Entrevue
Maddi Torre
Realeko jokalaria

«Dena ongi egiteaz gain, zortea ere eduki behar da eta zaila da dena ondo irtetea»

Realeko bigarren kapitainak bosgarren urtea du txuri-urdinez. Ligako ibilbidearen ondoren denboraldia «deskafeinatzen» ari bada ere, ez du ilusioa galdu. Ez taldeari dagokionez, «hilabete oso erakargarri» baten aurrean, ez eta bere egoerari dagokionez ere, protagonismo gutxi izaten ari den arren.

Maddi Torre, Zubietan.
Maddi Torre, Zubietan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hilabete beldurgarri batekin hasiera emango dio 2023. urteari Realak, lau astetan zortzi edo bederatzi partida jokatu beharko baititu. Baina beldurrarekin baino, «pozarekin» ekingo diote txuri-urdinek aldapari, Maddi Torrek (Donostia, 1996) dioenez, «hiru egunetan behin jokatzea futbolarioi gustatzen zaigulako, gainera hiru konpetizio desberdinetan... Hurrengo hilabeteak ere horrelakoak izatea nahi genuke; seinale ona izango litzateke».

Oso exijentea izango da mentalki ere, Ligan aukera handirik ez baitaukazue, eta Kopa eta Superkopako partidak hil ala bizikoak baitira. Nola dago taldea alde horretatik?

Ondo, Ligan azken emaitzak txarrak izan badira ere. Baina hilabete hau oso erakargarria da. Superkopak, bi aste barru, zuzenean titulu bat irabazteko aukera emango digu. Eta Ligari dagokionez, nola ez gara motibatuta egongo, urtarrila erabatekoa izan badaiteke? Puntuak galtzen baditugu, Championseko aukeratik urrunegi geratuko gara, baina hori saihestu dezakegu, jokoan egongo diren puntuak atera ahal ditugun puntuak baitira, Real Madriden kontrakoak barne.

Taldea behartuta heldu da urtarrilera, lehen itzulia iazkoa baino eskasagoa izan delako. Faktore anitz dagoela jakinda ere, zein izango litzateke azalpen egokiena?

Ez dakit, baina bai bagenekiela errepikatzea oso zaila izango zela, espektatibak, gureak ere, horiek ziren arren. Dena berdin egiten dugu: entrenatu, lan egin, prestatu... Baina iaz geneukan suertea edo falta zaigu. Hemen bi puntutxo eta han bi puntutxo uzten joan gara, eta horrela oso zaila da. Dena ongi egiteaz gain, zortea ere eduki behar da. Zaila da dena ondo irtetea, horrelako lehiaketa luze batean astero irabazi behar duzulako. Horregatik dauka hainbeste meritu iaz egin genuenak.

Une zehatz batzuetan, hala ere, ikusi dugu taldeak beste aurrerapauso bat eman duela. Bayernen aurkako lehen partida, Johan Cruyffekoa...

Bai baina ez genituen irabazi. Aurpegia ematea, irudi ona, lehiatzea... garrantzitsua da, baina irabazten duenak bakarrik lortzen ditu gauzak. Paper on bat egitea ondo dago, baina, porrota jasoz gero, ez du ezertarako balio.

Partida bi horietan parte hartu zenuen. Baina denboraldia ez da oparoa izaten ari zuretzat. Nola zaude?

Egia esateko, Realean bizi izan ditudan urteak beti izan dira oso biziak, emozioz beteak... Aurtengo Ligako ibilbidearekin pixka bat deskafeinatuagoa izaten ari da. Baina, gainerakoan, gustura eta topera entrenatzen. Fisikoki ondo, eta psikologikoki primeran.

Nolanahi dela, ia protagonismo gabe. Zergatik?

Ez daukat azalpenik, ez dakit zergatik jokatu nuen hasieran eta bat-batean ez. Baina ez du inporta; burugogor samarra naiz. Lanean jarraituko dut, eta Nataliak badaki behar duenerako prest egongo naizela.

Kontratua ekainean amaituko zaizu. Hemen ikusiko zaitugu datorren urtean?

Ez daukat Realaren eskaintzarik. Beraz, oraingoz ez.

Zuk jarraitu nahiko al zenuke?

Nik uste dut nire lekua hemen dagoela eta, gainera, zelai barruan. Baina ez dago nire esku.

Desio bakarra aukeratu ahal izanez gero, horixe eskatuko zenioke 2023ari?

Ba, begira, taldekide askok ez dute ezagutzen udaletxetik dagoen ikusmira, Kontxako bista panoramiko ederra. Eta hori izango litzateke nire desira, nire taldekideek udaletxeko balkoitik Kontxa ikusteko aukera izatea, milaka pertsonak lagunduta.