Maitane Aldanondo
Entrevue
Beatriz Ilardia
Abokatua

«Alde penala aldatu da, baina muinera ez bagoaz, gizartea ez da sekula aldatuko»

Bea Ilardia 2003an kolegiatu zen eta sortu zenetik txanda bereziko abokatua da. Lankideak eta biek emakumeen aurkako indarkeria kasuak eramaten dituen Magala abokatu bulegoa hartu zuten. EH Bilduko batzarkide gisa salatu izan du emakume horiek Administraziora jotzean bizi ohi duten oztopo segida.

Bea Ilardia.
Bea Ilardia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeek «labirinto burokratiko bat» pairatzen dutela salatu izan duzu. Zein da ibilbide hori?

Emakume horiek leku askotatik jotzen dute Administraziora. Gizarte zerbitzuen baliabideak erabiltzen dituztenek harreman handia izaten dute gizarte langileekin eta gauza asko kontatzen dizkiete edo atzematen zaizkie, sarri honen berri izaten dute. Osasungintzako langileen bidez ere sarbide bat izaten dute. Maiz eurek ez dute salatzen, baina gauzak kontatzen dituzte edo medikuek sumatzen dute zerbait badagoela. Salaketa bat jartzea erabakitzen duenean, komisariara edo guardiako epaitegira joaten dira. Hor, teorian, txanda bereziko abokatu bat deitu beharko luke poliziak emakumeak deklaratu aurretik. Ondoren, hala erabakiko balu, salaketa jartzen da. Aldentze neurri bat eskatuko balu, paraleloki, 24 edo 48 orduren buruan agerraldia burutzen da Emakumeen Kontrako Indarkeria Epaitegian edo guardiakoan, asteburua bada.

Oso luze egiten da; sarri goizaldean jarri du salaketa eta ordu gutxira epaitegian egon behar du. Lo egin gabe, urduri, beldurtuta... dago. Hitzordua izanda ere, batez beste, bost edo sei ordu pasatzen ditugu han. Leihoak zabaldu ezin dituzten gela batean egoten dira, komunera joan, kafe bat edo ura nahi badute baimena eskatu behar dute. Makina duela urte gutxi jarri dute, Gasteizko Legebiltzarretik erronda bat egin zuten epaitegiek nola funtzionatzen duten ikusteko eta egin zuten gauza bakarra hori izan zen. Guzti horren ondoren, papertxo bat ematen diete biktima gisa dituzten eskubideekin.

Inork ez die azaltzen zer zerbitzutara jo dezaketen edo zer etorriko den ondoren?

Salaketa jartzen dutenean beldurtuta daude eta beldur horrekin amaitu nahi dute, biziraupenean bakarrik pentsatzen ari dira. Baten batek eskaini beharko lioke laguntza erreala, ez «honetarako eskubidea duzu» dioen paper bat. Administrazioaren lana hor hasi beharko litzateke, ondoan pertsona bat egonda bere erritmoak errespetatu, bere beharrizanak aztertu eta labirinto horretan laguntzeko. Berotasun eta laguntza horrek fisikoa ere izan behar du. Figura hori eskatu zuen EH Bilduk, erreferentziazko pertsona bat, lehen minututik gidatuko duena burokrazia korapilo horretan, ze behar dituen ikusiko duena, ez direla paper batean agertzen direna, zehatzak baizik.

Salaketa bat jartzen dutenean ez da eraso bat jasan duten lehen eguna, zaurgarritasun egoera itzel batean daude. Sarri askotan ez dakite nola bideratu beraien bizitza, nola aterako diren, ez daukate aldez aurretik pentsatutako planik. Horri gehitzen badiozu ume txikiak dituztela, bakartuak daudela, familiarik ez daukatela, arazo ekonomikoak dituztela edo hizkuntza ez dakitela...

Zer gertatzen da emakume horiekin?

