Manex Altuna

Eibar gora begira; Ordizia eta Gernika, aldiz, eta Aviron Europan, burua altxa ezinik

Eibarrek garaipen garrantzitsua lortu du Sant Cugat taldearen aurka Iberdrola ligan. Gernikak eta Ordiziak, aldiz, galdu egin dute VRAC eta Ciencias taldeen kontra. Avironek ere beste porrot bat jaso zuen Europan Scarlets talde galestarraren aurka Baionan.

Eibarren emakumezkoen rugby taldeko jokalariak.
Eibarren emakumezkoen rugby taldeko jokalariak. ((@eibarrugbytaldea))

Eibarren emakumezkoen ruby taldeak 12 eta 27 irabazi zuen larunbatean Sant Cugat taldearen zelaian. Garaipen garrantzitsua gipuzkoarrentzat Iberdrola ligan aurretik daukaten taldea baita. Denboraldi hasieran puntuak eskuratzeko zailtasunak izan zituen Eibarrek, baina dagoeneko sailkapenaren bosgarren postuan kokatu dira eta gora begira daude.

Bost entsegu egin zituzten eta garaipena bideratuta utzi zuten atsedenaldirako. Eibarrek ireki zuen markagailua eta etxekoek berdinketa ezarri zuten. Aumuak eta Sabrina Poulinek egindako beste bi entseguri esker aldea irekitzea lortu zuten. Sant Cugat estutzen saiatu zen bigarren zati hasieran eta markagailuan gerturatu ziren (12-15). Hala ere, Cid lehen lerrokoak eta Amaiur Mayok egindako beste bi entsegurekin partida erabakita geratu zen.

Otsailean ez da ligako partidarik izango eta martxo hasieran abiatuko da berriro txapelketa. Hirugarren postuan kokatuta dagoen Crealia El Salvador taldea hartuko dute Unben.

Baionako Avironek ere larunbat arratsaldean jokatu zuen etxean. Challenge Cup txapelketako partida jokatu zuten Scarlets talde galestarraren kontra eta beste porrot  mingarri bat jaso zuten (7-20). Europan jokatutako lau norgehiagokak galdu dituzte lapurtarrek. Hurrengo asteburuan Top 14ko partida izango dute Baionan Brive taldearen aurka. Helburua maila mantentzea da.

Bestalde, Biarritzek ez du partidarik jokatu asteburu honetan eta hurrengoan Agen taldearen zelaian arituko dira. Biarritz Pro D2 txapelketako hirugarren tokian dago sailkapen nagusian eta aurrean izango duen taldea laugarrena da puntu bat gutxiagorekin.

Gernika eta Ordizia, burumakur

Gernikak galdu egin zuen Urbietan VRAC taldearen kontra. (@GernikaRT)
Gernikak galdu egin zuen Urbietan VRAC taldearen kontra. (@GernikaRT)

Gizonezkoen Ohorezko Mailan jardunaldi eskasa izan da euskal taldeentzat. Gernikak partidarik irabazi gabe jarraitzen du eta galdu egin zuen VRAC taldearen kontra larunbatean Urbietan (8-22).

Ordizia igande eguerdian aritu da Sevillan Ciencias taldearen kontra eta goierritarrek ere galdu egin dute (33-3). Lehen zatian ondo lehiatu dira eta 7-3 galtzen joan dira atsedenaldira Valentin Cruzek azken minutuetan sartutako zigor kolpe bati esker. Bigarrenean, aldiz, andaluziarrek ligako talde sendoenetako bat direla erakutsi dute eta garaipena erdietsi dute lau entsegu lortu ostean.

Ordiziak Santboiana taldeari egingo dio bisita hurrengo jardunaldian eta Gernikak La Vila hartuko du etxean. Lehen garaipena eskuratzeko partida aproposa izan daiteke, La Vila azken sailkatua baita eta ez du oraindik punturik eskuratu.