Nagore Belastegi

Oilar Jokoa: mendeak dituen ohitura, arriskuan

Euskal Herri mailako hedapen zabala zuen Oilar Jokoa herri gutxitan ospatzen da egun. Garaiaren arabera egokitzen asmatu du Legazpin, baina gero eta parte-hartzaile gutxiago dituenez, galtzeko zorian dago. Ekainaren 15ean ospatuko da aurten 1700 urtearen bueltan egiten hasi ziren festa.

‘Ehiztaria’ oilarrarengana iristen, 2016ko Legazpiko Oilar Jokoan.
‘Ehiztaria’ oilarrarengana iristen, 2016ko Legazpiko Oilar Jokoan. (Errikarte Agirre )

Mendeak dira Oilar Jokoa Euskal Herrira iritsi zela, baina gurean desagertzeko zorian dago. Urteen poderioz eraldatuz joan da, animalien kontrako indarkeria baztertuz; beraz, hori ez da arrazoi ohitura hau galtzen uzteko.

XVIII. mendean Euskal Herri osoko herri askotan ospatzen bazen ere, orain herri oso gutxitan egiten dute, eta horietako bat da Legazpi. Korpus Zortzigarrenean ospatzen da, eta hau da jai giro horren egitarauan egiten ziren ekitaldietatik gelditzen den bakarra. Aurten ekainaren 15ean egingo da, eta ohitura galdu ez dadin, gaztetxoen parte-hartzea eskatu dute Udaletik (12 urtetik gorako neska-mutilak).

Garai batean bezala, herriko plazan egingo da. Orduan, parte-hartzaileak begiak tapatuta plazatik ibili behar ziren lurrean lotuta zegoen oilarrari ezpatarekin lepoa mozteko. Lortzen zuenak saria eramaten zuen etxera, alegia, oilarra. 2004tik hegaztirik ez da kaltetzen ospakizunean, eta saria ekonomikoa da.

Hala ere, jokoaren nondik norakoak zertxobait aldatu dira denboraren poderioz. 1975ean, lehen aldiz, oilarra zegoen lekurainoko bide bat jarraitu behar zuen, eta musikaz lagundurik iritsi behar zen sariraino. Egun ere horrela egiten da; lurrean bidea markatzen da eta parte-hartzaileak pixka bat mareatu ostean, txistulari eta danbolinjoleek inguratuta, aurrera egiten dute. Bidetik atera edo soka zapaltzen badute, kanporatuta gelditzen dira.

Musikariek ‘Tranka-tranka’ deituriko pieza jotzen dute, ekitaldi honetarako berezia, egun horretan soilik jotzen dutena. Musika normal jotzen dute, baina ‘ehiztaria’ bidearen soketara gerturatzen bada ozenago jotzen dute, parte-hartzailea arriskuaz ohar dadin eta, bide batez, publikoaren laguntza oihuak (ezkerrera, eskuinera...) estaltzeko.

Bidearen amaieran, egun oilar baten irudia marraztuta duen espazioan bertan, egoten da hegaztia, kaiola batez babestua. Parte-hartzaileak ezpatarekin oilarraren gainean, airean, borobil bat marraztearekin nahikoa izango du sariaren 20 euroak eskuratzeko.

Azken urteetan gero eta parte-hartzaile gutxiago ari dira ematen izena, eta azkenaldian, pandemia dela eta, ospatu ez denez, Udalak uste du aurtengo edizioak berebiziko garrantzia duela ohitura bizirik mantentzeko. Hori dela eta, deialdia egin dute herriko nerabeek parte har dezaten. Horretarako, ekainaren 15ean 19.00etan plazara gerturatu besterik ez da egin behar, eta han bertan apuntatu.

Aldatu egin den ohitura

Legazpin 1608koak dira aurkitu diren Korpusaren lehen erreferentziak. Oilar Jokoari buruzkoak, berriz, 1808koak dira, nahiz eta bertan aipatzen den gutxienez 100 urte lehenago ere ospatzen zela. 1932an alkateak oilarrari bertan lepoa moztea debekatu zuen eta hegaztia ukitzearekin nahikoa zen.

1936ko gerra osteko debekua saihestea ere lortu zuen jokoak Legazpin, garaiko parrokoari esker, Zoru Sakratua aplikatu baitzuen. 1980an ‘ehiztarien’ adina finkatu zen, 12 eta 18 urte bitartekoa, eta 10 urte geroago aurreko urteetako irabazleei berriro parte hartzeko aukera eman zitzaien. Gerora, emakumeen parte-hartzea ere sustatzen hasi ziren (lehenak 2015ean irabazi zuen).

Hegaztia kaltetzea debekatuta dagoen arren, kaiola batean plazan jartzen dute oraindik ere, eta horrek kritikak ekarri ditu animalisten aldetik, oilarra urduri jartzen delako. Argi dago oihuturen biziraupenerako beharrezkoa dela horiek garai berrietara egokitzea. Agian, laster, oilarra ez da benetakoa izango, eskatzen duten bezala, eta sektore guztiek gozatzeko jaia bilakatuko da, kexarik gabe.