Amaia U. Lasagabaster

Ezustekoen txapelketa irabazle berri baten koroatzearekin amaituko da

Espainiak eta Ingalaterrak lehen aldiz jokatuko dute Munduko Koparen finala Sidneyn, Irene Paredes eta Oihane Hernandez euskal ordezkariekin. Sarina Wiegmanen taldeak Europako Txapelketa irabazi zuen iaz, eta espainiarren palmaresa hutsik dago.

Aitana Bonmati eta Georgia Stanway iazko Europako txapelketan.
Aitana Bonmati eta Georgia Stanway iazko Europako txapelketan. (Adam DAWY | EUROPA PRESS)

Talde berri bat gehituko zaie Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, Norvegia eta Japonia txapeldunei Munduko Kopako irabazleen artera. Ezustekoen torneoak ezingo luke amaitu irabazle berri batekin ez balitz. Finalera lehen aldiz heldu diren Espainiak edo Ingalaterrak ospatuko dute estreinako balentria hori.

“Lionesses” selekzioa finalean ikusteak, nolanahi ere, ez du inor harrituko. Nahiz eta baja ugarirekin iritsi zen torneora eta sekula Munduko txapelketa batean dominarik kolkoratu gabekoa izan, titulua eskuratzeko hautagai handien artean ekin baitzion lehiari. Azken finean, Ingalaterrak Europako txapelketa irabazi zuen orain dela urtebete, sekulako futbola jokatuz. Taldearen bizkarrezurreko zenbait jokalarik min hartuta etxean geratu behar izan duten arren, iazko torneo handian belaunaldi berriak mailari eusteko gai zela erakutsi zuen, orain berresten ari diren bezala. Berme handia dute, gainera, aulkian, Sarina Wiegman; orain dela lau urte lortutako arrakasta errepikatzen ari da teknikaria, orduan ere Europako Txapelketa irabazi eta Munduko Kopako finalera heldu baitzen Herbehereekin.

Zilarrezko dominarekin konformatu behar izan zen orduan aberkideen aulkian, Estatu Batuak faboritoaren aurka galduz. Gaur bere taldeari dagokio etiketa hori, are esperientzia gutxiago duen aurkariaren kontra. Izan ere, orain arte, Espainiak ez du kanporaketa bakar bat gainditu txapelketa handi batean.

Ez da selekzio bien arteko desberdintasun bakarra. Federazioen lanaren eta hautatzaileen prestigioaren arteko aldeak artikulu oso bat beharko luke. Txapelketa honetan ibili duten bidean zentratuz, desberdina izan da, helmuga berera eraman baditu ere. Lehen fasea aise gainditu ondoren, ingelesek aurpegi ezezaguna erakutsi zuten Nigeriaren eta Kolonbiaren aurkako kanporaketetan, afrikarrak penaltietan gaindituz eta hegoamerikarrekin sekulako izerdiak botata. Australiaren kontra, aldiz, ohiko irudi menderatzaile eta eraginkorra eskaini zuten. Zigorra bete ondoren James berreskuratuko duen arren, anfitrioiak gailentzeko erabili zuen hamaikako bera zelairatu dezake gaur Wiegmanek.

Baliteke Jorge Vildak aldaketak egitea. Askotan leporatu zaio erreakzionatzeko gaitasun txikia duela baina, multzoko fasean Japoniaren kontra sekulako jipoia jaso ondoren, taldea eta jokatzeko era aldatu zituen. Ingalaterrak ez bezala, kanporaketaz kanporaketa, eta beti pieza batzuk aldatuz, Espainiak goranzko bidea hartu du, aurkarien maila ere handitzen joan arren, finalera heldu arte.

Bi euskaldun egongo dira Espainiako taldean. Hasieratik jokatuko du Irene Paredesek, eta zalantzan dago Oihane Hernandezen parte hartzea; entrenatzailearen konfiantza bereganatu ondoren, zigorra bete behar izan zuen eta, Carmonak Suediaren aurka egindako lan onak sopeloztarraren itzulera oztopatuko du.

Edozein kasutan, badirudi Vildak aldaketak egingo dituela. Oihaneren balizko titulartasunaz gain, litekeena da hamaikakora bueltatzea azken bi partidetan erabakigarria izan den Paralluelo. Sakrifikatua Alexia izango litzateke.