Eskudero anaiak, bizitza bat pilotaren bueltan

Pilotari, epaile, botilero, irakasle, kazetari... ia denetarik egindakoak dira Jon eta Aritz Eskudero pilota munduan. Txikitatik pasio izan duten kirolari eskaini diote ahal izan duten denbora dena eta orain errelebo falta sumatzen dute. Aritzek, 28 urterekin, erremontean debutatzeko aukera izan du.

Aritz ezkerrean eta Jon eskuinean, horrenbeste ordu sartu dituzten Andoaingo Kontsejupean (udaletxe azpiko frontoian).
Aritz ezkerrean eta Jon eskuinean, horrenbeste ordu sartu dituzten Andoaingo Kontsejupean (udaletxe azpiko frontoian). (Gorka RUBIO | FOKU)

Pilota kontuez hitz egitera hurbildu gara Andoaingo Goikoplazara. Eguna eguzkitsu dago eta harrizko pilotalekua eder ikusten da, nahiz eta hutsik egon. Udaletxe azpiko Kontsejupea, aldiz, itzaletan dago, ezkutatu nahian bezala. Hura ere hutsik. Eguerdi partea da, ez da agian ordurik egokiena gaztetxoak jolasean aritzeko, baina frontoi hutsena zoritxarrez gero eta gehiago errepikatzen den irudia da Euskal Herriko herri eta auzoetan.

Diotenez, desberdina zen panorama Jon eta Aritz Eskudero anaia andoaindarrak haurrak zirenean. Edo beraien bizipena bazen, behintzat. «Pilota gure etxean sakratua izan da. Gaur egun ez da ongi ikusia izango agian, baina gure aita Goizuetakoa da eta ez zigun futbolean jokatzen uzten. Beti pilota. Guri gustatu ere bai, noski. Ama Errazkingoa dugu eta baditu bi lehengusu, alde desberdinetakoak, pilotari profesionalak izandakoak: Bergara II.a eta Martinikorena. Elkarrekin jokatuta bi urtetan txapeldun izan ziren eta beste batean txapeldunorde. Martinikorenarekin harreman handia dugu, Errazkinera joaten garelako. Euzkitzek askotan aipatu izan duen moduan, kontuan izan behar da Errazkin 70 biztanleko herri bat dela eta garai batean 13 pilotari profesional eduki zituen, jokamolde guztietakoak batuta. Guk ere zaletasun handia izan dugu, lo ere pilotarekin egiten genuen. Eskola amaitutakoan korrika etortzen ginen frontoia hartzera. Beti pilotaz inguratuta», gogoratu du Jonek, anaietan zaharrenak.

Ez da harritzekoa, beraz, bi anaiak txiki-txikitan Andoaingo Gazteleku pilota elkartearekin jokatzen hasi izana. «Pilota eskolan hasi ginenean txapelketak leku guztietan izaten genituen. Lizarran, Sunbillan, Bizkaian... Pilota aitzakia polit bat izan da Euskal Herriko bazterrak ezagutzeko, eta zerbaitez harro banago, hori gurasoek eman diguten heziketa da. Sekula ez digute esan ‘irabazi egin behar duzu’. Ondo pasatzeko, gozatzeko... esaten ziguten, eta nik uste dut horrexegatik jarraitzen dugula pilotan jokatzen, ondo pasatzen dugulako eta gozatzen dugulako», gehitu du Jonek, elkarrizketa egin aurreko asteburuan bertan partida jokatu ondoren.

Auskalo zenbat neurketa jokatu dituzten urte hauetan, auskalo zenbat eztabaida beraien artean, baina hala ere, bereziki gogoratzen dituzte elkarrekin jokatutakoak. «Anai-arrebaren bat daukanak badaki zer gertatzen den: egunero haserretu eta egunero adiskidetu. Nik bere pausoak jarraitu nituen. Txikitan, bakoitzak bere adin mailan jokatzen du, baina kirol guztietan bezala, 17 edo 18 urterekin, denok batera jokatzen hasteko adina heltzen da. Ni handiagoa eta indartsuagoa naiz eta, normalean aurrelari jokatu arren, prest azaldu nintzen atzelari jartzeko, anaiarekin jokatzeko. Eta jokatu izan ditugu partida batzuk elkarrekin. Horregatik, galdetzen didatenean zein den nire garaipenik edo txapelik bereziena, Zarautzen elkarrekin irabazi genuen Zaporra Memoriala aipatu izan dut. Ez da agian munduko torneo garrantzitsuena, baina anaiok elkarrekin irabaztea polita izan zen», onartu du Aritzek.

