NAIZ

Zinemaldiko programazio osoa eskura, NAIZen

Hasi da Zinemaldiaren 71. ediziorako atzera kontaketa eta, titulu eta aretoen arteko zurrunbilo horretan erosoago mugitu ahal izateko, urtero bezala, NAIZen programazio osoa jarri dugu erabiltzaileen eskura.

Kursaal, Zinemaldia iragartzen.
Kursaal, Zinemaldia iragartzen. (ZINEMALDIA)

71. Donostiako Zinemaldia ate joka dugu jada. Irailaren 22tik 30era bitartean nazioarteko zinemagintzaren erakusleiho bilakatuko da Donostia eta bertakoek zein bisitariek industriaren baitan sortzen diren filme bikainenak ikusteko aukera izango dute.

Zinemaldiak berekin dakarren zurrunbilo horretan erosoago mugitu ahal izateko, NAIZen programazio osoa jarri dugu erabiltzaileen eskura, sailez sail, emango diren filmeen emankizunen gaineko informazio zehatza eskura izan dezazuen.

Azken urteetan bezala, aurten ere hainbat euskal ekoizpen ikusteko aukera izango da Zinemaldian. Fermin Muguruzak, esaterako, muga zeharkatu nahi duten etorkinen tragedian jarriko du begia ‘Bidasoa 2018-2023‘ dokumentalean, eta Sail Ofizialean bi zinemagile donostiarren lanak ikusteko aukera izango da: Isabel Herguerak ‘Sultanaren ametsa’ animazio filma aurkeztuko du eta Galizian finkatutako Jaione Camborda, bere aldetik, ‘O corno’ filmarekin lehiatuko da Urrezko Maskorragatik.

Emakume zinemagileen bizipen eta erronkak xehatuko dituzte Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendik ‘Arnasa batean, emakume zinegileak’ lanean eta Josu Martinez, bere aldetik, bi filmerekin aurkeztuko da Zinemaldira: ‘Bizkarsoro’ eta ‘Mirande. Film bat egiteko zirriborroa’.

Zabaltegin, Irati Gorostidiren ‘Contadores’ eta Ion de Sosaren ‘Mamántula’ lehiatuko dira. Eta, lehiaz kanpo, Paul Urkijoren ‘Irati’, Amat Vallmajor-en ‘Misión a Marte’, Iratxe Fresnedaren ‘Tetuán’, Estibaliz Urresola Solagurenen ‘20.000 erle espezie’, Feliz Viscarret-en ‘Una vida no tan simple’... euskal zinemak azkenaldian eman dituen film bikainenetariko batzuk ikusteko aukera paregabea izango da.

Baita, euskalduna ez bada ere, Silvia Munt kataluniarraren ‘Las buenas compañías’ ere, Errenteriako emakume talde batean oinarritutako filma, abortu eskubidearen aldeko aldarria goratzen duena.

Sarituen artean, ezin aipatu gabe utzi Victor Erice karrantzarrak jasoko duen Donostia Saria. ‘El espíritu de la colmena’ bikaina estreinatu zuenetik 50 urte betetzen diren honetan, Zinemaldira itzuliko da zinemagilea bere lan berria, ‘Cerrar los ojos’, aurkezteko.

Paco Sagarzazu zinemagile eta antzezleak jasoko du, bere aldetik, Zinemira saria, euskal zinemagintzan eta antzerkian egindako ibilbide oparoaren onarpen gisa.

Hau guztia aurtengo Zinemaldiak emango duenaren lagin txiki bat besterik ez da. Programazioa deskargatu eta begirada bat ematea nahikoa da horretaz jabetzeko. Eta, erreferentzia gehiago behar dituenak, jarrai gaitzala Zinemaldian zehar: ohi bezala, nazioarteko jaialdiak ematen duenaren gaineko informazio baliagarria zabalduko du-eta NAIZek.