Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«Non dago gidaria?» pankarta daraman autobusaren bira Intxaurrondotik abiatu da

Duela 40 urte atxilotu zuten Mikel Zabalza; ordutik ez zen bere ogibidea zen autobusera itzuli. Haren lankideek, lagun eta senideekin, bere garaian protestarako erabilitako autobusaren erreplika egin dute egia, aitortza eta erreparazioa herriz herri eskatzeko. Intxaurrondokoa izan da lehen geltokia.

Mikel Zabalza gogoratuko duen autobusaren bira koartelaren aurrean agertu da.
Mikel Zabalza gogoratuko duen autobusaren bira koartelaren aurrean agertu da. (Gorka Rubio | Foku)

Autobus bat pankarta batekin: «Hemen ez dago gidaria. Non dago?». Helmuga jarri ohi duen pantailan «Mikel Zabalza 40 urte gogoan». Halaxe abiatu da Mikel Gogoan herri ekimenak, Egiari Zor Fundazioaren, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen eta Dbuseko langile batzordearekin elkarlanean osatutako autobus bira Intxaurrondotik. Galdera potoloa izanagatik, geltokiz geltoki argitzeko eta egia, justizia zein erreparaziora iristeko bidea egiteko prest dira lagun, lankide eta senideak.

Lau hamarkada igaro dira Mikel Zabalza orbaiztarra eta Donostiako Udaleko langilea bere Altzako etxean atxilotu eta bizirik eraman zutenetik. Pasa den igandean argitaratu zen 7Kn Zabalzaren historia bere lankideen ahotik. Asteazken honetan bertan Estatu espainoleko Kongresuan izan dute mintzagai, Sekretu Ofizialen legea gorabehera.

Intxaurrondon, ordea, lankideak, senideak eta Donostiako Udaleko ordezkari politiko ezberdinak elkartu dira –EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrkein Podemos– egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko. «Sekretu Ofizialen legea bezalako tortura eta tratu txarrak estaltzeko indarrean segitzen duten babes tresnak desagertu behar dira», egin dute aldarri eta egia aitortzeko deia egin diete Estatu espainolari zein Guardia Zibilari: «Justizia eta erreparazioari bidea ireki behar zaio zigorgabetasunarekin amaitu ahal izateko».

Autobusaren bira asteazken honetan bertan abiatu da eta Orbaizeta, Aezkoa, Iruñea, Bortziriak zein Altza zeharkatuko ditu. Barruan zenbait testigantza aurkitu daitezke, paneletan idatzita, eta QR kode batekin audioa ere entzungai dago. 

‘Autobus bira’, Donostiako Bulebarrean. (Jon URBE/FOKU)

Guardia Zibilaren kuartelaren parean izan da goizeko ekitaldia; bertan gogoratu dute «Antiterrorista deituriko Legearen pean» Zabalza kuartel horretara eraman zutela, «inkomunikazioa, iluntasuna, ezjakintasuna, izua eta mina». Berarekin batera Idoia Aierbe bikotekidea, bere lehengusu Manuel Bizkai, Ion Arretxe eta bi anaia ere atxilotuak izan zirela ekarri dute akordura, eta guztiek jasan zituztela torturak. Berri lazgarri horrekin batera «albiste ofiziala» heldu zen: «Guardia Zibilak Mikel Zabalza Endarlatsan balizko zulo bat ikuskatzera eraman eta bertan zela, Bidasoa ibaira jauzi egin eta ihes egin zuela. Gobernuaren bertsio maltzur horrekin abiatu zen Mikel Zabalzaren kasua». 

Euskal jendartean halako gezurrak ez zuela sarbiderik izan azaldu dute, eta mobilizazio horietan ikusi zela lehen aldiz autobusa, Donostia zeharkatzen, Gobernu Zibilaren inguruan edo udaletxearen parean geldirik, pankarta batekin: «Hemen gidaria falta da, non dago Mikel?». 

Urrats gehiagoren eske

40 urte daramatza autobusak bidea egiten, eta egindako geltokiak baliatu dituzte aldarri egiteko. Lehen geltokia: Gorpua berreskuratzea, «lorpen bat, tristea, baina lorpena, Mikel desagertuen zerrenda osatzera kondenatua baitzen, bertsio ‘ofizial’ maltzur hori betikotuz». Aitortzaren geltokia ere igaro du autobusak, bidean trabak topatu arren, Nafarroako Gobernuak, Lakuak eta Donostiako Udalak Estatuaren bortizkeriaren biktima gisa aitortu baitute, bide juridikoen atea itxita badago ere. 

Memoriaren geltokia ere igaro du autobusak, eta gogoan izan dituzte Altzan zein Orbaizetan urtero egiten zaizkion oroimen ekitaldiak, baita Donostiako Udalak egindakoak ere. 40 urte beranduago parean dute autobusa: «Euskal Herrian torturatuak izan diren pertsona guztiak presente ditugula erakusteko, eta bide luze hau egin ondoren oraindik azken geltokira iritsi ez garela adierazteko. Azken finean, dagokionak, Espainiako Gobernuak alegia, erantzun gabe segitzen du: Hemen gidaria falta da: Non dago Mikel? Non dago egia?».  

Hori eskatzeko autobusaren bira abiatu dute asteazken honetan; 19:00ak arte Bulebarrrean egongo da ikusgai, baita ostegun eta ostiralean ere: «Testigantza darama bere baitan eta dei egiten diogu tokian tokiko herrikideei eta bereziki gazteenei hura bisitatzera». Abenduaren 14an amaituko da bira Donostian bertan. Dbuseko langileek, orain 40 urte bezala, autobusa eramango dute Kotxerasetik Bulebarrera eta bertan egingo diote harrera Zabalzaren memoria islatzen duen autobusari. 

Idoia Zabalza: «Egia jakiteko edozein aurrerapauso ongi etorria izango da»

Mikel Zabalzaren hiru arrebak eta iloba batzuk ere ekitaldian izan dira, hunkiturik. I doiak azpimarratu du 40 urte pasa badira ere mezua ez dela aldatu: «Egia, justizia eta aitortza eskatzen dugu». Nabarmendu du aurrera urratsak eman direla, biktimatzat onartua izan baita Mikel, baina egia horren «xehetasun asko» falta direla oraindik. 

Balizko Sekretu Ofizialen Legean urratsak eman daitezkeela eta nola hartzen duten galdetutakoan argia izan da: «Egia jakiteko edozein aurrerapauso ongi etorria izango da. Ez dakit zein mailatan eragingo liokeen gure kasuari partikularki, edo oro har tortura sufritu duten guztiei, izan ere, tortura praktika orokorra eta orokortua izan da denbora luzean. Segurtasun indarren egiteko moduak argitzeko lagungarria izan daiteke, lege batekin gauza asko argitu daitezke eta ongi etorria izango da». 

Bestalde, eskerrak emateko ere baliatu du mikrofonoa, urte luze hauetan gizartearen babesa beti izan dutela txalotuz: «Oraindik badago gure memorian, eta inoiz argitu nahi badugu, ezinbestekoa da kasua ez ahaztea».