NAIZ
Bilbo

Frankismoak Sota familiari lapurtutako bi margolan Bilbora itzuli dira

De la Sota familiako kide anitz izan dira Bilboko Arte Ederren Museoan ostegun honetan, frankismoak konfiskatu eta aurten berreskuratu ahal izan dituzten bi artelanen aurkezpenean. Turismoko paradore batean zeuden; horregatik etorri da espainiar Industria, Merkataritza eta Turismo ministroa.

Sotatar ugari gerturatu da museora. Ministroarekin eta erakundeetako ordezkariekin, familia argazkian.
Sotatar ugari gerturatu da museora. Ministroarekin eta erakundeetako ordezkariekin, familia argazkian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Arte Ederretako Museoak Cornelis van der Voort eta Luis de la Cruz y Ríos margolarien garrantzi handiko bi lan aurkeztuko ditu ostegunean, gordailuan eskuratuak. Obra horiek Ramón de la Sota y Llano (1857-1936) euskal enpresaburu nazionalistari konfiskatu zizkioten frankistek, eta, orain, haren oinordekoei itzuli dizkie espainiar Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak.

1937ko urriaren 5ean eta 7an Bilboko Erantzukizun Politikoen Auzitegi Bereziak konfiskatu egin zituen Ramón de la Sota y Llanoren ondasunak, horien artean bere arte bilduma ospetsua, Ibaiganeko jauregian bildua zegoena. Ibaigane bera, egun Athleticen egoitza dena, kuartel militarra bihurtu zen.

Burgosko Kapitaintza Nagusiak 1938ko martxoan ebatzi zuen enpresaburuaren kontrako erantzukizun politikoen espedientea, eta ehun milioi pezetako isuna ezarri zion, frankismoan ezarritako altuena. Konfiskatutako koadroak Burgosera eraman zituzten, lehenik, eta Madrilera, gero; han, erregimeneko zenbait ministroren bulegoetan jarri zituzten apaingarri.

Sota familiak herbesterako bidea hartu behar izan zuen, baina, halere, 40ko eta 50eko hamarkadetan egindako izapideei esker, koadro haietako batzuk jabe zilegiei itzuli zitzaizkien.

Erantzukizun Politikoen ondorioz eratutako gordailuak itzultzeko Magistratu-epaile bereziak 1966ko azaroaren 10eko Indultu Dekretua betez 1969ko martxoaren 10ean emandako auto judizialaren bidez, Estatuko Administrazioari agindu zitzaion itzultzeko bildumako 170 artelan konfiskatu; haien artean ziren Martín Zapaterren erretratua, Goyak 1797an margotua, eta Luis de Morales ‘Jainkotiarra’ren Pietatea, 1568 ingurukoa, eta Bilboko Arte Ederren Museoari utzi zitzaizkion, handik gutxira.

Hala ere, ez zen multzo osoa itzuli, eta ez zegoen koadroetako batzuen kokalekuaren berri; besteak beste, falta ziren ‘Gizon gazte baten erretratua’, garai batean Frans Pourbusi egotzia, eta ‘Maria Kristina Borboikoaren erretratua’, Vicente Lópezi egotzia.

2018an, Ramón de la Sota y Aburtoren oinordekoetako batek ‘Gizon gazte baten erretratua’ aurkitu zuen “Colección artística de Paradores de Turismo” bilduman, eta familiari jakinarazi zion, baita hark berehala erreklamatu ere. Testuinguru horretan, orobat aurkitu ahal izan zuten Maria Kristina Borboikoaren erretratua.

Ramón y Cajal Abogados abokatuak izan dira oinordekoen ordezkari Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioarekiko auzian. Estatuko Turismo Idazkaritzak, aldez aurretik Estatuko Abokatutza Nagusiak aldeko txostena eginda, erabaki du erreklamazioa onartzea, aitortuz oinordekoek dutela koadroen titular gisa lehentasunezko eskubidea, Estatu Administrazioarenaren gainetik, Turespañak ezin izan baitu justifikatu erosketa titulurik eta ez baitzen aplikagarria usukapioa eskuratzeko bide gisa, hainbat hamarkadatan bere esku izan baditu ere.  

Bi koadroak itzultzeko aktaren sinadura eta koadroak emateko egintza ekainaren 17an egin zen, Bilboko Arte Ederren Museoan, eta hantxe gordailututa daude bi obrak, komodatu gisa, haiek ikertzeko eta erakusteko.

Bi lanak daude egoera ezin hobean kontserbatuta, eta doitzeko tratamendu batzuk besterik ez zaizkie egin behar izan; bestalde, haiei buruzko zenbait ikerketa egin dira, bide eman dutenak haien egiletza zehazteko.

Miguel Zugazak, Museoko buruak, erakusketa bat iragarri du ostegunean enpresa-familia horren bildumari buruzkoa. Sota familiak 1919tik du Bilboko Arte Ederren Museoarekin lotura estua; orduan eman zion dohaintzan Mathieu de Noailles kondesaren erretratua koadro zoragarria, 1913an Ignacio Zuloagak margotu eta handik sei urtera Ramón de la Sota y Llanok erosia, orduan sortu berria zen museorako. Familiak Museoarekin izan duen eskuzabaltasunak denboran zehar iraun du, eta bilduma aberastuz joan da bilbotar ontzigile ospetsuaren eta haren familiaren galeriako obrekin.