Jon Ormazabal

Asperen ordezkoen maila bikaina berretsi du Elezkanok Artola kamuts bat kanporatua (22-19)

Alegiakoa 1-6 aurreratu bada ere, oso lotua aritu da partida osoan zehar, aurkaria frontisetik urrun ibiltzeko zailtasunekin eta motzean Zaratamokoa askoz eraginkorrago aritu da.

Danel Elezkanok Artolak izan ez duen eraginkortasuna erakutsi du Bastidan.
Danel Elezkanok Artolak izan ez duen eraginkortasuna erakutsi du Bastidan. (Endika PORTILLO/FOKU)

«Ez dakit oso bidezkoa den txapelketan horrela sartzea, baina gauzak horrela dira eta nik nire lana egitea besterik ezin nuen egin», aitortu du Danel Elezkanok partida amaitu eta berehala, duela aste pare bat Peio Etxeberriaren kontra galdutako atarikoa buruan. Beste gabeziaren bat agian, baina zintzotasunik ezin ukatu Zaratamokoari, ez oraingoan bere alde erori den EPELen txapelketa hauen araudiaren malgutasuna onartzerakoan, eta are gutxiago esaldiaren bigarren zatian, beti bezala, egoera zail baten aurrean erabateko profesionaltasuna erakutsi baitu, azken orduan deitua izan ostean, bere enpresari beste poz handi bat emanda. Zabaleta eta Rezusta bezalako bi manomanista handi galduta, bazirudien txapelketa ezker hankarekin hasia zuela Eibarko enpresak –gehitu horri Irribarria bezalako beste espezialista handi baten galera–, baina ostiral gauez Elordik egindakoaren bidetik, Elezkanok enpresako pilotarien maila balorean jarri du Iñaki Artolari 22-19 gailenduta.

Bere ibilbide osoan horren ohiko izan duen bigarren mailako aktore lan hori sarri esker txarrekoa den arren, paper horrek gaurkoan presio guztia kendu dio zamatik Elezkanori eta, motxilarik gabe, libre aritu da mamu horiek guztiak gainera etorri zaizkion Iñaki Artola baten aurka. Askotan zergatia zein den ondo jakin gabe, badira pilotari batentzat bereziki deserosoak diren aurkariak eta alegiarrarentzat bizkaitarra horietako bat da, Lau eta Erdikoan ere harri berarekin egin baitzuen tupust.

Eta hori, sakea lagun, Iñaki Artolak bikain ekin dionik partidari. Lehen pilotakada hori asko aldatuz, tarteka zabalera aterata, alegiarrak oso pilotakada gutxitan alde garrantzitsua hartu du markagailuan. Esaterako, 21 pilotakadetan 6-1 aurreratu da Baikokoa, hasieratik oso faborito egiten zuten pronostikoak berretsiz.

Behetik gora

Partida, ordea, erabat aldatu da momentu horretatik aurrera. Peio Etxeberriaren aurka erakutsi ez zuen txisparekin, Danel Elezkanok estu hartu du alegiarra, asko luzatu den piloteoan ere nagusi izanda. Kosta egin zaio Iñaki Artolari pilotari altuera eman eta aurkaria frontisetik urrun izaten eta motzeko joko horretan bizkaitarrak ito egin du aurkaria, errematean oso eraginkor arituta. Ezkerrez ondo ezkutatu ditu zaratamoarrak bere erremateak eta partida berdintzearekin konformatu gabe, bere aldera ekarri du, hasierako bost tantuko alde hori bere aldera ekarriz (12-7).

Eta lanari uko egin ez dion arren, Iñaki Artolari kosta egin zaio markagailua kontra zuela jokatzea. Elezkanok interesatzen zitzaion partida motarekin zalantzarik izan ez duen bitartean, alegiarra inoiz ez da kantxan eroso egon. Pilota atzeratzen asmatzen ez zuela eta, bizkaitarrari hanketara jokatzen markagailuan gerturatzea lortu du, tanto bakarrera era gerturatu da 18-17koan, baina aurkariak izan duen determinazio puntua falta izan zaio. Fisikoki justu antzean amaitu badu ere, Elezkanok gehiago asmatu du azken txanpa horretan ere eta merezitako garaipena eskuratu du.

FITXA TEKNIKOA

Elezkano: 22

Artola: 19

Pilotakadak: 254. Iraupena: 55,15 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-6, 4-6, 4-7, 12-7, 12-9, 14-9, 14-12, 16-12, 16-15, 18-15, 18-17, 21-17, 21-19, 22-19. Sakeak: 2 Elezkanok eta 3 Artolak. Egindakoak: 14 Elezkanok eta 12 Artolak. Galdutakoak: 3 Elezkanok eta 5 Artolak. Gorabeherak: Sarrera bikaina Bastidako pilotalekuan eta dirua oso urdin hasieran. Ekhi Ziarrusta aritu da Danel Elezkanoren botilero lanetan eta Mikel Artola Iñaki anaiarekin.