Euskarak azken urte (edo hamarkada) hauetan Iruñerrian emandako aurrerapauso handiaren erakusle izan da Korrika 24. edizioaren etorrera. Igande honetan, ordutegi egokian eta eguraldi lagun (eguzkitsu baino epel), milaka eta milaka lagunek eman dute euskararekiko maitasunaren seinale. Euskaldunak eta euskaltzaleak, emakumeak eta gizonak, haur zein gazte eta gurpil-aulkian zebilen hiritar ugari ere bai.
Malko askotxo askatu ditu gaurko egunak 'lingua nabarrorum'-aren hiriburuan. Uneren bat aukeratu behar bada, Udal Plazakoa litzateke, ezinbestean. Bertara Iruñeko Peñen Federazioaren eskutik heldu da lekukoa, eta era inprobisatuan txaloka eta saltoka hasi da jendetza, Sanferminetako suziriaren une magikoa nolabait irudikatuz. Joseba Asiron alkateak hartu du lekukoa, bera ere hunkituta, eta Santo Domingo kalerantz abiatu da, lasterketari segida emateko.
Alde Zaharra jendez gainezka ageri da igandeko bazkalondoko tarte honetan. Baina ez karrika estu horiek bakarrik, baita Lezkairuko etorbide zabalak ere, edota Txantreako kale kantoi bitxiak ere, edo Argaz bestaldeko Arrotxapeako gune zahar eta berriak.
Barañaindik Arazurirainoko jende uholdea
Eguna gogoangarria izango zela Barañaingo auzokideek aurreratu dute, goizeko 5ak aldera zirelarik. Batzuk –gehienak agian– gaupasan eta beste batzuk ohetik altxatu berriak, sekulako giroa sortu dute, bengalak piztuta eta guzti.
Hortik, lur lasaiagoetara egin du Korrikak; Ultzama aldera. Bertako inguruetan distira berezia hartu du egunsentiak. Kexarik gabeko eguraldia ekarri du aurtengo edizioak momentuz. BDZ taldeko kideek harako bidean egin dute kilometroa; aurretik eta gero ere agerian gelditu da Palestinak jasotzen duen elkartasuna euskaltzaleen aldetik.
Geroago, Atarrabia aldetik hasi da lekukoa Nafarroako Garaiko hiriburura gerturatzen. Lehenengo sartu-irtena Txantreatik egin du, non, aldarrikapenez bete da ‘tropela’, horien artean presoak behingoz etxera ekartzearena, bertako errepresaliatuak izandakoen kilometroan. Sare eta Etxerateko kideek hartu dute lekukoa hortik aurreraxeago, Antsoainen, hain zuzen ere.
Belaunaldi berri bat ageri zaio bidean Korrikari auzo gazteenetan: Sarriguren, Mendillorri, Erripagaina...
Iruñetik iparraldeko irteera horretan herri gehiago batu ditu Korrikak. Burlatan lekukoa eskutan hartu du Berta Arizkun alkateak, eta giro oso berezia sortu dute Larratz dantza taldeko kideek, lagun sahararrekin batera, beren jantziak eta guzti. Zer esanik ez, hortik Uharterako tartean, non joaldunak agertu diren bat-batean. Joare doinuak ‘Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika’ oihuekin nahasi dira.
Belaunaldi berri bat ageri zaio bidean Korrikari hurrengo kilometroetan. Izan ere, Sarriguren, Mendillorri, Erripagaina, Lezkairu... auzo berriak dira, gazteagoak, eta lehenengo lerroetan garbi irudikatu da hori: haurrez bete da euskaltzaleen multzoa. Streaming seinalean drone bidezko irudi politak zabaldu dituzte, etorbide zabal horiek baliatuz.
Osasuna eta La Pamplonesa
Sadarretik sartu da berriz ere lasterketa Iruñera, 20 minutu inguruko atzerapenarekin, arratsaldeko 14ak igarota jada. EiTBko langileen eskutik heldu zaio txanda Osasuna Fundazioari. Kazetari ‘gorritxo’ amorratu ugarik eraman du lekukoa aurreko tartean (Aritz Agirre, Josu Ganuza, Arnaitz Fernandez metereologoa...) eta Patxi Puñal kapitain mitikoaren eskuetan jarri du.
Ez da hau Korrika bultzatu duen Iruñeko instituzio bakarra. Iturramara helduta, La Pamplonesa udal banda taldeko kideek hartu dute lekukoa, hiriko gaitero eta Duguna-ren dantzariekin batera. Zenbait peñaren txanda heldu da jarraian: La Unica, Aldapa... beren ‘eremuan’ sartzen ari ginen, hain justu ere. «Ofizialtasuna» aldarrikatzen zuen pankarta handi bat ageri da tarte horretan, San Lorenzo elizara heldu aurretik.
Bada gaurkoan bikotekideari kilometro bat oparitu diona, euskaltegian elkar ezagutu eta maitemindu ondoren. Egun hoberik ba al zen?
Alde Zaharreko talde ugarik elkarbanatu du lekukoa hor, auzoko dendariak, Gure Eskuko kideak... Aurrexeago, EH Bilduk, Geroa Baik eta Sortuk heldu diote, Ana Ollo sailburua Euskarabideren izenean, Volkswageneko langileak, ‘Nafarroako trabestiak’ eta peña gehiago... mundu bat sartzen da Korrikaren karabana etengabean.
Arrotxapea, Donibane eta Sanduzelain bihotz taupadak moteltzen joan dira ezinbestean, hiriko erdiko emozio eztandaren ondoren. Eta Korrika 24ak ‘hurrengora arte’ esanda abiatu da Arazurirantz, gauez Lizarrara heltzeko konpromisoa hartua baitu.
Maitasun adierazpen itzela izan da Iruñerriak Korrikari egindakoa... eta alderantziz. Horren seinale xume bat emateagatik, partikularra, anonimoa, gaurko egunean izan da bere bikotekideari kilometroa oparitu diona ere, euskaltegian elkar ezagutu ondoren.

Varios activistas de la Flotilla llegan a Turquía heridos; dos de los vascos, hospitalizados

UPN, PP y Vox patalean porque la nueva camiseta del Athletic tiene un mapa de Euskal Herria

Iberiar Penintsulan ia desagertuta dagoen landare espezie bat aurkitu dute Gasteizen












