«Euforia eta gogoa» nagusi, 5.000 lagun batu dituen Gazte Topagunean

Ostegunean hasi eta atzo goizean bukatu zen Ernaik antolatutako Gazte Topagunea Elorrion. Hiru egunez 5.000 lagunetik gora izan dira Bizkaiko herrian. Antolatzaileek ilusioa, gogoa eta euforia nabarmendu direla aitortu dute ekimena amaitu berritan.

Ekitaldi nagusia hasi zain, karpa gazteez betetzen, larunbatean.
Ekitaldi nagusia hasi zain, karpa gazteez betetzen, larunbatean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Atzo goizean kanpalekua jaso eta Iruñeko Aberri Egunera joan ziren gazte independentistak. Hiru egunez Elorrioko Topagunean 5.000 lagunetik gora igarota, balorazio «oso positiboa» egin dute Ernaiko kideek. Hala kontatu du Txomin Aiartza bozeramaileak: «Hiru egunez nahikoa indar pilatu dugu, bihartik aurrera ere Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko», adierazi du.

Euskal Herria aske, sozialista eta feminista eraikitze bidean dabiltza Ernaiko gazteak. Eta aurtengo Gazte Topagunea hasi aurretik, amesten duten utopia «hiru egunez errealitate» bihurtu nahi zutela aurreratu zuten. Ekimena amaitu berritan, hein batean lortu dutela esan du bozeramaileak.

Hiru egunez gailendutako sentsazioen inguruan galdetuta, hiru emozio identifikatu ditu Aiartzak: «Euforia, gogoa eta ilusioa», eta horiek lanarekin josiz, «emaitza arrakastatsua» izan dela kontatu du. «Lehenengo egunetik sumatzen zen gogo hori, autobusak iritsi behar zuten baino 50 minutu lehenago iristen hasi ziren unetik», aipatu du. Eta gogo horri eutsi zietela gazteek gainerako egunetan ere.

10. urteurreneko ekitaldia, ekitaldi nagusia, gazte bazkaria eta egunero herrian izandako giroa nabarmendu ditu. Ekimen hau edo bestea aukeratzea zaila iruditzen zaiola aitortu duen arren, «denak izan dira desberdinak baina bereziak».

Ibilbidea eta elkarguneak

Larunbatean egin ohi den ekitaldi nagusia izaten da bereziena Gazte Topaguneetan, eta Elorrion ere hala izan bazen ere, Ernairen hamargarren urteurreneko ekitaldia nabarmendu du Aiartzak: «10. urteurreneko ekitaldian bertan jendea kanpoan geratu zen, eta hori ere izan zen momentu garrantzitsu bat topagunean, bazelako hamar urteko ibilbideari keinu bat egiteko unea».

Izan ere, hamar urteetako irakaspenak, anekdotak eta ibilbidea gogoratu zituzten ostiralean NAIZ gunean, testuingurua baliatuz.

Ekimen arrakastatsuak zeintzuk izan diren izendatzea zaila deritzo. Alde kualitatiboa eta kuantitatiboa kontuan hartu behar direla esan du, eta askotan bat edo bestea gailentzen dela.

Hala ere, «gazte bazkaria arrakastatsua» izan zen larrabetzuarraren ustez. «Izen ematea itxi behar izan genuen, jada 1.800 gazte bageundelako», azaldu du; eta jarraian gehitu: «Gazte guztiak batu eta elkarrekin egoteko momentu hori lortu genuen». Beste zenbait ekitalditan ia guztiak elkartzea lortu zuten arren, bazkalordua eta bazkalostea partekatzea garrantzitsua zen antolatzaileentzat.

Ereduak praktikan jartzen

Hausnartzeko tartea izan da Gazte Topagunean. Horri tiraka, Elorrion garatutako zenbait «praktika eta filosofia» gazteen eguneroko bizitzako esparru guztietara zabaltzea funtsezkoa iruditzen zaio Aiartzari: «Elorrion metatu ditugun indar eta sinergia guztiak, mahai gainean jartzen ari garen bizitzeko era hori, errealitatera modu are eta indartsuago batean eraman behar ditugu».

Egiten dena garrantzitsua da, baina nola egiten den ere oinarrizkoa da, auzolanaren, autogestioaren eta kolektiboaren balioekin ondu baitute aurtengo ekimena.

«Autogestioan egindako ekimen bat da, gazteok gure esku propioekin egindakoa, eta kolektiboa. Pertsona guztiak dira ondokoak bezain ezinbestekoak eta beharrezkoak». Ernairentzat bizitzeko modu baten isla dela adierazi du: «Guk amesten dugun bizi eredua balio kolektibo, komunitario eta eraldatzaileetan oinarrituta dagoelako».