Euskal Herriko hainbat herri eta auzoetan azken ostiraleko mobilizazioetan, datorren urriaren 8an Donostian Sarek egingo duen mobilizazio eta jaialdi berezian parte hartzeko deia luzatu zuten Sarek eta Etxerat elkarteak.
Deitzaileek emandako datuen arabera, 2.600 lagun baino gehiago mobilizatu ziren bi elkarteek deitutako elkarretaratzeetan, Euskal Herriko herri eta hirietan. Orotara 58 elkarretaratzeren berri jaso zuten, «baina gehiago ospatu ziren. Jakin badakigu kontaketa honetan herriren bat falta dela», erantsi dute.
Sarek eta Etxeratek eskerrak eman nahi izan dituzte ohar bidez «hileko azken ostiraletan presoen eskubideen alde kalera ateratzen diren milaka lagunei, eta berriro ere, azpimarratu nahi dugu mobilizazio sozialak duen garrantzia, bakerako eta bizikidetzarako bidea egiten jarraitzeko».
Datorren larunbatean, hilak 8, Donostian egingo den jaialdiaren bueltan, ‘Etxera bidea gertu’ lemapean ospatuko da. ‘Izan Bidea’ dinamikari amaiera emango dion festa egunak 11.00etan izango du abiapuntua Bulebarrean, ibilbidearen azken kilometroak direnak egiteko.
Ordubete beranduago, eguerdian, Amara auzoko Pio XII biribilgunean manifestazioa abiatuko da helmuga den Illunberantz. Han, 15.30etatik aurrera musikaz gozatzeko aukera zabala izango da: Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Doctor Deseo, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari, Dupla, Sua, Andoni Oilokiegi, Trikidantz, Ttek elektrotxaranga, Porrotx, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus…