Urdaibaiko gizonek gogotik ospatu dute duela sei urtetik ospatzen ez zuten bandera.
Urdaibaiko gizonek gogotik ospatu dute duela sei urtetik ospatzen ez zuten bandera. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Eguraldi bikaina lagun, Orioko emakumeek pozarren astindu dute Kontxako Bandera.
Eguraldi bikaina lagun, Orioko emakumeek pozarren astindu dute Kontxako Bandera. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Estropada hasi aurretik, Orioko gizonek trainerua prestatzen.
Estropada hasi aurretik, Orioko gizonak trainerua prestatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Emakumeen estropadak uretan utzi digun irudietako bat, Santa Klara irla gainditu ostean.
Emakumeen estropadak uretan utzi digun irudietako bat, Santa Klara irla gainditu ostean. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Zaleak, Paseo Berrian estropadak ikusten.
Zaleak, Paseo Berrian estropadak ikusten. (Ainara RUEDA)
Orioko zaleak nahiko zaratatsuak izan dira. Irudi honetan, Paseo Berrian.
Orioko zaleak nahiko zaratatsuak izan dira. Irudi honetan, Paseo Berrian. (Ainara RUEDA)
Arraun Lagunak eta Orioko zaleak, ondoan estropada jarraitzen.
Arraun Lagunak eta Orioko zaleak, ondoan estropada jarraitzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Getaria oso denboraldi txukuna egiten ari da eta bere zaleek honela eskertu nahi izan zieten.
Getaria oso denboraldi txukuna egiten ari da eta bere zaleek honela eskertu nahi izan zieten. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Bandera entregatzeko orduan, piraguak itsasontzira gerturatu ziren kaian bertan.
Bandera entregatzeko orduan, piraguak itsasontzira gerturatu ziren kaian bertan. (Ainara RUEDA)
Guardia Zibilak ez zuen arraunaren hitzordu bikain hau galdu nahi izan.
Guardia Zibilak ez zuen arraunaren hitzordu bikain hau galdu nahi izan. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Urdaibai eta Orio, Kontxako Banderako txapeldunak

Bermeotarrek sekulako erakustaldia eman dute eta ez diete aukerarik utzi bere aurkari zuzen Donostiarra eta Hondarribiari. Emakumezkoetan, 2,16 segundoko tarte estua zuen Oriok bere alde eta Arraun Lagunakeko ontziari gailendu zaio, estu-estu –14 ehunengatik soilik–.

Nadeth Agirre eta Gorka Aranberri, Donostiako banderak astintzen.
Nadeth Agirre eta Gorka Aranberri, Donostiako banderak astintzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Urdaibai, sei urte eta gero gizonezkoetan, eta Orio, emakumezkoetan, izan dira 2022ko Kontxako Banderako txapeldunak. Biek irabazi zuten aurreko igandean, eta biak gailendu dira bigarren igandean, trapua etxera eramateko.

Urdaibairen aurkari zuzenena Hondarribia zen, 7,64 segundoko aldearekin, baina "Ama Guadalupekoa" oso atzean geratu da segituan eta orduantxe gerra emateko gogoarekin agertu da Donostiarra, 7,70 segundoko galera zuena aurreko igandetik. Etxeko ontziak sekulako lehen luzea egin du, laugarren kaletik hirugarrenera joz. Urdaibairi ez zitzaion gerretan sartzea komeni, eta berea egiten jarraitu du.

Hala, "Torrekua II.a" ziaboga ematen lehena izan da, baina maniobra horretan Urdaibai hobea izan da eta bigarren luzean lidertza berreskuratu du. Aurreko igandeko eta gaurko abantaila nolako handia zen ikusita, Bermeoko arraunlariek gozatu ahal izan dute azken metroetan, Kontxako badia barruan, lehenik beraien artean eta ondoren jarraitzaile eta herrikideekin merezita ospatzeko.

Gorka Aranberrik zazpigarren Kontxa du bere palmaresean, eta sailkapen nagusi historikoan bigarren postuan ipini da. Zarauzko patroairekin batera honako arraunlariek egin dute gaurkoan estropada: Yeray Cayon, Iker Portugues, Carlos Mañas, Jon Unanue, Ander Zabala, Iñaki Goikoetxea, Mikel Azkarate, Mikel Calleja, David Iglesias, Oscar Andres Medina, Alain Colunga, Iban Martinez eta Gentza Iraitz Zubiri.

Sailkapen nagusiko bigarren postuan Donostiarra geratu da eta Hondarribia hirugarren izan da. Ezin da Getariaren lana aipatu gabe utzi. Gaurkoa ez da gipuzkoarren egunik onena izan, baina aurten Eusko Label Ligara igota eta bertan arituta, sekulako denboraldia egiten ari da. Bestalde, aipatzekoa da Mikel Orbañanos "Ama Guadalupekoa" ontziko entrenatzaileak segituan zoriondu dituela Bermeoko arraunlariak uretan bertan, eta hori beti azpimarratzekoa da.

Kontsolazio txanda: Orio azkarrena, baina Zierbena irabazle

Oriok laugarren postua lortu du sailkapen nagusian, eta hori hiru segundoko zigorra jaso duela gaurkoan. Lehia polita mantendu dute Oriok eta Zierbenak –Kaiku ere gehitu da festara azken luzean– txanda honetako garailea izateko. Lehen luzean «mirotzak» ziren aurrea hartuta zutenak, baina bizkaitarrek ziaboga hobea egin dute eta aurrea hartu dute bigarren luzean.

