Manex Altuna

Unai Gomez, Malcom Adu Ares eta Unai Egiluz Bilbao Athleticekin izango dira asteburuan

Lehen Mailan partidarik ez dagoenez, Carlos Gurpegik zuzentzen duen bigarren taldearekin arituko dira. Larunbat arratsaldean Uteboren aurka neurtuko dituzte indarrak Lezaman eta lehen jardunaldian berdinketa bat lortu zuten UD Logroñesen zelaian (0-0).

Unai Gomezek gola egin zuen Betisen aurka San Mamesen.
Unai Gomezek gola egin zuen Betisen aurka San Mamesen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Athleticen lehen taldeko jokalariak hiru opor egun izango dituzte asteburuan. Ligako jardunaldirik ez dagoenez, Ernesto Valverderen aginduetara egon izan diren lehoikumeak bigarren taldea laguntzera jaitsiko dira. Unai Gomez, Malcom Adu Ares eta Unai Egiluzek Carlos Gurpegik eta Ander Murillok zuzentzen duten taldea indartuko dute bigarren jardunaldian.

Bermeoko jokalaria izan da lehen taldearekin aurten debuta egin duen bakarra. Hamaikakoan sartu zen Real Madrilen kontra lehen jardunaldian eta atsedenaldian ordezkatua izan zen. Betisen aurka, berriz, bigarren zatian atera zen eta azken gola egin zuen (4-2).

Malcom Adu Aresek joan den denboraldian eman zuen jauzia lehen taldera. 9 partidatan parte hartu zuen, nahiz eta Bilbao Athleticeko fitxa izan. Hasi berria den ikasturtean ez du minuturik izan lau jardunaldietan.

Unai Egiluz erdiko atzelariak, aldiz, denboraldi aurrea burutu du lehen taldearekin eta atzeko lerroan egon diren lesioek azken deialdietan sartzea ekarri du.

Igo eta jokalariak atera

Berdinketa batekin abiatu zuen Bigarren Federazioko liga Bilbao Athleticek. Golik gabe amaitu zen UD Logroñesen aurkako neurketa eta Utebo talde aragoiarra hartuko dute larunbatean Lezaman. Athleticen youtube kanalaren bitartez jarraitzeko aukera izango da 18.30etan hasiko den norgehiagoka.

Eraldaketa handia gertatu da bigarren taldean iaz maila galdu ostean. Entrenatzaile aldaketarekin batera jokalari gazte berriak agertu dira. Denboraldi berrirako helburuez hitz egiterakoan, jokalariak ateratzea eta maila igotzea dela onartu zuen.

Gurpegi entrenatzailea Luis Bilbao eta Unai Gomezen ondoan. (@AthleticClub)
Gurpegi entrenatzailea Luis Bilbao eta Unai Gomezen ondoan. (@AthleticClub)

Padilla aritu zen atepean lehen jardunaldian eta defentsako lerroa Hugo Rinconek, Duñabeitiak, Jon de Luisek eta Aymanek osatu zuten. Zelai erdian Junior Bita, Jauregizar eta Ibon Sanchez izan ziren, Mattheus eta Quicala hegaletan eta Izeta goian. Bigarren zatian Rego, Luis Bilbao eta Valera atera ziren eta Basconiarekin fitxa daukaten Peio Canalesek eta Asier Hierrok lehen minutuak izan zituzten.

Bestalde, Elijah Gift hegaleko jokalariak gazte mailako taldearekin jokatuko du asteburuan. Izan ere, Liverpooletik fitxatutako mutila adin txikikoa da eta ez da bere nazioarteko transferra iritsi. Bigarren taldearekin hasi zuen denboraldi aurrea, baina Basconian abiatuko du ikasturtea.