Himalaiako zein Karakorumeko azken denboraldietan ohitzen ari gara igoera azkarrekin. Abiadura oso handian zortzimilakoak eskalatzen dituzte, eta, hortaz, errekor berriak ezartzen ari dira. François Cazzanelli eta Benjamin Vedrines dira horietako protagonista batzuk.
Bada, maiatzaren 25ean, Vadim Druelle talde horri batu zitzaion. 21 urteko alpinista frantziarrak, etenik egin gabe, Kangchenjunga mendia (8.586 m) 19 orduan igo zuen. Hots, denbora ikaragarri hori behar izan zuen kanpaleku nagusia eta gailurra lotzeko. Eta, jakina, jarduera hori oxigeno artifiziala erabili gabe egin zuen. Denbora horri esker, Druelle munduko hirugarren zortzimilako garaiena azkarren igo duen mendizalea bihurtu da.
Gazte honek espedizio komertzialen gehiegikerietatik urrundu nahi izan du. Druellerentzat estiloak garrantzia handia du, eta, horregatik, Kangchenjunga «trikimailurik» gabe igo nahi izan du. Ez du mendiko langile xerparik ondoan izan; hori saihestu du. Soilik baimen ofizial batekin oinarrizko kanpalekuaren logistika erabili zuen.
Nahiz eta iragan 25ean aipaturiko arrakasta erdietsi zuen, astebete lehenago garaieraren ondorioak ondo nabaritu zituen. 18an, lehen saiakerari ekin zion. Oso erritmo ona zeraman, baina tontorretik 380 metrora zela atzera egin zuen. Ekinaldi horretan ez zegoen bakarrik; izan ere, egun horretan sona handia duten hainbat mendizale zeuden. Besteak beste, Kristin Harila.
Duellek esan duenez, ibilbidean nahastu egin zen: «Alpinista batzuk ia elkarrekin gindoazen. Gaua oso itxia zen, eta ibilbidetik irten ginen. Batzuek aukera izan zuten norabide egokia berreskuratzeko. Horietako ia denek oxigeno artifiziala zeramaten. Hori gutxi ez, eta hotz handia egiten zuen. 25 orduko igoera neraman, eta, azkenean, nire segurtasunarengatik atzera egin nuen».
Bigarrenean, bai
Atseden hartu eta gero, hurrengo egunetan eguraldi aldakorrak ez zuen frantziarra konbentzitu. Talde komertzial batzuk gailurrera abiatu ziren bitartean, Druelle eta beste gutxi batzuk leiho on baten zain geratu ziren. Bigarren eta azken saiakera 25ean hasi zuen, eguerdi aldera.
Kanpaleku nagusia atzean utzi eta hemeretzi orduko one push batean Kangchenjungako gailurra zapaldu zuen: oxigeno gehigarririk zein mendiko langile xerparik erabili gabe. Errekor horri dagokionez, berez, Grace Tseng txinatarrak igoera azkarrena aldarrikatu zuela duela bi urte eginiko eskaladan. Baina hainbat ikertzailek berehala baieztatu zuten txinatarrak ez zuela tontorra zapaldu. Erakutsitako irudiek zioten Kangchenjungako gailurretik 200 metro beherago geratu zela. Hortaz, Druelle munduko hirugarren zortzimilako garaienean azkarrena izan da.
Zortzimilakoen gaiari dagokionez, alpinista gazte honen izena oraindik ez da oso ezaguna. 2021. urtean, adibidez, Manaslu mendia (8.163 m) igo zuen. 19 urte zituen, eta arin, azkar eta bakarrik eskalatu zuen. Hurrengo urtean, berriz, bat egin zuen Lhotseko hegoaldeko horma igo nahi zuen espedizio korearrarekin. Baina xede hori bertan behera utzi zuen; izan ere, elur-jausi baten ondorioz Khudam Bir Tamang alpinista nepaldarra zendu zen.
Kangchenjungako errekor horren inguruan, Druellek egin duenak azpimarra berezia behar du. Hartutako erreferentziek hori baieztatzen dute. Arestian aipatutako Cazzanelli eta Vedrines azkarrago ibili ziren Nanga Parbaten eta Broad Peak-en egin zituzten errekorretan.
Baina, jakina, Kangchenjunga teknikoki eta morfologikoki bi mendi horiek baino zorrotzagoa da. Pare bat izotz-jauzi eta arrokazko tarte batzuk gainditu behar dira. Gainera, ibilbide luzeagoa da.
Hori guztia aurreratu eta gero, ‘Himalayan Datebase’ webguneko Rodolphe Popier ikertzaileak dio Druelleren denbora ezagutzen den azkarrena izan dela: «Oxigeno artifiziala erabili gabe egin den denbora onena da. 2018. urtean, Pemba Gelje Xerpak oso denbora ona egin zuen, baina botilak erabili zituen. Gainera, igoera hori gaizki dokumentatuta dago. Hitz batean esanda, alpinista gazte horrek egin duena ikaragarria da».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Euskal musikaren sektoreak kezkaz begiratzen dio makrokontzertuen gorakadari

Científicos que trabajan en Groenlandia alertan del riesgo de una apropiación de Estados Unidos

«Rotundo rechazo» de EH Bildu, Elkarrekin y PSE a la presencia de Desokupacyl en Zornotza
