NAIZ
Bilbo

EAJk Juan Mari Aburto proposatu du berriro Bilboko alkate izateko hautagai

Ez da ustekaberik izan eta Bilboko alkatetzarako Juan Mari Aburto proposatuko duela baieztatu du alderdi jeltzaleak.

Juan Mari Aburto Bilboko Udalaren osaketan, 2019an.
Juan Mari Aburto Bilboko Udalaren osaketan, 2019an. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

2023ko maiatzean egingo diren foru hauteskundeetarako Juan Mari Aburto proposatu du EAJk Bilboko alkate izateko. Bizkai Buru Batzarrak eta Bilboko Batzar Artekoak izan dira erabakia hartu dutenak. Urriaren 4an hasiko den hautaketa prozesuan eztabaidatu beharko dute helarazitako proposamena.

Alkatetzarako hautagaiaren izenari zerrenda jeltzalean parte har lezaketen pertsonen lehen proposamen bat ere gehituko zaio. Behin proposamena bidalita, Bilboko alderdikide jeltzaleak izango dira aukeraketa honetan azken hitza izango dutenak.

Lehen bozketa urriaren 4an hasiko da eta hile bereko 16an amaituko da. Honetan proposamenak egingo dituzte alderdikideek. Bigarren hautespen aldian, urriaren 27tik azaroaren 10era bitartean garatuko den fasean, Bizkaiko alderdikideek aukeratu beharko dute lehen bozketa aldian proposatu dituzten hautagaien artean.

Juan Mari Aburto Rique (Bilbo, 1961) Zuzenbidean lizentziaduna da eta espezialitate Juridiko Ekonomikoan diplomaduna Deustuko Unibertsitatean. Politika Publikoen Ebaluazioan diplomaduna da ere bai. Administrazio Orokorreko teknikaria da, Bizkaiko Foru Aldundiko funtzionarioa 1985etik. Lakuako Gobernuan Enplegu eta Gizarte Saileko kontseilari (2012-2015) eta Barne Saileko zerbitzuen zuzendari (1991-1994) ere izan zen.

1991z geroztik alderdikidetua, batzarkidea izan zen Bizkaiko Batzar Nagusietan (2011-2012) eta, 2015az geroztik, Bizkaiko hiriburuko alkatea da. 

Honekin, EAJren proposamenen artean Gipuzkoako diputatu nagusia izateko hautagaia nor izango den eta Arabako hautagaien izenak falta dira jakitera emateko.