Arnaitz Gorriti

Emakumeen Saskibaloi Liga, eskailera mailan gorantz jarraitzeko bide bat aurkitu nahian

Valentzia Basket eta Zaragoza dira Ligako eta Kopako egungo txapeldunak; Girona eta Perfumerias Avenidak gailurrera itzuli nahi dute. Horren aurrean, Lointek Gernika Bizkaiak, Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek ez dute atzean geratu nahi.

Lara Gonzalez eta Laia Flores pasa den Euskal Kopan, bi fitxaketa garrantzitsu IDK eta Gernikari indarra emateko antolatzaile postuan.
Lara Gonzalez eta Laia Flores pasa den Euskal Kopan, bi fitxaketa garrantzitsu IDK eta Gernikari indarra emateko antolatzaile postuan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Urtero ikusten da Emakumeen Endesa Liga gorantz doala eta goian mantentzea beti asko kostatzen dela». Ados daude berdin Madelen Urieta, Kutxabank Araski taldeko entrenatzailea eta Lucas Fernandez, Anna Montañana eta Mario Lopezen lekukoa hartuta Lointek Gernika Bizkaia zuzendu behar duen teknikaria ere. Hori horrela bada, IDK Euskotrenekin batera, hiru euskal taldeek azken aldian bete ohi duten bigarren eskailera maila horretan jarraitzea ere ez da gauza xamurra; are gutxiago gorenerantz pausoa ematen ahalegintzea, 2023/24 denboraldia hastear den honetan.

«Emakumeen Endesa Ligak asko eskatzen du eta onenen aurka irabazteko duzun guztia ematea gutxi balitz, gainontzeko aurkariei aurre egiteko ere ez da gutxiago behar», dio Angie Bjorklund Lointek Gernika Bizkaia taldeko eskolta estatubatuarrak. Iaz saskibaloia lagata ibili arren, aurten itzultzea erabaki du bizkarreko behin-behinean saskibaloia uztera eraman zuten bizkarreko arazoak gaindituta. «Denboraldiaurrea beti da zaila, berdin dio gaztea edo nagusiagoa izan. Baina hementxe gaude bueltan, eta gogotsu gainera! Nire bizitza saskibaloiari lotuta egin da betidanik eta behar nuen itzuli, eta egia esan talde polita osatu dugulakoan nago. Oraindik dena dago egiteko, baina taldeak itxura ona du», gaineratu du Washingtonen lekutzen den Spokane Valleyn sortutako jokalariak.

Lehiaketan gorengo postuetan burua ateratzea zenbateraino zaila den ongi daki Marta Hermida Kutxabank Araski taldeko jokalariak ere. Joan den urtean Leganesek maila galdu bazuen ere, Hermida Emakumeen Ligako jokalari gazte onenen artean errekonozitu zuten, bere bizitasunari esker. «Madek deitu zidanean ez nuen zalantzarik egin. Araski beti izan dut gogoko eta nire energia Mendizorrotzan igarri dadin ahalegintzera nator», dio antolatzaile madrildarrak.

Zalantzarik gabe, euskal taldeen artean fitxaketa deigarrienak IDK Euskotrenek egin ditu. Ez bakarrik Euskal Kopa bigarren urtez segidan irabazteko Lointek Gernikari 31 puntu sartu zizkion Erin Whalen fitxatu duelako, ezta ere Belgikako selekzioarekin Europako txapeldun geratu berri den Becky Massey Donostiara iritsi delako, baizik eta Zaragozarekin Kopa irabazteko sekulako garrantzia izan zuten Lara Gonzalez donostiarra eta Gracia Alonso de Armiño bilbotarra Azu Muguruzak bereganatu dituelako baino.

«Defentsa Ministroa» ezizena irabazi zuen Gracia Alonsok Zaragozan, eta Kopako finala irabazteko ezinbestekoa izan zen bilbotarraren ekina, are gehiago Vega Gimeno epaileek egotzi eta gero. «Taldeak behar ninduela ikusi dut eta ez dakit zer den, baina zerbait esnatu da nire barnean taldeari lagundu ahal izateko», adierazi zuen hegaleko bizkaitarrak.

Lara Gonzalezen lana ez zen horren deigarria izan, min hartuta jokatu behar izan baitzuen Kopako azken kanporaketetan. Antolatzaile donostiarrak Zaragozan bi denboraldi egin ditu eta etxera itzultzea erabaki du, erabaki garrantzitsua Azu Muguruzak zuzentzen duen taldearentzat, iaztik hona bi jokalarik baino ez baitute jarraitzen; hau da, Maria España eta Yurena Diaz kapitainek.

Hala, Lara Gonzalez eta Gracia Alonso de Armiño jokalariak ekartzea ez da bakarrik Azu Muguruak taldearen aurkezpenean adierazitako «talde borrokalaria eta moldakorra» osatzeko bi osagai gehiago ekartzea bakarrik, talde eraberritu bat osatzeko beti aipatzen den «kimika» hori sortzeko ezinbestekoak izango baitira.

Luzera begira

Ohikoa den moduan, Emakumeen Endesa Liga asteburu honetan hasiko bada ere, jarraitutasunik hartzea kostako da. Alegia, zapatuan jokatuko dute hiru euskal taldeek, eta hirurek etxean: Benbibre izango du aurkari IDK Euskotrenek 18.00etan; 18.30etan jokatuko du Gernikak Ensinoren aurka eta 19.00etan, berriz, Ferrol igo berria hartuko du Kutxabank Araskik Mendizorrotzan. Baina hurrengo asteburuan, berriz, jai izango dute, Superkopa jokatuko baita Kanaria Handiaren pistan irailaren 30eko eta urriaren 1eko asteburuan. Horrez gain, otsailaren 4tik 12ra Olinpiar Jokoetarako sailkatze torneoa ere jokatu da eta Emakumeen Ligak etena jasango du. Hori gutxi ez-eta, Kopa, aurreko urteetan bezala, oso berandura atzeratu behar izan da: martxoaren 21etik 24ra; hau da Ligako play-offak jokatu baino hilabete bat lehenago bakarrik.

