NAIZ

Julen Alberdi ‘Txikia IV.ak’ eraman du Urrezko Aizkolarien Txapeldunen finala

Iker Vicente hobeto aritu da aurreneko hiru probetan. baina 65 ontzako enborrarekin eta iraupen proban Azkoitiko aizkolariak Otsagabikoa minutu erdiko gainditu du. Hauen bien atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Hodei Ezpeleta ‘Bihurri’ eta Mikel Larrañaga.

Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ Urrezko Aizkolarien txapela buruan dela.
Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ Urrezko Aizkolarien txapela buruan dela. (@EITB)

Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ izan da nagusi Etxebarrin ostegun honetan jokatu den Urrezko Aizkolarien Txapeldunen finalean, Iker Vicente, Hodei Ezpeleta ‘Bihurri’ eta Mikel Larrañagaren aurretik hurrenez hurren.

Lau parte-hartzaileek lehenagoitik ere bazekiten txapelketa honetan irabazle ateratzea zer zen, baina kasu honetan Azkoitira joan da garaipena, 65 ontzako egurra botatzeko eta azken lan luzean, 60 ontzako lau enborretan, oinarrituz bere garaipena.

Alabaina, hasierako betebeharretan Iker Vicente hobeto eta egokiago aritu da. ‘Txikia IV.a’ren erreferentzia izan du Otsagabikoak, Alberdi eta Larrañagari egokitu baitzaie zozketa bidez proba guztietan aurretik hastea. Hala, gainontzekoen lanak hobetu ditu nafarrak 45 ontzako egurrekin. Berdin ahalik eta kolpe gutxien amaitzeko proban (32 Vicentek –kolpe bakoitzeko segundo bat–; 39 ‘Txikiak’), zein erlojupekoan (40 Otsagabikoak; 43 Alberdik) edota zutikakoan (47 nafarrak; 49 azkoitiarrak).

65 ontzakoan hasi da buelta ematen Julen Alberdi lehiari. Egia da pareko arerioaren aldean egur samur askoa ere egokitu zaiola, baina nolanahi 16 segundoko tartea bere alde jarrita lortu duela iristea iraupen probara. Bere ondoan aritu den Mikel Larrañaga ordurako aukerarik gabe geratu da, batez ere 65 ontzako enborra oso lakarra egokitu baitzaio, eta 60 ontzako lau enborretan ere azkoitiarra gehiago izan da, 12 minutuz behetik bota baititu lau enborrak, orotara 16 minutu eta erdiko langaren inguruan pausatuz bere denbora.

Esan bezala, Iker Vocente eta Hodei Ezpeleta ‘Bihurrik’ erreferentziak jakitearen abantaila izan dute, eta Otsagabikoak ederki baliatu du aurreneko hiru probetan. Alabaina, Ezpeletak Iker Vicentek berak baino zortzi segundo arinago bota du 65 ontzako enborra eta lan luzera lider aldaketa emanda iritsi da finala.

Iraupen proban bertan ere lanak izan ditu Iker Vicentek Hodei Ezpeleta gainditzeko. Erdi lanetara eibartarra nafarraren aurretik iritsi da, beti ere Julen Alberdi ‘Txikia IV.aren’ denboretatik urrun. Hala, bigarren erdian Otsagabikoak bigarren postua berreskuratu badu ere, azkenean azkoitiarrak baino 31 segundu gehiago behar izan ditu orotara eta bigarren postuarekin konformatu behar izan du.

«Estuago joango ote zen espero nuen, baina itxura denez lan ona egin dut iraupen proban», pozik bezain harrituta mintzatu da txapelduna. «Hala ere, hirugarren eta laugarren enbor horiek botatzea asko kosta zait, eta horrek beldurtu nau. Beste biek –Vicente eta Ezpeleta– beren lanari oso gogor ekin diote eta ikusi egin behar erritmo horri eusteko kapaz ziren. Baina azkenerako apur bat moteldu dira eta, tira, gure alde erori da», gaineratu du ‘Txikia IV.ak’.

Urrezko aizkolarien Txapeldunen Finala. Sailkapen nagusia:

1-Julen Alberdi ‘Txikia IV.a’ 16:31

2-Iker Vicente 31ra

3-Hodei Ezpeleta ‘Bihurri’ 1:28ra

4-Mikel Larrañaga 2:18ra