Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Peio Etxeberriak Alberdi jipoitu du (22-2) eta final-laurdenetan «onenekin» lehiatuko da

Peio Etxeberriak faborito izaerari ez dio hutsik egin eta erosotasunez irabazi dio Jon Alberdiri (22-2), Buruz Buruko final zortzirenetako partidan. Hala, atariko kanporaketa hauetan Aspe izan da nagusi, lau partidak irabazita eta final laurdenetako ligaxkan ere nagusi dira, sei ordezkarirekin.

Peio Etxeberria aise nagusitu zaio Alberdiri Tolosako Beotibarren.
Peio Etxeberria aise nagusitu zaio Alberdiri Tolosako Beotibarren. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Oso gustora eta lanak ondo eginda». Halaxe bukatu du Peio Etxeberriak Jon Alberdiren aurkako partida, Buruz Buruzko final zortzirenetako kanporaketakoa, hain zuzen ere. Tolosako Beotibarrera hurbildu zirenak hotz geratu ziren hasi eta berehala, ohartu orduko Zenotzko aurrelariak 7-0eko markagailua lortu baitu.

Mota guztietako tantoak egin ditu ordurako nafarrak, azpeitiarra erabat jokoz kanpo utzita. Hain deseroso sentitu da Alberdi, 3-0eko tantoan eraman duen haserrea horren adierazle garbia izan dela. Ez zekien, baina, jipoiaren bideak aurrera jarraituko zuela. Zauria ezin itxita ibili da Alberdi eta Peio Etxeberriari, aldiz, bere eskuekin konfiantza handiarekin ikusi zaio. Sotamanoa, dejada, gurutzatua, zabalera... Sakez ere, guztira, sei tanto egin zituen, horietako bi aipatu lehendabiziko partzialean.

Pilota atzera bota duen aukera bakanean lortu du Alberdik bere lehendabiziko tantoa (7-1) eta, azkenerako, berak egindako bakarra izan dena. Dena dela, honek ez du urduri jarri Zenotzkoa eta hurrengo tantoa, aldekoa izatea lortu du, berriro ere aldeak nabarmen handitzen jarraitzeko.

Etxeberriak ondo egin ez ezik, Alberdik egun traketsa ere izan du. Hain alde handiekin jokatzean, gehiegi azeleratu nahi izan du jokoa eta hori ez zaio batere ongi etorri. 12-1eko markagailuarekin iritsi dira lehendabiziko atsedenaldi luzera. Nafarrak alde batetik bestera mugiarazi du gipuzkoarra eta ezinbestez, lur jota ikusi zaio etenaldian.

«Neure maila eman ez izanagatik eta gehiago estutu ez izanagtik» triste agertu da partidaren bukaeran, behin dutxa hartu eta pentsaera hotzean zeukala. «Nik ez dut asmatu, nire muturraren aurrean jausten zitzaidan botea eta erabakitan eskas» aritu dela onartu zuen, beti ere aurkariak «partida ona» egin duela nabarmenduta.

Ondo hastearen konfiantza

Etenalditik bueltan ere dinamika berdinarekin jarraitu du partidak eta Etxeberriak gora botatako pilotakada batekin igo da markagailura urdinaren bigarren tantoa (14-2), tanto piloteatuenean, hain zuzen ere. Baina sakea alde edukita ere, Alberdik ez du asmatu bere jokoa egiten eta kanpora botatako pilotakada batekin, Peio Etxeberriak sakea berreskuratu du, zuzenean 22raino iristeko.

«Ondo hasteak beti ematen dizu konfiantza puntu hori eta gero dena atera zait. Ezker pareta ukitu dute pilota askok eta Jonek hor ezin zuen ezer egin», azaldu du Zenotzkoak, final-laurdenetarako ligaxkako «sariarekin» ezin pozago. «Sari ederra zegoen jokoan, orain hiru aste handienekin lehiatzera. Oso gustora, eta ea ostiraleko partida prestatzen dugun», adierazi du.

Iaz, Etxeberria bera egon zen Alberdiren lekuan, Darioaren aurka, Oñatin, 22-2 galdu eta kanporatua geratu ostean. Aurten, arantza hori kendu eta estreinakoz arituko da koadro nagusian. Dario bera izango du aurkari ostiralean, Azkoitian, eta Ezkurdia eta Jaka izango ditu multzokide.

Beste multzoan, Laso, Altuna, Elordi eta Elezkano II.ena lehiatuko dira. Hala, orotara, Aspeko sei pilotari sailkatu dira koadro nagusira eta Baikoko ordezkariak bi besterik ez dira izango: Laso eta Jaka, hain zuzen ere. Jokin Etxaniz, Aspeko kirol zuzendaria, «oso pozik» agertu da bere enpresako pilotariek erakutsitako mailarekin baina lanean jarraitu behar dutela ohartarazi du, Unai Laso egungo txapelduna delako eta Erik Jaka, txapeldun izandakoa, «txapelketa ondo prestatzen» ari delako.

Fitxa teknikoa:

Pilotakadak: 170. Iraupena: 32:35 minutu. Markagailua: 7-0, 7-1, 8-1, 14-1, 14-2, 15-2, 22-2. Egindakoak: 16 Etxeberriak eta 1 Alberdik. Sakeak: 6 Etxeberriak. Dejadaz: 2 Etxeberriak. Moztuak: 1 Etxeberriak. Atzean: 5 Etxeberriak eta 1 Alberdik. Galdutakoak: 1 Etxeberriak eta 6 Alberdik. Gorabeherak: Tolosako Beotibarren jokatu da Buruz Buruko final-zortzirenetako azken partida. Sakea, urdina.