Hori bai, bestelakoak ere gogoratzen ditu anaia gazteak. «Ofizialki ez dakit inoiz elkarren aurka jokatuko dugun. Entrenatzen bai, askotan. Udaletxe azpian pilota goxoarekin adibidez, pilotak txapa jo duen ala ez eztabaida latzak izan ere bai!». Eta Jonek anekdota polita gehitu dio: «Amona gurekin bizi izan da alargundu zenetik, eta bera jartzen genuen epaile. Amonarekin pilota saio asko egin ditugu. Armairu bat kentzera derrigortu genuen etxean frontoia jartzeko».

Erremontean aukera

Eskuz horrenbeste urtez profesionalak izateko aukera izan gabe jokatu ondoren -«berehala ikusi genuen zein zen gure papera pilota munduan»-, Aritz Eskuderok erremontean debuta egiteko aukera izan du oraintsu, 28 urterekin.

«Gazteleku ordezkatuz jokatu izan dugu beti. Txikitatik eskuz, baina palaz ere jokatu nuen hiru bat urtean. Baina gu Andoaingoak izanik, bagenituen lagun urnietarrak, erremontean zebiltzanak, orain profesionalak direnak: Imanol Ansa, Ander Goikoetxea... Ander, gainera, nire urte eta egun berekoa da. Askotan komentatzen ziguten: ‘Etorri behar duzue egunen batean probatzera’. Baina ez ginen joaten inoiz. Egun batean Jon joan zen arte. Asko gustatu zitzaion eta berak animatu ninduen: ‘Hik joan behar duk, indar handiagoa daukak eta ondo moldatuko haiz’. Joan nintzen, baina hasieran oso kirol etsigarria da. Pilota, joan behar duen lekura ez, beste guztietara joaten da. Baina behin probatu, bigarrenez joan... eta azkenean erabat harrapatu ninduen. Hori duela bi urte pasatxo izango zen. Hala ere, esan beharra dago gaur egun erremontean debutatzea garai batean baino errazagoa dela», dio apaltasunez Aritzek.

Aritz, Galarretan jokatzen (ORIAMENDI2010)

Kontrapuntua Jonek jarri dio, ordea. «Horren aurretik beste jokamolde batzuk ere probatu zenituen. Trinketean orain erremontean zure bikotekide izan den Loitegiren aurka asko jokatu izan duzu -bota dio zuzenean anaiari-. Aritzen betiko arazoa izan da ezkerra makal samarra izan duela. Baina trinketean eta erremontean ezkerra ia behar ez denez oso ongi moldatu da. Pasakan ere jokatu izan dugu. Eta palan ere baditu txapel garrantzitsuak irabaziak. Baina erremontean eman du orain arteko mailarik onena».

Profesional mailan bere buruari helbururen bat jartzen dion galdetuta, ez diogu harrokeriarik atera. «Lehenik, Galarretara gustura joatea eta gozatzea. Badakigu horretatik ez garela biziko. Profesionaletara igota, alderik nabarmenena erritmoa da. Pilotak biziagoak dira eta beste abiadura batean jokatzen da. Horretara ohitzea izango da lehen helburua. Horrek erakutsiko dit noraino hel naitekeen. Bestelako helburu bat jartzeko eskatzen badidazu, esango nizuke lehen mailako pilotariekin jokatzera iristea. Adibidez, laster hasiko da Erremontari Txapelketa -urteko txapelketa nagusia mediatikoki-, eta egunen batean hori jokatu nahi nuke, baina bitartean horretan gehiegi pentsatu gabe».

Pilota eskola

Baina sarreran aipatu dugun moduan, pilotari izateaz aparte, pilota munduan beste hainbat langintza probatutakoak dira Eskuderotarrak. Agian denbora gehien eskaini diotena, pilota eskolako ardura.

«Pilota eskolara lotuta egon gara beti. Beti izan ditugu irakasleak bertan eta gu ere oso gazterik hasi ginen irakasle moduan. 14-15 urterekin hasten zara haur talde bat hartu eta haiei irakasten. Andoainek oso pilota eskola indartsua dauka; azken urteetan Euskal Herriko zortzi klub onenen artean sartu da Andoaingoa. Horrek esan nahi du lan asko egiten dela. Ez andoaindarrekin bakarrik: Xabi Tolosa hemendik ateratakoa da, Iker Elizegi ere bai, orain ere baditugu beste bi enpresa profesionalekin aurrekontratua dutenak... Asteasutik, Adunatik, Villabonatik, Urnietatik... leku askotatik etortzen dira pilotariak eta horrek seriotasuna eskatzen du. Aritz pilota eskolako koordinatzaile ere izan zen bi urtez. Unibertsitatea baino eskola handiagoa izan da guretzat», dio Jonek.

