NAIZ

Jesus Mari Larrazabali buruzko dokumentala asteburuan ikusgai, 11TBn

Bere heriotzaren bigarren urteurrenean, 11TBk Jesus Mari Larrazabali buruzko dokumentala emango du. ‘Tarzanen arrastoan’ lanaren lehendabiziko emanaldia ostiralean, ekainaren 30ean, gaueko 22.00etan izango da. Uztailaren 1ean eta 2an, dokumentala 20.00etan emitituko da.

Gaur bi urte bete dira Jesus Mari Larrazabal hil zela. Militante abertzalea, Gasteizen parlamentaria eta Filosofiako irakaslea izan zen Larrazabal. ‘Tarzan’ ezinenez ezaguna, Zumaian jaio zen, 1948an.

Parisen egin zituen ikasketak eta Logikako katedraduna izan da Euskal Herriko Unibertsitatean. AEBetan ibili zen ikerketan. UPV-EHUko Institute for Logic, Cognition, Language, and Information, ILCLIko sortzailea izan zen.

Bere lagun Kepa Kortak honela oroitzen zuen GARA egunkarian bere heriotzaren egunean. Polemista handia, ezagutza ozeaniko baten jabe eta umore handikoa, Larrazabal jenio bizikoa zen, eta ezagutu zuten guztiek berari buruz zerbait kontatzeko izango dute. Arrastoa uzten zuen pertsona horietakoa zen ‘Tarzan’, zalantzarik gabe.

Hortik abiatuta, ziur asko, bere lagunek dokumentala egin dute, ‘Tarzanen arrastoan’ izenburua duena. Iaz Zumaian, bere herrian, estreinatu zuten lagunartean. Asteburu honetan behin betiko bertsioa 11TBn emitituko dute.

Lehendabiziko emanaldia ostiralean izango da, ekainaren 30ean, gaueko 22.00etan. Uztailaren 1ean eta 2an, 20.00etan berriro emitituko da. Bertan ‘Tarzan’ ezagutu zutenek hitz egiten dute, bere bizitzari errepasoa emanez, bere izaeraren alderdi desberdinak gogoratuz.