Ondorioz, luzera begira lan egin beharko dute talde guztiek. «Gure helburua borroka guztietan hor egotea da: Europan aurreneko ligaxka gainditzea; Koparako sailkatzea; Liga titulua lortzeko play-offetan jokatzea ere», dio Marta Alberdi Lointek Gernika Bizkaia taldeko hegaleko bizkaitarrak. «Baina horra iristeko luze dago oraindik. Lehenengo taldea osatu beharko dugu; liga jokatzen hasi eta Europan ere ekin, nahiz eta aurreneko partida –urriaren 12an– munduaren beste puntaraino joan behar –Tel Avivera, hain zuzen–. Aurreneko haste hauek oso garrantzitsuak izango dira gero taldeak nola funtzionatuko duen ikusteko», gaineratu du hegaleko gernikarrak. «Taldeak iaz lesioekin oso txarto pasa zuen, ez nik bakarrik, eta hargatik aurten indartu egin dugu, batez ere barruko jokoan. Gauzak ondo, errazago ibiliko garela espero dut», dio, bestalde.

Lucas Fernandez entrenatzaileak arnasa hartzen du hori guztia jakinda. «Hasierako geldialdi honek balioko digu gero taldea indartzen joateko. Lan karga handia sartzeko astea izango da eta, era berean, taldeak elkar hobeto ezagutzeko ere», azpimarratu du. «Gure mailarik onena oraindik urruti dago, baina hasierara prest iritsi behar dugu. Horretarako balio du denboraldiaurreak», berresten du, bestalde, Angie Bjorklundek.

«Emaitzak ez dira onak izan», gaineratu du Melisa Gretter, Kutxabank Araskik aurten egin duen fitxaketa garrantzitsuenetako batek –antolatzaile argentinarrarekin batera, Tamara Seda, Laura Aliaga, Brittany Brewer, Samantha Holliday eta Marta Hermida ere iritsi dira Gasteiza–. «Sentsazioak emaitzak baino askoz hobeak izan dira, baina oraindik jarraitutasuna falta zaigu. Hiruzpalau minutu on egitea ez da nahikoa gero beste bi minutuz maila jaisten baduzu. Hala, normala da jasan ditugun porrotak jasatea. Baina denboraldia hasten denean, irregulartasun horiek ezin dira barkatu», dio.

«Emaitzek konfiantza eman diezazukete, baina denboraldia hasten denekoak balio du», gaineratzen du Marta Hermidak. «Gure zaleen aurrean elkartzeak indarra eman behar digu eta hori da denboraldiari behar bezala ekiteko behar duguna», azapimarratu du

Faboritoak beti faborito

«Guztien aurka borrokatzen saiatu behar dugu eta gure betiko helburuak bete: Kopa eta play-offetan sartzea», berresten dute berdin Itziar Ariztimuñok Gernikan zein Txell Alarconek Gasteizen. Baina Valentzia Basket da egungo Liga txapelduna eta faborito nagusia, eta iaz ez bezala, Bec Allen hegaleko australiarra berehala izango da Valentzian WNBAko lanak amaitzen dituenean.

Perfumerias Avenidak Roberto Iñiguez entrenatzaile gasteiztarra galdu zuen pasa den denboraldiaren erdialdera, eta hala ere Kopako eta Ligako finaletara sailkatu zen, nahiz eta biak galdu. Aurte, nahiz eta Maite Cazorla galdu, Laura Gil eta Sika Kone lako bi jokalari izarrekin barruko jokoa indartu dute.

Gironak iaz lesioekin ez zuen batere zorterik izan. Irati Etxarri iruindarra laster da jokatzeko moduan, eta Laura Antoja entrenatzailearen eskutik Kelsey Mitchell, Regan Magarity edo Marianne Tolo lako jokalariekin talde aparta jantzi du, Sandra Ygueravide ahaztu gabe, Gernikarekin trukea egin ostean antolatzaile postuan, Laia Flores Bizkaia aldean baita.

Basket Zaragozak, bestalde, Leonie Fiebich alemaniarra, iazko MVPa mantendu du aurten, eta Euroliga eta Ligako lanak uzartzen zernola kmoldatuko den inork ere ez badaki ere, Tanaya Atkinson Araskiko izar ohia, Aleksa Gulbe edota Nerea Hermosa pibot gasteiztar gaztea ere bertan izango ditu, eta zeresana emango dute.

Horiek laurak dira Emakumeen Endesa Ligan gailentzera deituriko lau talde nagusienak. Talde horien ondoan, eskailera maila bat beherago egon beharko lukete euskal taldeek, baldin eta lesioekin eta fitxaketa berriekin asmatzea lortuz gero. «Hamar urte daramatzagu elitean eta badakigu zer datorkigun bidera», esan du asteon Gerardo Candina Lointek Gernika Bizkaia klubeko presidenteak, eta astebete aurretik, antzerakoa bota zuen Azu Muguruza IDK Euskotreneko entrenatzaileak ere. Horiek hala, aurkarien zailtasuna aintzat hartuta ere, zergatik ez baikor izan.