Bertan emandako urteetan aldaketarik ikusi ote duten galdetuta, baietz diote biek. «Esan dugu lehen gu txikitan beti pilotan ibiltzen ginela, eta lehendabiziko aldaketa horixe da: afizioa asko galdu dela -ekin dio Aritzek kontaketari-. Ez naiz ezer deskubritzen ari. Bai, egongo dira bi edo hiru ume afizio handia dutenak eta itsu-itsu dabiltzanak, baina oro har galdu egin da. Klubeko entrenamendua egingo dute, baina hortik kanpo gutxi. Eta ez dut uste hemengo arazoa bakarrik denik. Haur kopuru handia izaten dugu, txikitan errazagoa delako, baina infantil-kadete mailara iritsitakoan kopurua asko murrizten da».

Bi anaiak, Goikoplazako frontoian (Gorka RUBIO | FOKU)

Jonek beste bi arlo nabarmendu ditu. «Batetik, guraso aldetik. Guk ez dugu inoiz irabazteko presiorik izan. Euskal Herriko edozein txokotara joaten ginen, ondo pasatzera. Aitak ere pintxo bat jan, ardo bat hartu... Orain iruditzen zait guraso askok hartzen dutela seme-alaben papera, eta zer izan nahi duten gurasoek derrigortzen dietela. Gaitz orokorra da gizartean eta pilota eskolan eragina du. Eta bestetik esan behar da lehen, kategoria bakoitzean, pilota eskola bakoitzak bikote on bat ateratzen zuela, eta orain Gipuzkoa osoan bi edo hiru pilotari on egongo dira kategoriako. Fitxa kopurua izugarri jaitsi da eta kantitatea jaisten denean kalitatea ere jaitsi egiten da».

Eta, aurrera begira, pilota eskolen ardura hartzeko jende faltan ere egiten du azpimarra. «Ez dago boluntario lanerako jenderik. Horregatik, aldaketa sakona behar da. Udalek zezenari adarretatik heldu behar diote eta pertsona bat nominan jarri beharko dute pilotariekin lan egiteko. Maila horregatik ere ari da jaisten: herrietan ez dagoelako inor haurrei erakusteko».

Beste adar asko

Pilota eskolaren bueltan horrenbesteko denbora igarotzeak ate asko ireki dizkie Eskudero anaiei: federazioarena, adibidez. Jon Euskadikoan ibili zen lanean lau urtez eta Aritz, Gipuzkoakoan. Aritz epaile ere ibili da gazte-gaztetatik, baita esku-pilota profesionaleko partidetan ere. Eta Jon botilero lanetan ere ikusi izan dugu Erik Jakarekin. Bien arteko harremana AEBetara egindako bidaia batean sortu zen eta anekdota dibertigarria du.

«Nik hegazkinari sekulako beldurra nion eta bi Loracepam hartuta sartu nintzen. Jakaren alboan nindoan, baina oraindik ez neukan konfiantza handirik berekin. Erdi-lotan nengoela, ametsen bat edo egingo nuen eta bat-batean esnatu eta sekulako zaplada eman nion aurpegian hura ere lo zegoela. ‘Baina zertan ari haiz?’ esanez esnatu zen. ‘Barka ezak baino hik ez duk hire bizitzan horrelako gantxorik jo’, esan nion eta barrez bukatu genuen».

Jon, Erik Jakarekin botilero lanetan (Gorka RUBIO | FOKU)

Jaka oso gertukoa duen Iraitz Olaetxearekin ibili izan da normalean, baina hark ezin izan duenean Jon Eskuderori deitu izan dio lizartzarrak. Hori bai, Aritz anaiak txantxetan gogoratu duen bezala «botilero onak dira, baina Jakak txapela irabazi zuenean botilerorik gabe irabazi zuen».

Bi anaiek Bakersfield hiriko Euskal Etxeak antolatzen duen festan parte hartzeko aukera izan dute, eta argi dute pilotak emandako opari ederrenetakoa izan dela bidaia hori. «Ni hemen ez naiz inor sentitzen pilota munduan, bat gehiago, eta hara iritsitakoan haientzat Leo Messi iritsi balitz bezalakoa izan zen. Gogoratzen naiz aurreneko egunean herri bazkaria zegoela, mahai pila bat jarrita. Galdetu nuen ia zenbat jende espero zuten eta 1.500 pertsona esan zidaten», nabarmendu du Aritzek, bertan izandako pasadizoak kontatzen dizkiguten bitartean.

Eta kirol kazetari bezala ere urteak eman ditu Jonek; batez ere, “Berria” egunkarian. Oraindik ere kolaboratzaile moduan idazten du batzuetan, baina, dioenez, bere benetako ametsa pilota partidetan esatari izatea da. «Telebistan pilota beti ikusi izan dudanez, belarria eginda daukat. Euzkitzek hitz bat esaterako, nik askotan badakit zer esatera doan».

Ez dakigu inoiz ETBko pilota partidak Jon Eskuderoren ahotsean iritsiko zaizkigun, baina guretzat gozatua izan da bi anaiekin pilotaz jardutea.