NAIZ

Laura Westerik Herbeheretako hegalekoa da Ibaeta Basketen hamargarren jokalaria

Abenduaren 31n 25 urte beteko dituen jokalari honek Endesa Ligan iaz egin zuen debuta, Bierzoko Benbibre taldean aritu baitzen. Batez beste 6,5 puntu eta 2,9 errebote pilatu zituen eskolta honek. Eurocupean ere badu eskarmenturik.

Laura Westerik hegaleko herbeheretarra da IDK Euskotrenen hamargarren jokalaria.
Laura Westerik hegaleko herbeheretarra da IDK Euskotrenen hamargarren jokalaria. (@IBAETABASKET)

IDK Euskotrenek bete du, xehetasunen bat gorabehera, 2023/24 denboraldiko lantaldea. Orain arte iaztik Yurena Diaz eta Maria España Almendro kapitainak mantendu ditu eta dagoeneko zortzi fitxaketa egin ditu: Lara Gonzalez, Alba Prieto eta Gracia Alonso de Armiño kanpoaldeko jokalariak alde batetik, barruko jokoa betetzeko Becky Massey, Jewel Tunstull, Erin Whalen eta Dulcy Fankam, eta azkenik, Herbeheretako Laura Westerik.

Azken honek 24 urte ditu (abenduaren 31an beteko ditu 25) eta 1,76 metro neurtzen ditu. Gaztea den arren hainbat lekutan eskarmentua dauka, baita Endesa Ligan ere, iaz Bierzoko Benbibre taldean jokatu baitzuen. Bertan 6,5 puntu eta 2,9 errebote pilatu zituen batez beste.

Westerikek 16 urte bete gabe debuta egin zuen bere herrialdeko saskibaloiko maila gorenean Lekdeted.nl Basketball taldearekin.

2014an Amsterdam CTO taldearekin sinatu zuen bere aurreneko kontratua, eta Eurocupean Orange Blizzards taldearekin aurrenekoz jokatyzeko parada ere izan zuen. handik bi urtera, 2016an FSG Royal Eaglesera iritsi zen eta urtebete geroago Amsterdam Angelsera, non Eurocupeko atariko kanporaketa lehiatu ahal izan zuen, artean 18 urte ere ez zituela.

Handik aurrera ere joan-etorri asko egion ditu Herbeheretako hegaleko honek. Hala, 2017an Amsterdam Angelsen lurreratu zen eta bertan Eurocupeko atariko kanporaketa jokatu zuen beste behin.

2018/19 denboraldian, berriz, Herner TC talde alemaniarrean hasi zen jokatzen eta ordura arte ez bezala, egonkortzeko aukera ere izan zuen, Alemanian hiru denboraldi eman zituen. Bere taldeak Kopa eta Liga irabazi zituen denbora tarte horretan, gainera.

2021/22 denboraldian Portugal aldera joan zen, Sportiva/Azoris Hotels Ponta Delgada taldera, eta bertoko lehiaketako txapeldunorde izan zen, jokatu zituen hamabi neurketetan 14 puntu, 7 errebote eta 3 asistentzia lortuz. Beste behin, Eurocupeko atarikoa jokatzera iritsi zen, baina denboraldi erdian Italiako Della Fiore Broni taldera joan zen.

DEsan bezala, 2022/23 denboraldian Endesa Ligan debuta egin du, Benbibrerekin. Jokatu dituen 30 partidetan  6,5 puntu eta 2,9 errebote partidako; %38 asmatu du biko eta hiruko jaurtiketetan, %73,3 jaurtiketa libreetan.

Jokalari bizia da defentsan, eta moldakorra erasoan, jaurtiketei esker, zein barneraldiekin edota baloirik gabe jaurtiketa posizioa bilatuz min emateko gaitasuna omen du-eta aurkariaren uztaira begira.