Behin emakume marrokiar bat artatu nuen, oso muturreko egoeran bizi zena. Hain larria zen egoera, bere senarra hiltzen saiatu zela. Gaztelaniaz ez zekienez, epaiketa egunean itzultzaile bat ekarri zioten, baina konturatu ginen ez zuela beste inolako laguntzarik eskatu. Horregatik, itzultzailea eta biok gizarte zerbitzuetara bideratzea erabaki genuen hurrengo astean. Aldundiko arreta sikologikorako hitzordua hartzen ere saiatu ginen, baina ukatu egin ziguten ez zuelako ez gaztelaniaz ez ingelesez hitzegiten. Beraz, hainbat emakumek aipatzen du, ibilbide judiziala amaitu eta gero, emaitza jakin izan balu, ez lukeela salaketarik jarriko. Horrek agerian uzten du guztion porrota, administrazioak ez duelako lortzen egoera horretatik ateratzeko emakume hauek dituzten beharrak asebetetzen.

Salaketa jarri izana damutzen zaie.

Salaketak tresna izan beharko luke, giltza bat. «Zuk pauso bat eman eta gu hemen gaude; ez zara eroriko. Administrazioek igortzen duten mezua da salatzeko, badirudi helburua dela emakume gehiagok egitea. Baina inork ez du jasotzen ondoren gertatzen zaienari buruzko daturik. Non daude? Galdetu al diegu berriro egingo luketen? Zerk huts egin du zure kasuan? Ondo joan al zaizu? Ez dago daturik. Zergatik ez? Emaitzak oso garratzak izango liratekeelako.

Batzuentzat salaketa da irteera, beste batzuentzat dibortzio soila nahikoa da. Emakume hori da erdigunean jarri behar duguna, galdetu beharko zaio eta ikusi bere benetako beharrizanak zeintzuk diren; agian, ez da salaketa jarri eta prozesu horretatik pasatzera behartzea. Beste gauza batzuk jartzen ditugu erdigunean.

Kosta egiten al zaie gertatutakoa onartzea?
Emakume bati gehien kostatzen zaiona bere burua tratu txarren biktima bezala ikustea da. Ubeldutako begi bat ez bazuen, ez zuen ikusten. Hori aldatu da, ikusi da beste indarkeria batzuk ere badirela; baina iruditzen zait pedagogia falta dela. Legearen ontasunen artean, integrala dela dago, baina garatu den bakarra alde penala da: epaitegi berezituak sortu, prozedura penala aldatu... Hezkuntzan edo osasungintzan ez da ezer egin, eta hor egin behar zen. Alde penala adabakia da gizartea aldatu bitartean; muinera  ez bagoaz, ez da sekula aldatuko. Umeak txikiak direnetik ez badugu lantzen indarkeria gabeko gizarte bat sortzeko kontzientzia, ez da ezer aldatuko.

Marraztu duzun bidea gogorra eta hotza da. Nork egiten die huts emakume horiei?
Iruditzen zait denek. Ez diot borondaterik ez dagoenik, baina gakoetako bat formazio falta orokorra da: poliziak, abokatuak, epaileak, fiskalak, Osakidetzako langileak... Denoi falta zaigu heziketa berezitu eta jarraitua, eta horrek ondorio pila dakartza. Emakume hauekin lanean dabiltzan langile guztiek behar dute, jakiteko norekin ari diren: kontraesanak dituela bere lekukotzan, beldurrak, ziur asko koherentzia falta, urteetan bizitakoagatik; hitz jarioa edo isiltasuna, ez dio garrantzia ematen garrantzia eman beharrekoari... Hau da, sistemarentzat ez dago biktima perfekturik. Sintomatologiaren zantzuak dira. Enpatia sentitu behar dute, gizatasuna, berarekin gaudela, badutela nori eutsi; eta ez dute sentitzen. Etengabe epaitzen ditugu konturatu gabe eta eurak lotsatu, beldurtu... egiten dira eta berriro barrura jotzen dute, isolatu egiten dira. Eta eraso sexualen kasuan lazgarriagoa da, are gehiago sumisio kimikopean bada; oso kuestionatuak dira hasieratik.

