Jon Ormazabal

Hasi bezala amaitu du Dariok bere berrespenaren Buruz Burukoa (22-15)

Gasteizen ez bezala lasai eta libre, sakearekin eta eskuinarekin abantaila handia hartu du partida hasi eta berehala (1-12) eta markagailua txukuntzea lortu duen arren, Joseba Ezkurdiak haserre amaitu du bere buruarekin.

Bere dohainak berreskuratu eta partida borobila jokatu du Dariok.
Bere dohainak berreskuratu eta partida borobila jokatu du Dariok. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ezkarain bertan, Aragureni sekulako pasada eman zion hasiera Dario Gomezek aurtengo Buruz Burukoari eta era berean, baina Joseba Ezkurdia bezalako goi mailako pilotari bati (22-15) gailenduta,  amaitu du beretzat oso ona izan den txapelketa, nahiz eta azken pausu hori falta. Etxekoen aurrean, batez ere lehen erdian, berea egiten duenean errioxarrak lehen mailako manomanista dela berretsi du eta bide batez, prest dagoela, bi finalistetako batek arazoren bat balu bere lekua hartzeko.

Aurreko asteko presiorik gabe, libre eta lasai jokatu du errioxarrak bere bizilagunen aurrean eta Elordiren aurka erabili ezin izan zituen dohainei etekina aterata, partida oso azkar eraman du partida bere aldera Dariok, nahiz eta lehen sakea eta lehen tantoa Ezkurdiaren alde erori diren.

Finalerdian Gasteizen gozakaitz eta pilota harrotu ezinik aritu bazen, gaurkoan, saketik hasita, pilota guztiei abiadura eta norabidea eman die eta Joseba Ezkurdia ezinean aritu da. Gainera, hasiera xamarrean kolpe txar bat eraman du hasiera xamarrean eta sakandarrak ere hasi bezala amaitu du lehen egunetik asko okertu zitzaion txapelketa.

Erreakzio berantiarra

Hala ere, oso goiz partida ia ezinezko jarri bazaio ere, arbizuarrak lanean jarraitzeko grina izan du eta, amaierarako bere buruarekin haserre amaitu badu ere, markagailua txukuntzeko moduan izan da. Boleaz erritmoa sartu eta Dariok zuzen ez jokatzea lortu duenean, markagailuan gerturatzea lortu du, baina pilatutako desabantaila hain zen handia, garaipena beri urrun izan duela. Momentuko beroaldian datorren urtean parte hartuko ote duen zalantzan ere utzi du, baina final laurdenetako txartela poltsikoan, ziur falta zaion txapela eskuratzeko lehian ikusiko dugula berriro.

 

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia: 15

Dario: 22

Pilotakadak: 332. Iraupena: 57 minutu. Markagailua: 1-0, 1-12, 2-12, 2-13, 3-13, 3-14, 4-14, 4-17, 7-17, 7-20, 10-20, 10-21, 15-21, 15-22. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 4 (falta 1) Dariok. Egindakoak: 10 Ezkurdiak eta 14 Dariok. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak eta 2 Dariok. Gorabeherak: Sarrera polita Ezkaraiko pilotalekuan. Ruben Ayarra aritu da Joseba Ezkurdiarekin botilero lanetan eta Asier Gomez Dario anaiarekin.