Entrevue
Joanes Illarregi Marzol
Bertsolaria

«Lasaitasunez eta nire buruari jolasteko aukera emanez igo nahi nuke oholtzara»

Leitza, 1999. Lehenengo Euskal Herriko Txapelketa Nagusia, lehenengo finala. «Deus espero ez duenarentzat poz handia da bertan kantatzea», dio.

Joanes Illarregirentzat lehen finala izango da.
Joanes Illarregirentzat lehen finala izango da. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Lehen txapelketa izan duzu, eta zuzenean finalera.

Prozesu bezala buelta asko emanda bizi izan dut txapelketa. Finalera iristea hasieran inondik inora espero ez nuen zerbait zen eta azken egun hauetan ia egunero, edo hobeto esanda, ia orduero horretan pentsatzera pasatu naiz. Luze xamar joan zait eta planteatu ere egiten ez nuen egoera izatetik, nire bizi guztiko amets bat zena egia bihurtzera pasatu da.

Ezer galtzekorik ez duenak dena duela irabazteko esaten da. Hori da zure kasua?

Txapelketa den heinean eta puntuazioari edo postuei begira ez daukat deus galtzeko, ez, baina nik uste horrelako egun handi batean badagoela zer irabazi, noski; baina baita zer galdu ere. Azken batean, bertsolari askorentzat litzateke ohore bat edo sari handi bat finalean kantatzea, baina zortzirentzako dago tokia eta egokitu zaigu egokitu zaigunoi, pasatu garenoi.

Lau urtetik behin egiten den horrelako ekitaldi handi batean maila bat eman behar dela uste dut, eta zer galtzekoa badagoela bertsoari begira jarriz gero. Niretzako egun hori ez gozatzea, ez borobiltzea eta entzuleari merezi duena ez ematea galtzeko modu bat izango litzateke, adibidez.

Eta baduzu presiorik?

Postuei eta puntuazioei ez diet begiratuko, nik ez daukat ezer galtzeko zentzu horretan, eta ez daukat inongo presiorik. Presioa izatekotan, lehen aipatutakotik dut, saio on bat egitearekin. Oso zaila zait horrelako oholtza batean kantatzea zer den benetan imajinatzea, kontatu didatenagatik dakit zer den oholtza horretan egotea, baina ezjakintasun horrek uste dut presio edo urduritasun puntu bat ematen duela.

Nola prestatu duzu txapelketa hau?

Egia esan, metodoari dagokionez nik beti prestatu izan dudan bezala: bertso eskolara joan, bertan kideekin elkartu eta kantatu, eta ondoren kantatutako hori aztertuz. Analizatu diodanean ez diot bertsoa teknikoki bakarrik, baizik eta baita gaiari zein puntutatik kantatu zaion, nola ikusten dugun gai bakoitza, zer esan dugun eta nola esan dugun… Hau da, bertsoari eta dialektikari tripak atera eta aukera ezberdinak mahaigaineratzen saiatzen gara, eta horiek aztertzen. Hori izan da batez ere nire prestatzeko modua.

Ezberdin sumatu zintugun saio bakoitzean; zuk nola bizi izan zenituen?

Arrasateko saioa esperientzia berri bezala bizi izan nuen; nik uste ez zela saio bero edo erraza izan, baina ni gustura geratu nintzen han egindakoarekin eta orokorrean sentsazio onak izan nituen: lehen txapelketako lehendabiziko saioa zen, eta lehendabiziko egin nuen. Deus espero ez duenarentzat poz handi bat da.

Elizondoko saioan esango nuke orokorrean dena sentsazio ona izan zela, nahiz eta beti dagoen zer hobetu. Asmatu nuen gorputzaldi onarekin joaten, eta bertsotara aurretiazko jarrera onarekin joan nintzen; horrek ekarri zidan gero kantuan gustura eta ongi egitea, baita txapelketan egin nahi nuena egitea ere.

Bilboko saioan, berriz, nik lasai nengoela uste nuen arren, barrutik kirioak dantzan nituela konturatu naiz gerora. Saioan zehar gazi-gozo sumatzen nintzen, eta ganbarako lanarekin gustura geratu nintzen; gutxi gorabehera salbatu izanaren sentsazioarekin amaitu nuen saioa.

Zein gorputzaldirekin iritsi nahi zenuke Iruñera?

Nire ustez ezinezkoa da gorputzaldi bat aukeratu, eta nahi duzun gorputzaldi horrekin iristea saio batera. Baina ahalko balitz, sinatuko nuke Elizondoko gorputzaldi berbera: lasaitasunez eta nire buruari jolasteko aukera emanez; bertsotan dakidan bezala egin ahal izateko.