Lehen postu horretan aritu dira «galipoak», bere kaletik mantentzen zen traineru bakarra izanda, baina Oriok berriro ere hartu du lidertza eta Kaiku atzean pegatu zaio. Epaileak bandera horia atera dio Oriori, baina bazirudien bi ontziak beraien kaletik kanpo zeudela. Gauzak hala, Jose Luis Kortarenek erritmoa moteldu behar izan dute Oriorekin talka ez egiteko.

Maniobra honek indarra eman dio Zierbenari, beste kaletik dena ikusten zuela, baina Borja Gomez patroiaren ontziak ezin izan du Orio gainditu eta «mirotzek» eraman dute txanda. Hori bai, hiru segundoko zigorra jaso dutenez, Zierbena izan da txandako garailea, Orioren, Kaikuren eta atzerago helmugaratu den eta gaurkoan kostatu egin zaion Ondarroaren aurretik.

CXXVII. Gizonezkoen Bandera - Sailkapen nagusia
1.    Urdaibai         38:57.58
2.    Donostiarra    39:13.83        
3.    Hondarribia    39:27.77        
4.    Orio               39:55.06
5.    Getaria           39:56.03        
6.    Zierbena        40:01.96
7.    Kaiku             40:23.08
8.    Ondarroa       40:37.90

Orio, Ligan eta Kontxan nagusi

2022ko denboraldia ez dute erraz ahaztuko Orioko patroi, arraunlari, entrenatzaile, zuzendari edota jarraitzaileek. Euskotren Ligan eta Gipuzkoako Txapelketan nagusitasunez txapeldun izan ostean, igande honetan Kontxako beste Bandera bat gehitu dio klubak bere palmaresari. 2,16 segundoko tarte estua zuten «mirotzek» Arraun Lagunakekiko, eta gaurkoan ez dute hutsik egin. Hori bai, azken unera arte gauzak zaildu dizkio ontzi donostiarrak, 14 ehunen soilik egon baitira bi ontzien artean. Hala, lana biribildu dute oriotarrek eta merezitako garaile suertatu dira beste behin ere kaiaren ingurua eta Urgull mendia bete dituzten milaka jarraitzaileren aurrean.

Alde negatibo bat jartzearren –honela esan badaiteke, behintzat–, Euskadiko Txapelketak utzitako arantza izan daiteke, baina hortxe ere ikusten da Oriok egindako denboraldia bikaina izan dela. Izan ere, Arraun Lagunakek –Kontxako Banderako iazko irabazleak– gauzak oso zail jarri dizkio denboraldian zehar, Ligako lehen zatian parean egonda eta Lekeition jokatutako Euskadiko Txapelketan irabaziz. 

Emakumezkoen ohorezko txanda minutu batzuk beranduago hasi da, lehen irteera saiakeran bandera gorria atera baitu epaileak, baina arazo tekniko batengatik izan da, telebistako errepikapenean ikusi denez, lau traineruek ondo eman baitute irteera.

Ondoren, irteera onean, Orio metroak hartzen joan da pixkanaka. Arraun Lagunak, ordea, aurkari zuzena zena, denbora galtzen hasia zen lehen luzean. Pentsa, ziabogan 5 segundo atera dizkio Oriok Donostiarrari, 6 Arraun Lagunaki eta 14 Hondarribiari.

Bigarren luzean, berriz, gauzak asko orekatu dira. Arraun Lagunakek atzetik aurrera egin du sendo. Oriorekiko segundo batera jarri da, urduritasuna «mirotzei» pasa nahian. Azken metroak oso parekatuak izan dira, baina Orio gailendu da soilik 14 ehunenengatik, aurreko igandean lortutako tarteaz baliatuz, eta txapeldun bihurtu da. Oriotarren negar malkoak traineru gainean nabariak ziren. Azken egunetako eta orduetako urduritasun eta tentsio guztiak agerian geratu dira.

Gaurko eskifaia txapelduna, Nadeth Agirre patroiarekin, honako arraunlariekin egon da osatuta: June Aranbarri, Edith Uranga, Eider Barba, Amaia Arregi, Maialen Aizpuru, Oihane Iraola, Maria Victoria Piñeiro, Ane Arruti, Itxaso Azkonobieta, Marina Sofia Cosci, Tayde Gomez de Segura, Maddi Alkain eta Leyre Garate.

Kontsolazio txanda: Tolosaldea, oso nagusi

Euskotren Ligan aritutako Tolosaldeak erakustaldia eman du kontsolazio txandan eta hirugarren izan da gaurko estropadako sailkapenean –laugarren sailkapen nagusian–. Lehen luzean dagoeneko sei segundoko aldea hartu dute gipuzkoarrek eta zortzikoa izan da ziabogan, momentu horretan lehian ari ziren beste hiru traineruen aurretik.

Bigarren luzean aldeak handitu egin dira eta atzetik Hibaikak beste martxa bat sartu du Galiziako beste bi ontziak atzean uzteko. Hortxe hasi da galiziarren arteko borroka azkena ez izateko. Cabok Chapelari «irabazi» dio lehia hori, Tolosaldea 10:45.00ko denborarekin lehena helmugaratu den bitartean, Hibaikari 13.50 segundo aterata.

XV. Emakumezkoen Bandera - Sailkapen nagusia
1.    Orio                     21:14.32
2.    Arraun Lagunak    21:16.62        
3.    Donostiarra          21:37.80        
4.    Tolosaldea            21:37.83
5.    Hondarribia          21:48.95    
6.    Hibaika                21:56.41
7.    Cabo                    22:02.59
8.    Chapela               22:21.74