NAIZ

Bidasoak entxufatuta jarraitu nahi du azken sailkatuaren aurka Artalekuko partidan

Irundarren hirugarren postua dute helburu Liga amaitzeko geratzen diren zazpi jardunaldietan. Albiste txarra Jon Azkuek eman du, atzeko lotailu gurutzatua bihurritua eta tendoi errotuliarrean kontusioa baitu, biak ezkerreko hankan, errotulan kolpe bat eman ondoren.

Jon Azkuek lesioa du eta ezin izango ditu hurrengo partidak jokatu Bidasoarekin.
Jon Azkuek lesioa du eta ezin izango ditu hurrengo partidak jokatu Bidasoarekin. (Jon URBE | FOKU)

Bidasoa Irun behetik gorantz egin du azken asteetan Asobal Ligan. Asteazkenean Helvetia Anaitasunaren etxean jokatutako derbian beste garaipen garrantzitsu bat lortu zuen hirugarren posturako lehian, eta larunbat honetan azken sailkatua den Cisne hartuko du Artalekun (17.00). Beraz, aukera ona du puntuatzen jarraitzeko eta Liga amaitzeko falta diren zazpi jardunaldi hauetan helburu bakarrarengatik borrokan jarraitzeko.

Izan ere, Kopatik eta Europatik kapon egonda, Bidasoak Ligan zentratu ditzake indar guztiak. Hirugarren postua bi puntura du momentu honetan Jacobo Cuetararen taldeak. Anaitasunaz gain, Logroño, Guadalajara, Valladolid eta Torrelavegaren aurka irabazi du Bidasoak, eta Ligako txapeldun den Barçaren aurka galdu.

Lehen itzulian Galizian jokatutako partidan irundarrek erraz irabazi zuten (19-28), baina Pontevedrako taldeak ezustea eman zuen duela aste pare bat aurtengo errebelazioa den Cuencaren aurka –lehen itzulekoan ere irabazi zion–. Beraz, kontuz jokatu beharko dute gipuzkoarrek.

Eta Cuetarak badaki aurkariaren arriskuaz. «Asobal Ligako edozein taldek arazoak sor ditzake», aitortu du entrenatzaile asturiarrak. Azken sailkatuari irabazteko «partida ona jokatu behar dugu, kontzentratuta egon behar dugu eta gure mailarik onena erakutsi behar dugu», azpimarratu du Cuetarak.

Aste honetako hirugarren partida izango da Bidasoarentzat, baina honek ez dio kezkatzen entrenatzaileari, «talde honentzat ez baita berria» egoera hau Liga eta EHF European League txapelketetan aritu baita zenbait hilabetetan Bidasoa. Are gehiago, bere taldea «fisikoki oso ondo eta freskotasunarekin ikusten du, eta hori oso garrantzitsua da denboraldiko momentu honetan».

Aste Santuko oporrak izanda, deia egin die Cuetarak Bidasoako zaleei Artalekura joateko bere taldea animatzeko.

Jon Azkue, lesionatuta

Bidasoako entrenatzaileak adierazi duenez, Mihalo Mitic jokatzeko prest egon liteke, nahiz eta ez duen baieztatu, eta Tao Gey duda da azken unerarte, baina baliteke ez jokatzea.

Jokatuko ez duen jokalari bat, seguru, hori Jon Azkue kapitaina da. Klubak ohar baten bidez jakinarazi du «atzeko lotailu gurutzatua bihurritua» duela eta «tendoi errotuliarrean kontusioa» duela, «biak ezkerreko hankan, errotulan kolpe bat eman ondoren». Jokalariak izango duen bilakaerak markatuko du bere itzulera, gaineratu du taldeak.

Gogoratu behar da Azkuek azken denboraldia duela Bidasoan, 11 urtez elastiko horia defendatu ostean, horietako zortzi Asobalen. Larunbatekoarekin zazpi jardunaldi geratuko dira denboraldia amaitzeko; beraz, ikusi beharko da nola osatzen den lehen lerroko jokalaria eta pistan agur esateko aukera izan dezakeen.