Bea Ilardia. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Sistema patriarkala birkokatu egiten da etengabe»

Azken urteotan, indarkeriarekiko jarrera aldatu bada ere, egiteko asko dagoela uste du Ilardiak; izan ere, lortutako aurrerapausoen aurrean, horien aurka egiteko mezu eta oztopo berriak sortzen ditu matxismoak.

Gabezia handia izanda ere, egoera hobetu denik nabaritu al duzu?
Gizartean beste betaurreko batzuekin ikusten dugu indarkeria, garai batean onartzen zena egun ez da toleratzen. Ezin dut nire emaztea jipoitu eta kontatu. Hala ere, nire sentsazioa askotan da formak baino ez direla aldatu, gauza batzuk bai, baina asko hobetu behar dira. Egia da ere matxismoa, sistema patriarkala birkokatu egiten dela etengabe. Aurrerapauso bat egiten badugu, beraiek egoerara moldatzeko beste bat.

2004ko lege integrala indarrean sartzea inflexio puntu bat izan zen, kontzientziazio garaia. Sistemaren beste aldeak zer egin zuen? Birkokatu. Nola? Salaketa faltsuak. Hutsaldu egin behar zen arazoa: 1.000 salaketatik 500 absoluzioak direnez, 500 faltsuak dira. Emakumeek salaketa faltsuak egiten dituzte gaiztoak direlako, sorginak, bikotekidea kaltetu nahi dutelako... Mezu hori barruraino sartu zen, nahiz eta enpirikoki frogatu ez dela horrela, salaketa faltsuak %0,07 direla.

Ondoren, zaintza partekatua izan zen. Zaintza eskatu behar den eskubidea da, hau da, epaileak ezin dizu eman eskatu gabe. Gizonezkoek normalean eskatzen ez zutenez, ez zieten ematen; baina mezua zen epaileek kustodia beti amei ematen zietela. Eskatzen dutenak direlako! Falazia hori barruraino sartu zen. Emakumeak gaiztoak gara eta haurrentzat onena partekatutako kustodia da. Noski, baldin eta familia horretan hala izan bada. Zer arrazoi dute seme-alabekin egunero, une oro, egoteko aukera izanda ez egin eta dibortziatzerakoan hori nahi izateko? Agian, beste helburu bat dago atzean? Eta azkenik, Guraso Alienazioaren Sindromearekin ere topo egiten dugu.

Legeak ondo babesten al du biktima?
Beharko luke, kontua da nork interpretatzen duen eta nola. Gaur egun, adibidez, legeak baimentzen du erasotzaileak eta bere umeek harremanik ez izatea, baina ze epailek eteten du? Familia ez da ukitzen, gauza guztien gainetik dago. Teorian, adin txikikoaren ongizateak beharko luke, baina horren gainetik aitaren eskubidea dago. Epaile batzuek esaten dute: «Ume batentzat onena aita eta ama bana izatea da». Aita biolento bat ez da inoiz aita on bat izango. ‘A priori’, haurrek etxean indarkeria ikusi izana ez da nahikoa arrazoi, aitak zuzenean eraso egin behar izan die edo harremana kaltegarria izango dela dioen txosten teknikoa behar da.

Save The Children-en datuen arabera, lau neskatatik bat eta zazpi mutiletatik bat abusatua da. Pentsa dezagun gure inguruan zenbat haur abusatu eta heldu abusatzaile dauden. Abusuen gehien-gehienak familia barruan edo inguru hurbilean egiten dira, eta sarri aita da abusatzailea. Frogatzea oso-oso zaila da, ez delako indarkeriaz egiten, umeak ez du zantzu fisikorik... Aitaren hitza seme-alabarenaren kontra da eta maiz zalantzan jartzen da haurrarena edo ez dute hitz egiten. Ondorioz, absoluzioak eta artxiboak datoz; baina ez errugabea delako, baizik eta frogarik ez dagoelako.

Ondoren, umeak ez badu aitarekin joan nahi, absolbitua izan bada ere, amari egozten zaio umea manipulatu izana, hau da Guraso Alienazioaren Sindromea. Amen papera izugarria da: edo bortxatzaileari haurra entregatu edo kendu egingo diote.