Iraitz Mateo

‘Klak’ eta ‘Atzamarra’, helduentzako bi album ilustratu

Elkar argitaletxearen eskutik datoz ilustrazioek protagonismo berezia duten bi liburu. Lau eskuz idatzitakoa izan da Asun Agiriano eta Marina Garciaren ‘Atzamarra’; ‘Klak’, berriz, Maite Gurrutxagak ondu du.

Asun Agiriano, Maite Gurrutxaga eta Marina beraien azken liburuen aurkezpenean.
Asun Agiriano, Maite Gurrutxaga eta Marina beraien azken liburuen aurkezpenean. (Jon Urbe | FOKU)

Antxiñe Mendizabal editorea lagun hartuta aurkeztu dituzte Elkar argitaletxearen azken bi liburuak Donostian aste honetan, album ilustratuak dira biak ala biak. Irudimenez jositako, baina errealitatearekin estuki lotutako istorioak kontatzen dituzte, eta horretarako baliatu dute irudiaren indarra bi kasutan. ‘Klak’-en egilea Maite Gurrutxaga izan da, hitzik gabekoa da liburua. Eta ‘Atzamarra’ren kasuan, berriz, Asun Agiriano arduratu da hitzez, eta Marina Garcia irudiez.

«Klak». Onomatopeia baten hizkiak besterik ez daude liburu osoan. «Album ilustratu mutu» gisa definitu du Mendizabal editoreak, baina hausnarketa asko kontatzen ditu liburuak irudien bidez. «Klak egitea gure ardatzera itzultzeko modu bat da», azaldu du editoreak. Istorioko protagonistak ispiluaren aurrean jarriko gaitu, egungo sistemaren kritika eginez. Hitzaren makulurik gabekoa da, eta isiluneek sortzen dute tentsioa.

Pertsona baten bidaia kontatzen du Gurrutxaga idazleak, «ikusiko den bidaia fisiko bat», baina baita barne bidaia bat ere. Gurrutxagak azaldu du hasieratik hor zegoela barne bidaia hori, haina ia amaierararte ez dela konturatu. Bi urte iraun ditu sorkutza prozesuak: «Korrika abiatzen zen pertsona baten irudiaren ideiarekin hasi zen dena, baina etengabeko aldaketak izan ditu». Aldaketak egon dira marrazkien zirriborroetan, baina baita hitzetan ere; izan ere, hasieran testua zuen istorioak, eta azkenerako hitzak galdu ditu. Albuma prozesuan zehar «oso organikoa» izan dela aitortu du, etengabe bizirik egon den proiektu bat izan delako: «Liburuak berak eskatzen zidan zein zen hurrengo urratsa».

Geroz eta nortasun handiagoa hartzen joan dira Gurrutxagaren ilustrazioak editorearen arabera. Marrazki zehatzal eta tentsioa sortzen dutenak dira. Idazleak aitortu du irakurleari nahi duen geruzan geratzeko aukera irekitzen zaiola liburuarekin: «Lehenengoan ikusi ez duena hamargarrenean ikusi ahalko du irakurleak, nire ustez eta berriz bisitatzeko babeslekuak dira albumak».

Hatz bat falta duen atzamarra

‘Atzamarra’ liburua irudiz eta hitzez osatutakoa da. Hala ere hitz soilak dira nagusi, ez dugu ia juntagailurik topatuko, beharrezko hitzak besterik ez. Editorearen esanetan horrelako proiektuetan zailena hitzek eta ilustrazioek bat egitea da, baina Garcia eta Agirianok lortu dute bi elementuek «lotuan bezala dantza egin dezaten».

Testutik abiatu zen liburua, Agirianok barruan zeukana idatzi zuen, bere iraganarekin lotura duen fikzioa da. Amonarekin ziholala auto batek harrapatu eta amona eta hatza galdu zuen protagonistak; eta galera baten istorioa osatzen da. Bikoteka ikastaroan egin zuen bat Garciarekin, bere testuari irudiak jarriko zizkionarekin. Iruñearrak aurkezpenean aitortu du hasieratik «engantxatu» ziola testuak, eta galdera asko egin zizkiola Agirianori.

Hau ere, etengabean bizirik egon den prozesua izan da. Une oro ari zirelako elkarreraginean; Garciak istorioaren muineraino iristeko deskribatzen zuen baserriaren eta familiaren berri jakin nahi zuen marrazten hasteko. Eta Agirianok bere baserriaren eta familiaren argazki eta bideoak bidaltzen zizkion material gisa.

Baserri giroan kokatutako liburua da, landa eremuak presentzia handia duena. Hori erronka izan zen ilustratzailearentzat, baserriko kontu asko zer ziren ere ez zekielako. «Bideo bidez erakutsi nion zer den txerri aska bat» azaldu du barrez Agrianok.

Idazlearen mundura sartzeko material asko jaso zuen Garciak, eta teknika mixtoa erabiltzea aukeratu zuen orduan ilustrazioak egiteko: arkatza, tenpera eta argazkiak erabiliz. irudi soilak, neurritsuak eta iradokitzaileak erabili ditu batez ere.