NAIZ

Andoainen N-I eta A-15 errepideen loturarako dirua lortuta, arduraz jokatzea eskatu dute

Estatu espainolaren aurrekontuetan Andoainen N-I eta A-15 errepideen arteko loturan konponbidea lortzeko aurrekontu-saila onartu eta gero, arduraz jokatzea eskatu diete bertako kaltetuek Andoaingo Udalari eta Gipuzkoako Aldundiari.

Auzokideen kezka, agerikoa berriro ostiral honetako agerraldian.
Auzokideen kezka, agerikoa berriro ostiral honetako agerraldian. (Gorka Rubio | Foku)

Andoainen N-I eta A-15 errepideen arteko lotura jasangarriagoa izateko 476.000 euroko kontu-saila onartu berri dute Estatu espainoleko aurrekontuetan. Errepideen arteko lotura egiteko trazadura-proiektua idazteko erabiliko da diru hau, Andoainen eta ukitutako egungo espazioen aprobetxamendua eta berroneratzea, ingurumenaren, klimaren, energiaren, uraren, mugikortasun ez-motordunaren eta abarren esparruen tresnak hornitzeko.

Honekin batera, dirua «N-I errepidearen egungo trazadura bezalako problematika konpontzeko, eta Andoainen dagoen giza komunitateari etorkizuneko egoerei behar besteko kaudimenarekin aurre egiteko berme nahikoak emateko» izango dela nabarmendu dute kaltetuek gaur egin duten agerraldian.

Aurrekontu-saila EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa batek ahalbidetu du, eta horregatik eskerrak eman dizkiote koalizioari, baita horren alde bozkatu duten alderdiei: PSOE, Unidas Podemos, ERC, EAJ, Mas Pais eta Compromis.

Hemendik aurrera, Andoaingo Udalari «arduraz eta erantzunkizun handiz» aritzea tokatzen zaiola gaineratu dute.

«Aurrerantzea guztion ahalegina eta helburu nagusia izan beharko litzateke N-I eta A-15 errepideen arteko loturararko irtenbide bat izatea, andoaindar gehienen oniritzia izango duena, eta, beharrezkoa izanez gero, horretarako kontsulta lotesle bat egitea», nabarmendu dute.

Hori dela eta, Gipuzkoako Aldundiari irailaren 12an Andoaingo Udalbatzak onartu zuena errespetatzeko eskatu diote. «Bertan, bigarren puntuan, indarrean dagoen HAPOn ezarritako helburuekin bat datorren proiektu berri baten eguneratzea berriz pentsatzeko CII proiektua deiturikoaren prozedurak geldiaratzaea eskatzen da», gogoratu dute.