23 urte eta finalean. Belaunaldi berria indartsu sartzen ari da: «betikoez» gain, aurpegi berriak ikusiko ditugu finalean...

Esango nuke beste urteetatik dexente aldatuko den final bat dela, batez ere azken urteetan finala oso tantaka joan delako aldatzen, finaletik finalera bertsolari bat sartu, eta bat atera… Baina ez da honetan bezala, lehendabiziko aldiz kantatuko duten hiru bertsolari aldi berean sartzea ez da tokatu orain arte.

Belaunaldiari dagokionez, beharrezkoa den zerbait dela esango nuke. Nahiz eta askotan zaila den txapelketan belaunaldi berriak ere bagabiltzala islatzea, horrelako oholtzetan esperientzia beti gradu bat delako, egoten jakitea eta noiz, zer eta nola egin jakiteak asko laguntzen duelako. Baina esango nuke belaunaldi ezberdinak egoteak oro har islatu egiten duela bertso plaza nola dagoen; eta isla hori ez da finala bakarrik, baizik eta aurtengo txapelketa.

«Esango nuke beste urteetatik dexente aldatuko den final bat dela, batez ere azken urteetan finala oso tantaka joan delako aldatzen»

Txapelketaz gain, plazan ere badabil zuen belaunaldia. Nola sumatzen duzu?

Nahiz eta generazio berekoak izan oso estilo, diskurtso eta egiteko modu ezberdinak ditugun jendea gaude. Eta belaunaldi bezala esango nuke hori oso aberasgarria izan daitekeela. Aurreragoko belaunaldiei begiratuta, iruditzen zaidalako bazegoela joera bat generazio bezala izaera edo identitate ‘antzekoagoa’ zeukan jende talde batek osatzekoa, eta gurean uste dut aniztasun gehiago dagoela eta hortik ekarpen dexente egin dezakegula.

Finala Nafarroara lekualdatu dute. Zu ere nafarra zaren aldetik, nola sumatzen duzu egoera?

Final hau Nafarroan egitea nik uste badela eskertza edo aitortza bat azken urteetan Nafarroan egin den lanketari bertsolaritzari dagokionez: bai plaza berriak sortzeko, bai txapelketa indartzeko, gazteak plazaratzeko… Iruditzen zait urteetako lan bat egin dela Nafarroan bertsoaren egoera hobetzeko, eta hein baten lortu dela, eta horren eskertza edo aitortza modura ulertu daiteke.

Badu pentsamendu kolektiboan dagoen sinbolismotik ere nik uste, Iruñean, hiri buruzagi deitzen den horretan, finala jartzeak; jende askorentzat ohorea da, eta ez nafarrentzat bakarrik, euskaldun askorentzat ere bai.

Eta azkenik, hizkuntzarekiko pairatzen dugun egoerari begiratuta, bada zaplazteko moduko bat Nafarroa hiru zonatan bereizi nahi duten horientzat: Nafarroa Arena 14.000 euskaldunez betetzea euskara hutsean egiten den kultur jardun bat entzuteko oso esanguratsua da. Nik uste guretzat, euskaraz bizitzeko hautua egin dugunontzat, gurean berresteko eta indartzeko arrazoi bat gehiago dela; eta beste batzuentzako, begiak irekitzeko eta belarrondoko bat jasotzeko nahikoa arrazoi.

Illarregi, Leitzan, bere jaioterrian. Jagoba MANTEROLA | FOKU

Zure belaunaldia, jada sare sozialen munduan hezitakoa da, bertan ere bizi dela esan daiteke. Bertako kritika, eztabaida, iritziek... zein eragin dute publikoki eta fisikoki plazan kantatu behar duenarentzat?

Gaur egun ia-ia bereizezinak dira bizitza erreala eta sare sozialetakoa edo birtuala. Eta nik uste dut eragin handia duela, gure eguneroko bizitzan oso barrutik bizi dugun zerbait direlako. Esperientzia gehiago duen jendearen gomendioz, txapelketa garaian sare sozialak kendu nituen, denbora galtzeko eta haserretzeko besterik ez zidatelako balio. Eraikitzailetik oso gutxi duten diskurtsoak eraikitzen baitira askotan.

Hala ere, nik uste dut bertsolari batek jakin behar duela horrekin bizitzen, fokupera agertzen garelako, txapelketak dimentsio oso handia hartzen duelako eta albo kalteetako bat ere hori badelako: sare sozialetan zein aurrez aurre gure lanari eta guri buruz hitz egitea. Baina diferentzia da oraintxe norbaitek zerbait esaten badio beste bati aurrez aurre, adibidez, Durangon, niri ez zaidala iritsiko; sare sozialekin, aldiz, hurrengo minutuan agian jakin dezaket. Onartu egin behar da, eta erlatibizatu ere bai.