi urte hil zena, oroitu ditu Egañak.

Lakuako eta Iruñeko gobernuen pausoa

Herri ekimenei eta ikerketei esker, denok egia dakigula azaldu du: Mikel Intxaurrondoko kuartelean hil zuen Guardia Zibilak itota. Azken urteetan, Lakuako eta Iruñeko gobernuek urrats handia egin dutela ere baloratu du, Mikel Estatu espainolaren biktima izan zela onartu baitute. Halere, bertze hiru instituzio daude, Guardia Zibila, eremu judiziala eta estatua bera, oraindik ez dutenak hori onartu eta lehendabiziko bertsio ofiziala mantentzen dutenak.

Erran duenez, lauzpabost prozesu judizial zabaldu dira, eta erabat itxita dago bidea bosgarren edo seigarren bat irekitzeko. Gainera, Madrilgo Parlamentuan galdeketa bat egin zuten berriki eta erantzuna argia izan zen: ez dute gauza berririk erranen. Horretarako argudio bakarra Sekretu Ofizialen Legea da. «Ez dut ezkorra izan nahi, baina egunen batean lege hori altxatzen badute ere, ez dut uste ezer berririk azalduko denik, beste kasu batzuetan ere ikusi dugulako dokumentuak erre edo desagerrarazi egin dituztela», adierazi du.

Bigarren aukera

Interpretazio bat egin du, datuak, txostenak, sumarioak eta testuingurua ikertu ondoren. Aipatu bezala, 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten Mikel bere kideekin batera, goizeko ordu bi eta erdietan. «Berehala sartu zuten baineran eta handik gutxira hil egin zitzaien. Hor parte hartu zutenak bi urte lehenago Lasa eta Zabala desagerrarazi zituzten berak izan ziren. Sumarioan azaltzen dira beren izen-abizenak: Dorado Villalobos, Bayo Leal, Sandoval... Rodriguez Galindo buruari abisatu zioten eta honek Guardia Zibilaren Informazio buruari deitu zion, Andres Cassinellori».

«Krisi talde bat osatu zuten eta bertan aztertu zituzten egon zitezkeen aukerak. Lehen aukera Mikelen gorpua desagerraraztea zen, baina Lasa eta Zabalaren kasua indarrean zegoen eta desgaste handia ekarri zien Guardia Zibilari eta Estatuari berari. Bigarren aukeraren alde egin zuten orduan: Mikelek ihes egin zuela esango zuten».

Atxilotu eta bi egunera, Madrilgo epaitegi batean aurkeztu zuten ihesaren kontakizuna. Bertze krisi talde bat sortu behar izan zuten, Mikelen ihesa nola antzeztu erabakitzeko. Horretarako, garai hartan erabiltzen zuten abokatua etorri zen Gipuzkoara, Jorge Argote. Garai hartako Gipuzkoako gobernadoreak, Julen Elgorriagak, Rodriguez Galindok berak eta Luis Roldanek ere parte hartu zuten asmakizunean. Mikelek eskapo egin zuen toki gisa Endarlatsa aukeratu zuten, astero ibiltzen baitzen paraje honetan Guardia Zibila entrenamenduak egiten.

Antzezpena eraikitzen

Krisi talde hura handitu egin behar izan zuten Mikel Bidasoa ibaian ito zela antzezteko. Barne ministroari jakinarazi zioten bileraren berri, baita Ramon Jauregi estatu ordezkariari ere. Batzuen ustez, Jauregi izan daiteke GALen giltza, eta ez Felipe Gonzalez, Egañak agertu duenez.

Bere arabera, Mikelen gorpua hozkailu batean mantendu zuten eta mediku baten partaidetza beharrezkoa izan zen. «Ibaiko ura sartu behar izan zioten, han ito zela frogatzeko. Nire ustez, Lesakan hartu zuten ura. Bertan, kasualitatez, produktu kimiko batek egin zuen ihes ibaira egun horretan eta hori izan zen Mikeli autopsia egin ziotenean biriketan eta urdailean azaldu zitzaiona, Endarlatsan ez zegoena, baina Lesakan bai».

Ondotik, Mikelen gorpua Madrilera eraman zuten gehiago ikertzeko. Normalean, bidea anbulantzia batek egiten du, baina Mikelen kasuan Polizia Nazionalak eraman zuen. «Bidean, norbaiti bururatu zitzaion sinesgarritasun gehiago emateko Endarlatsako ibaiko ur tanta batzuk botatzea Mikelen arropan. Tanta horietan alga mikroskopiko batzuk zeuden, eta autopsia egiterakoan arropan azaldu ziren, baina ez biriketan eta urdailean. Beraz, nabarmenak ziren gezurraren frogak, baina epaileek ez zituzten ontzat hartu».

Mikelen gorpua Endarlatsara ekarri zuten egunean, ehiztari bat zebilen hemen eta inputatu egin zuten. «Ziur aski presioak jasoko zituen epaiketan ez baitzuen ezer deklaratu. Gorpua azaldu zen egunean, abenduaren 15ean, goizetik izugarrizko kontrola jarri zuten. Bazen apaiz bat egunero Donostiatik Berara joaten zena eta kontatu zuen guardia zibil pila bat ikusi zituela paraje honetan egun horretan. Antzezpena prestatzen ari ziren».

Ez zituzten torturak aipatu, ez zituzten torturak onartu. Aste horietan, Donostian, guardia zibilen aurkako bi epaiketa izan ziren, bi forentsek kide batzuk torturatuak izan zirela frogatu zutelako. Horietako bati, Luis Molesi, lehergailu bat jarri zioten Intxaurrondoko guardia zibilek Mikel atxilotu baino hamar egun lehenago, eta bi hilabete lehenago Paco Etxeberriari kotxea erre zioten.

Ekitaldi nagusia, igandean

Zauriak sendatzen lagundu nahirik, kontuan hartuz izugarrizko lana egin dela isiltasunean mantendu nahi izan diren pasarteak azaleratzeko, herri mugimenduak bere ekarpena egiten jarraituko duela erranez amaitu dute ekitaldia. «Isiltasuna alde batera utzi, eta memoria berreskuratzea eta gure historia kontatzea da gure eginkizuna», adierazi du Nahia Senper aurkezleak, tunela irrintziz eta txaloz zartatu aurretik, egia, justizia eta erreparaziorako argi bila.

Igande honetan, abenduak 14, Donostiako Bulebarren eginen da ekimen honen ekitaldi nagusia, 12.30ean. Horren aitzinetik, ostiralean, ‘Non dago Mikel?’ dokumentala emanen dute Berako Espidobaita elkartean.