Arnaitz Gorriti

Bilbao Basketi al dagokio Baskoniak Euroligako partida galdu izana ordaintzea?

Hamar garaipen dituzte bilbotarrek joan zen igandean Gironari irabazi eta gero. Sailkapenari so eginez gero, ez dirudi ez gorantz ezta beherantz ere egiteko arriskurik dutenik. Gasteizen ACB Ligan behin bakarrik irabazi dute, Txus Vidorretarekin. Zereginik ba al du?

Xavi Rabaseda Maik Kotsar nolabait gelditu nahian aurreneko itzuliko ACB Ligako euskal derbian.
Xavi Rabaseda Maik Kotsar nolabait gelditu nahian aurreneko itzuliko ACB Ligako euskal derbian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Baskoniaren aurka lehiakor izango bagara, neurketaren tonu egokia aurkitu behar dugu», dio Jaume Ponsarnauk. «Lanaren bitartez taldeko rolak eta jokoaren tonua aurkitzen baditugu, nornahiri irabazi diezaiokegu, baita Baskoniari ere. Osterantzean, ahulak gara oso», gaineratu du Tarregako entrenatzaileak ostiralero ematen duen prentsaurrekoan.

Zer esan nahi ote du horrekin entrenatzaile katalanak? «Oktaba» bat gorago jarri beharko duela bere jarreran Saski Baskoniari aurre egiteko? Ez dirudi, inondik ere, Surne Bilbao Basketek irabazteko aukera handirik duenik Buesa Arenara bisita egiten duen aldiro; egia esan, bilbotarrek birritan bakarrik irabazi dute Gasteizen; behin bakarrik ACB Ligan, 2007/08 denboraldian, artean Txus Vidorreta zela aulkian eta Marcelinho Huertas, Fred Weis edo Marko Banic zirela bizkaitarren izarrak –bestea 2011/12ko Euroligan izan zen, Iradier Arenan–.

ACB Ligan 18 bider jokatu dute gasteiztarrek eta bilbotarrek elkarren kontra Zurbaon –Fase Erregularreko 16 neurketa eta play-offetako bi– eta batez beste 14,67 puntuko aldeaz irabazi dute etxekoek. 30 puntu edo gehiagoko aldeaz hiru neurketa amaitu dira –2016ko 108-62 hura gogoan, Baskoniak Europako Errekopa irabazi zueneko hogeigarren urteurrena ospatu zuen martxoaren 6 hartan– eta bost puntu edo gutxiagogatik, berriz, bost, tartean Bilbao Basketek 78-80 irabazi zuen hura eta 2008/09 zein 2011/12 denboraldietako play-offetako partidak.

Nolanahi, azken urteetan Saski Baskoniak nahikoa erraz eraman ditu Zurbaoko derbiak. Azken emaitza 10 puntuz azpikoa izan zen azken partida 2013/14 denboraldikoa izan zen: Rafa Pueyok zuzentzen zuen Bilbao Basket, sekulako diru arazoekin izan arren eta aste osoa entrenatu gabe eman ostean, inork uste baino gogorrago jokatzeko kapaz izan zen eta 76-70 nagusitu ziren gasteiztarrak.

«Erasoan Europa osoan dagoen talderik onena izango dugu aurrean», nabarmentzen du Jaume Ponsarnauk Baskoniari buruz. «ACB Ligako azken 15 neurketetatik bakarra galdu du eta Real Madrili WIZink Centerren irabaztetik dator», nabarmendu du.

Batez beste, Saski Baskonia 90,87 puntu sartzen ditu ACB Ligan, berau izanik leihaketa honetako talderik eraginkorrena erasoan. Bilbao Basketen defentsa, aldiz, ez da txapelketa honetako eraginkorrena, nahiz eta 79,79 puntu jasota batez beste, hamar talde dituen atzetik, Saski Baskonia bera barne –81,95 puntu jasotzen ditu neurketako–.

«Kontraerasoan eta hirukoetan oinarritzen da Baskoniaren erasoko jokorik onena», azpimarratzen du Jeume Ponsarnauk. «Beraz, defentsarako trantsizio lana nahitaez ona izan beharko da eta beraien jaurtiketa bakoitza oztopatzeko nahia ezinbestekoa bihurtzen da. Baina horretarako erasoan lana ondo egitea ere nahitaezkoa da, Baskoniak baloiak ostu nahi handia erakusten baitu eta era berean, Baskoniak partidari gaitasun fisikoari lotuta defentsa indartzen duenean, ondo egon beharko dugu, hori dela-eta galdu baikenuen aurreneko itzulian», ondorioztatu du.

Galtzekorik gabe

Edonork esango luke Surne Bilbao Basketek ez duela zereginik. Hamaikagarren postuan daude Jaume Ponsarnaurenak 10-13 balantzearekin, zortzigarren dagoen Valentzia Basketek baino hiru garaipen gutxiagorekin eta azkenaurreko postuan den Betisek baino bost garaipen gehiagorekin.

Ez hotz ez bero, Bilbao Basketentzat euskal derbi hau «dentistari bisita» egitea lakoa dela pentsatuko du hainbatek, ez daukalako irabazteko egiazko aukerarik, are gutxiago Baskoniak ACB Ligan aurten Lenovo Teneriferen aurka bakarrik galdu duela aintzat hartuz gero, eta osterantzean etxean galdu dituen beste hiru neurketetan –Olympiacos, Bartzelona eta As Monakoren aurka–, fisikoki indartsuago direla erakutsi duten aurkariak gailendu dira Buesa Arenan.

Baina era berean, «biktima» rola hain garbia izanda bilbotarrentzat, eta Saski Baskoniak datorren astean Alba Berlin eta Fenerbahçeren aurkako partidak gogoan izango dituela aintzat hartuta, zer dauka, ba, Bilbao Basketek galtzekorik?

Egia da bizkaitarrek etxetik kanpo aspaldion ez dutela partidarik eraman; hain zuzen, Manresan abenduaren 17an 76-86 irabazi zuenetik. Baina presiorik ere ez du izango eta zale batzuen laguntza ere izango du harmailetan.

Bestalde, Ludde Hakanson bueltan da astearteko FIBAren Txapeldunen Ligako partida jokatu ezinik geratu ostean eta Georgios Tsalmpouris pibot greziarrak bere urruneko jaurtiketei esker min eman diezaioke Saski Baskoniari. Gogoan izan behar da Miribillan jokatu zuten derbian azken minutuetara arte Bilbao Basket bizi-bizirik iritsi zela, eta Markus Howard eta Michale Kyserren artean izan zen ika-mikaren ostean urduritasunak gain hartu ziela bilbotarrei, lasai jokatzen jarraitu beharrean presaka jokatu baitzuten derbiaren azken zatia.

Esan gabe doa bilbotarren ikuspegitik galtzeko gehiago dutela irabazteko baino aurrekariak ikusita, baina galtzekorik ez izateak, azken minutuetara aukerekin iritsiz gero, aurkariaren urduritasuna piztu lezake. «Lanak izango ditugu azken minutuetara derbia berdinean dela iristeko, baina hortxe handituko lirateke gure aukerak. 40 minutu horietan burua derbian izan behar dugu; ez 35, ezta 38 minutu ere. Baina azkenera berdinean iristea lortzen badugu... tira, orduan ikusi beharko zer gertatzen den», eman dio azken epaia Alex Reyes hegalekoak.

Bada, Bilbao Basketi al dagokio Baskoniaren Euroligako porrota ordaintzea? Hori ari bada pentsatzen talde gasteiztarra, agian uste baino derbi gogorragoa jokatu beharko du.