Athleticek eta Realak inork galdu nahi ez duen derbia jokatuko dute

San Mamesek gorantz begiratu nahi duten bi taldeen arteko partida erakargarria hartuko du larunbat honetan (20.00). Egun osoko egitaraua izango dute zaleek estadioaren aurreko zabaldegian. Euskal futbolaren festak bat egingo du Euskaraldiarekin, zelaia arigune erraldoia bilakatuz.

Talde bietako entrenatzaileak eta kapitainak San Mamesen elkartuko dira berriro bihar.
Talde bietako entrenatzaileak eta kapitainak San Mamesen elkartuko dira berriro bihar. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Partida handiarekin itzuliko da lehia 1. mailan etenaldiaren ondoren. San Mamesek hartuko du bihar (20.00, ETB1/Gol/DAZN) Athleticen eta Realaren arteko derbia. Inork galdu nahi ez duen ikuskizuna –talde biek hasita, noski–, sarreren salmenta nola joan den ikusita. Zoritxarrez, euria ere norgehiagoarekin disfrutatzeko irrikitan dago, egun osoko festa handia izan beharko lukena mehatxatuz.

Klubek, izan ere, datak eta eskenatokiak eskaintzen duten aukera aprobetxatu nahi izan dute eta gaur martxan jarri den Euskaraldiaren hirugarren edizioarekin bat egingo dute, San Mames arigune erraldoia bilakatuz. Estadioa eta inguruak ere, Athleticek «Athletic Plaza» antolatu baitu, eguerdiko 12.00etan hasiko den jardueraz betetako egitaraua prestatuz. Euskaraldiaren eta Berdinaldiaren karpak egongo dira eta erraldoiak eta zanpantzarrak, puzgarriak, giza-futbolina, txarangak edota foodtruackak egongo dira… baldin eta eguraldia ez bada tematzen kontrakora. Bostetan Bertso-derbia egongo da eta zazpiretarako komenigarria da zelaira sartzea, Xabi Solanok eta Zigor Dzk kontzertua eskainiko baitute.

Musikari gipuzkoarraren bideoa zabaldu du Athleticek, zaletuak bertaratzeko animatzen, aste osoan zehar egindakoari jarraituz. Jokalari-ohiek, gizonezkoen lehen taldeko jokalariek edota Jon Uriarte presidenteak berak grabatu dituzte sare sozialetan zabaldu diren bideotxoak, derbian eta, bidebatez, Euskaraldian partehartzeko animatzeko.

Ikuskizuna

Baina festak ez luke inolako zentzurik izango, arratsaldeko zortziretan futbol partida bat hasiko ez balitz. Eta ez nolanahikoa. Derbi bat da eta, printzipioz, azken urteotako parekatuena izan daiteke, talde biak nola iristen diren kontutan hartuta.

Azken jardunaldian sufritu zuen Realak denboraldiko lehen porrota baina ohorezko postuetatik oso gertu jarraitzen ari da eta pixkanaka gerturatzen doa iaz eskaini zuen joku maila ikusgarrira. Kontrako bidea eginez dator Athletic, egutegi gogor batean asko penatu ondoren, egoerari buelta emateko gaitasuna izan baitu, Tenerifen –bere historian lehen aldiz– eta Valentzian jarraian irabaziz. Motobazio extra dute bizkaitarrek, azken urteotan kolore zuri-urdinak izan dituen derbia irabaziz gero Realarekin berdinduko baitute sailkapenean.

Iraia Iturregik «intentsitate eta ordena defentsiboa» mantentzearen garrantzia azpimarratu du. «Eta gainera ausartak izan behar gara baloiarekin. Badakigu inoin izan dugun talde gazteena daukagula aurten baina talde honek potentziala du, behetik handira joan behar dugu eta bide horretan jokalariak gero eta erosoago sentitu behar dira eta baloiarekin eta baloirik gabe gero eta ausartagoak izan». Bere ustetan, hor dago partidaren «gakoa» eta baita «ikuskizun on bat eskaintzeko» bide egokia. «Garrantzitsua da San Mames zabaltzea eta zaletuak bertaratzea baina era berean garrrantzitsua da jendea aho-zapore onarekin joatea. Taldeak ausartak eta intentsoak direnean ikuskizuna ona izaten da eta hori gertatuz gero, denok izango ginateke irabazle, emakumezkoen euskal futbolari bultzada bat emango geniokelako. Jendea San Mamesetik beste derbi bat ikusteko gogoz irtetea nahi dugu».

Ados dago Natalia Arroyo. «Nahiago nuke jendea irtetzea hurrengo derbirako sarrerak noiz jarriko diren salgai galdetzen, zein seinale ona izango litzateke». Realeko entrenatzaileak «ondo defendatzearen» garrantzia nabarmendu du. Gainera, «jokoa menderatzea gustatzen zaigu eta horrela egiten saiatuko gara. Oso adi egon beharko gara trantsizio baterako atea irekitzen dien baloi-galeren aurrean, jokalari bertikalak baituzte eta partida erabat kontrolatuta duzula dirudienean, arazo bat sor diezazukete». Beraz, «oso oso konzentratuta egon beharko gara. Eta gure abantailak bilatzen saiatu behar gara eta, lortzen dugunean, askotan eta etengabe gertatzen saiatzea, eurek pitzadurak aurkitzeko astirik izan ez dezaten».

Naroa Uriarte bueltan

Derbiaren atariak albiste on bat ekarri du, bere azken partidutik hamaika hilabetera, eta kirofanotik birritan pasatu ondoren, Naroa Uriarte deialdira itzuli baita. Defentsarekin batera, Yulema berreskuratu du ere Iraia Iturregik. Irene Oguiza, berriz, deialditik kanpo geratu da Marta Uzuerekin batera. Donostiarren aldetik, Allegrarena da baja bakarra.