Porrot banarekin amaitu dute lehen itzulia Realak eta Athleticek

Zuri-urdinak Eizagirreren golarekin aurreratu dira baina Valenciak markagailua irauli du (2-1). Emaitza bera lortu du Athleticek Alhaman, Nekane talde bizkaitarra aurreratu ondoren.

Gaby eta Anna Torroda partidaren une batean.
Gaby eta Anna Torroda partidaren une batean. (LaLiga)

Amaiera gazia izan du Liga Fko lehen itzuliak. Alavesek bere partida galdu zuen atzo eta gauza bera egin dute gaur Realak eta Athleticek, biak markagailuan aurreratu ondoren.

Valencia, 2 - Real Sociedad, 1

Porrota mingarriagoa da Realaren kasuan, seguruenik Txapeldunen Ligarako sailkatzeko izan zitzakeen aukera txikiak Valencian agortu baitira. Kolpe bikoitza donostiarrarentzat, asteazkenean Kopatik kanpo geratu ondoren, eta berehala suspertzeko beharra, asteazkenean Superkopako finalerdia jokatuko baitute Sportingen kontra.

Valenciak hobeto kudeatu du bizitzen ari den egoera delikatua –lau porrot jarraian, aldaketa aulkian…– , indartsu zelairatu da eta, Realak aurrera egin duen arren, orokorrean intentsitate puntu bat gehiagorekin jokatu dute eta arrisku sentsazio handiagoa sortu dute etxekoek, batez ere estrategiako jokaldietan.

Lehen gola, hala ere, Natalia Arroyoren taldeak sartu du. Minutu batzu zeramatzan abisuak ematen, batez ere Mirarik gauzatutako kontraeraso argi batekin, eta 22. minutuan Eizagirren egin du. Mirarekin berarekin konbinatu du kapitainak, bolea indartsu eta kolokatu batekin 0-1ekoa sartzeko.

Poza iragankorra izan da oso. Lau minutu besterik ez ditu behar izan Valenciak markagailua berdintzeko, bere kapitainarekin sinadurarekin ere. Asunek eskumatik erdiratu du eta Marta Carrok oposiziorik gabe errematatu du arean.

Partida zabaldu da, aurkari biak irabazteko gogoekin, baina atsedenaldira heldu da markagailua berriro mugitu barik. Ordurako, Valencia berriro inposatzen hasia zen eta Arroyok aldaketa hirukoitza egin du bigarren zatiari begira, astea «garbia izan duen aurkariaren kontra taldea oxigenatzeko eta jokoari intentsitate gehiago emateko.

Baina Realari gehiago kostatu zaio mina egitea atsedenaldiaren ondoren. Inoiz ez da eroso sentitu, bere burua garaipenetik gero eta gertuako ikusi duen Valenciaren aurka. Eta arrazoia zuten etxekoek, partida amaitzeko hiru minuturen faltan markagailuari buelta eman diotelako. Oso partida ona egin ondoren, Nanclares ez da fin ibili korner bat urruntzeko eta Berta Pujadasek aldaratzea aprobetxatu du arean, boleaz erabateko 2-1ekoa egiteko.

Valencia: Enith; Kerlly, Maria Molina (Angy, 88'), Pujadas, Bea Beltran (Pauleta, 66'); Marta Carro; Asun, Anna Torroda (Ivonne Chacon, 78'), Fiamma, Maca Portales; eta Anita Marcos (Ainhoa, 88').

Real Sociedad: Nanclares; Le Guilly, Etxezarreta, Vanegas, Bernabe (Izarne, 46’); Iris Arnáiz, Maddi (Gemma, 46’); Mirari (Franssi, 46’), Gaby (Jensen, 46’), Eizagirre; eta Amaiur (Nora Sarriegi, 84’).

Epailea: Suárez Gonzalez (Gaztela eta Leon). Txartel oriak erakutsi die Maria Molina (31’); Gaby (25’) eta Gema (79’) jokalariei.

