NAIZ

Nazioarteko ikertzaile eta inprobisatzaileak izango dira Bertsolari Txapelketako finalean

Abenduaren 18an Iruñean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean nazioarteko ikertzaileak eta inprobisatzaileak izango dira, Kataluniakoak, Galiziakoak, Brasilgoak eta Sardiniakoak, besteak beste.

Hainbat inprobisatzaile eta aditu gonbidatu dituzte Iruñean ospatuko den finalera.
Hainbat inprobisatzaile eta aditu gonbidatu dituzte Iruñean ospatuko den finalera. (Bertsozale Elkartea)

Kanta inprobisatuaren alorrean adituak diren ikertzaileak eta inprobisatzaileak izango dira abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean. Besteak beste, Kataluniatik, Galiziatik, Brasiletik eta Sardiniatik etorriko dira.

Bertsozale Elkarteak dioenez, «munduan badira bertsolaritzaren kasuan bezala hitzaren jolasa maite duten hainbat kantu inprobisatu». Hortaz, hauek ordezkatzen dituzten zenbait elkartetako ordezkariak izango dira finalean. Kataluniako Cor de Carxofa eta Glosadors de Mallorca, Galiziako Oral regueifa elkartea, Madeirako Xarabanda eta Sardiniako cantadori-en lana sustatzen duen Cordinamentu Artes Musicales et Poeticas de Tradizioni Orali de Sardigna elkarteetako kideak, hain zuzen.

Batzuk ezagunak direla azpimarratu du Bertsozale Elkarteak. Esate baterako, Maribel Servera glosadorea 2016ko Europa bat-batean egitasmoan izan zen kantuan eta Sardiniako cantadori-en eta bertsolarien harteko harremanean garrantzitsua izan den Paulu Zedda, zenbait finaletan ere egon dena.

‘Regueibertso’ programa ere nabarmendu dute. Bizkaiko Bertsozale Elkartetik Galiziako regueifarekin harremana sortzeko bi herrialdeetako ikastetxeetan garatzen den programa, alegia. Galiziako gonbidatuetako bat Sechu Sende da.

Ikertzaileak

Ikertzaileei dagokienez, Korsikako kanta inprobisatua aztergai duen Giovanni Ragni, Brasilgo inprobisatzailea eta doktoregaia den Edmilson Ferreira, puntu kubatarrean aditu den Amaya Carricaburu edota bertsolaritzarekiko interes berezia duten Oviedoko Unibertsitateko Jesus Fernandez antropologoa eta Columbiako Unibertsitatetik datorren Rafael Yuste neurologoa, besteak beste, Iruñeko finalean izango dira.

Nevadako Unibertsitateko Renoko Euskal Ikergunea ordezkatuz Jon Sarasua bertsolari eta ikertzailea, Nafarroako Unibertsitateko Alfredo Asiain ikertzailea edota EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendaria den eta bertsolaritza generotik ikertu izan duen Jone Miren Hernandez ere bertan izango dira.

1990ko hamarkadan hasi zen Bertsozale Elkartea munduko beste inprobisatzaile batzuekin harremanetan. Koldo Tapia orduko ordezkaria eta Andoni Egaña bertsolaria Mexikora joan ziren orduan, Veracruzera, kantu inprobisatuen topaketa batera. 2003an, Euskal Herrian antolatu zuen Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketa. Eredu berari helduz, Europa bat-batean topaketak egin ziren 2016an.