NAIZ

Emakume bat etxegabetu dute Hernanin eta Ertzaintza gogor oldartu da ekidin nahi zutenen aurka

Emakume baten etxegabetzea gauzatu da asteazken honetan Hernanin. Ertzaintza gogor oldartu da desalojoa eragozteko bertan bildu diren pertsonen aurka, borrekin; pilotakadak ere jaurti dituzte. Pertsona bat atxilotu dute eta beste biri isuna jarri, Segurtasun Sailaren arabera.

Jende ugari joan da etxegabetzea eragoztera eta Ertzaintza oldartu egin zaie.
Jende ugari joan da etxegabetzea eragoztera eta Ertzaintza oldartu egin zaie. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Goizeko 10.30etarako zegoen aurreikusia Hernaniko Elkano kalean emakume baten etxegabetzea. Ordurako hamarnaka lagun bildu dira protesta egitera eta emakumeari babesa adieraztera, «Ez, ez, ez, desalojorik ez» eta «Etxegabetzea gelditu» oihupean.

Ertzaintzaren hainbat dotazio bertaratu dira eta tentsio uneak izan dira; hiru aldiz gutxienez etxegabetzea eragotzi nahi zuten lagunen aurka oldartu dira poliziak, borrekin eta pilotakadaren bat ere jaurtita, Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak zabaldutako bideoan ikus daitekeenez.

Etxegabetzea gauzatu behar zuen epaitegiko ordezkariak bertaratu dira, baita sarrailgilea ere, baina azken honek uko egin dio atea irekitzeari eta alde egin du, Buruntzaleko Kontseilu Sozialistaren arabera. Hasiera batean etxegabetzea bertan behera geratuko zela uste zuten, baina eguerdi aldera ertzainak atea botatzeko materialarekin sartu dira eta, azkenean, emakumea kanporatu egin dute.

Emakumea ezkaratzetik atera denean txaloka hartu dute han bilduta zeuden lagunek eta hark ere hunkituta txaloekin eskertu die babesa. Kontseilu Sozialistaren arabera, ondoren berriro kargatu dute ertzainek. 

Sare sozialetan azaldu duenez, pertsona bat atxilotu dute eta beste bi atxikita izan dituzte, «isun mehatxuekin tarteko». Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, 33 urteko gizonezko bat atxilotu dute agintarien aurkako atentatua leporatuta eta beste bi emakumeri isuna jarri diete Mozal Legea aplikatuta identifikatzeari uko egin diotelako eta «Poliziaren lana oztopatu» dutelako.

Hernaniko Udalaren adierazpena

Donostiako epaitegi batek agindu duen etxe-kaleratzearen inguruan, Hernaniko Udalak nabarmendu du «hilabete luzez» aritu direla gizarte langileak «egoera zaurgarrian dagoen pertsonarekin lan egin nahian eta baliabideak eskaini» zaizkiola, baina pertsona horrek «uko egin» diola bide hori lantzeari.

«Orain arte etxebizitza galtzeko arriskuan edo egoera zaurgarrian dauden pertsonekin egin ohi den moduan, Udalaren baliabide profesional guztiak prest daude pertsona honekin lanean jarraitzeko. Gaurkoaren ondoren, pertsona hori zerbitzu sozialekin ibilbidea lantzeko prest azaldu da eta bihar bertan hitzordua lotuta dauka», gaineratu du Udalak.

Era berean, Hernaniko Udalak nabarmendu du «legezkotasuna eta justizia defendatzea dela udal-baliabideak behar dituenaren esku jartzea eta hauek justizia eta berdintasun irizpideen arabera izatea; eta beraz, ez saiatzea etekin politikorik ateratzen egoera zaurgarrian aurkitzen diren herritarrekin».

Sortuk eta Ernaik ere oharra zabaldu dute gertatutakoari buruz. Etxebizitza eskubidea bermatu behar dela azpimarratzen du eta Ertzaintzaren jokabidea kritikatzen du: «Beste behin ere, euren partetik jipoiak, atxiloketak eta abusuak besterik ezin ditugula espero argi utzi dute».

«Bestalde, ez da onargarria Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak egoera oso zaurgarrian dagoen familia bat erabili izana, EH Bilduri eta Udal Gobernuari egoeraren eta gaur gertatukoaren ardura leporatzeko –erantsi du–. Etxebizitza Sindikatuak deliberatuki zaildu eta oztopatu ditu Gizarte Zerbitzuen zein familia honen arteko harremanak, hauen benetako beharrei alternatibarik eskaini gabe. Familiari buruzko informazio oso sensiblea publiko egiteaz gain, baliabideak eskuratzeko aukerak atzeratu eta haien egoera zaildu dute».

«Ondorioak argiak dira; familia da kalte guztiak pairatu beharko dituena. ISk ez du horrelako egoerak behar bezala kudeatzeko gaitasunik, etekin politikoa nola egoeraren instrumentalizazioa helburu, familiaren beharrei erantzun ez, eta beren zaurgarritasun egoera areagotu besterik ez du egin», adierazi dute Hernaniko Sortuk eta Hernaniko Ernaik.