Golak: 0-1, 11.min.: Eizagirre. 1-1, 26.min.: Marta Carro. 2-1, 87.min.: Berta Pujadas.

Gertaerak: Liga F-ko 15. jardunaldiko partida, Antonio Puchades zelaian jokatuta. Realak gorriz jantzi du.

Alhama de Murcia, 2 - Athletic, 1

Emaitza berarekin eman dio amaiera lehen itzuliari Athleticek. Eta donostiarrei gertatu zaien bezela, sentsazioa mingarriagoa izan da markagailuan aurretik jarri delako. Baina Ligan behartutagoa dagoen Alhamak motibazio egokia bilatzen jakin izan du bere egoeran eta hiru puntuak eskuratu ditu, Nekanek sartutako golari buelta eman ondoren.

Ostegunean hamaikakoan aldaketarik egin ez eta oso neurketa intentsoa jokatu zuen arren, Iraia Iturregik oso gutxi ikutu du hasierako hamaikakoa. Zubieta, Eunate eta Nekane besterik ez dira sartu, Mariana, Amezaga eta Paula Arana ordezkatuz. Zuri-gorriek, hala ere, partida hasierako txanpan menderatzeko gaitasuna izan dute. Eta markagailuan islatzeko ere. 21. minutuan, Eunatek –300 partida bete ditu gaur nafarrak Athleticen kamisetarekin– erdiratu du, Sara Ortegak arean eutsi atzera bidaltzeko eta Nekanek jaurtiketa arraso batekin 0-1ekoa egin du.

Kukik eta Nekanek sartu dituzte partidaren lehen bi golak. Athletic Club


Etxekoek ondo erantzun dute eta Athleticek, Fuenlabradan egin zuen bezela, abantaila mantentzera bideratu ditu bere ahaleginak. Baina beti ez da ondo irtetzen eta lehen zatia amaitzear zegoela, Olivia Opreak ezkerretik erdiratu du eta Kuki oso ondo mugitu da area txikian berdinkeeta buruz sartzeko.

Anbizio handiagoa ikusi zaio Alhamari bigarren zatian ere eta 67.ean markagailua irauli du, Raquel Pinel atzelari zuri-gorriak baino bizkorrago ibili baita. Athletici egokitu zaio oraingoan erantzutea eta horrela egin du. Gola ere gertu izan du; oso maiz ez, agian, baina bai oso jokaldi garbi batean, Oihanek zutoinera bidali baitu baloia. Baina ez da sartu eta bizkaitarrak Kopako pozarekin konformatu beharko dira lehen itzuli honen itxieran.

Alhama de Murcia: Laura; Olivia Oprea (Carmen Fresneda, 56’), Lena, Judith, Raquel; Daniela (Carid, 46’), Quintero; Marina (Raquel Pinel, 56’), Kuki (Lucia Martinez, 75’), Helena (Astrid, 4’); y Jade.

Athletic: Mariasun Quiñones; Oihane (Elexpuru, 85’), Valdezate, Bibi, Nerea Nevado; Maite Zubieta, Itxaso; Sara Ortega (Amezaga, 63’), Clara Pinedo (Paula Arana, 63’), Eunate (Mariana, 73’); y Nekane (Yulema, 85’).

Epailea: Gonzalez Gonzalez (Galicia). Eunateri (71’) erakutsi zion txartel oria.

Golak: 0-1, 21.min.: Nekane. 1-1, 44.min.: Kuki. 2-1, 67.min.: Raquel Pinel.

Gertaerak: Liga F-ko 15. jardunaldiko partida, Jose Kubala zelaian jokatuta. Etxeko taldea arrazakeriaren aurkako pankarta batekin zelairatu zen, joan den asteazkeneko Alhamaren eta Levanteren arteko Kopako kanporaketan Mayra Ramirez Levanteko aurrelari kolonbiarrari zaletu batzuek egindako irain arrazisten ondoren.