NAIZ

IDK Euskotreneko Yurena Diazek kirofanotik pasa beharko du, belauneko lesioa dela-eta

Donostiarren antolatzaile titularra pasa den ostiralean lesionatu zen, Valentzia Basketen aurka. 2019an bezala, berriz ere ezkerreko belaunean hartu du mina, baina oraingo honetan lotailu gurutzatuko plastiak ez du kalterik jasan, jokalari kanariarraren lesioa «barne meniskoan» izan baita.

Yurena Diaz, Sandra Ygueraviderekin, Lointek Gernikaren aurkako derbi batean.
Yurena Diaz, Sandra Ygueraviderekin, Lointek Gernikaren aurkako derbi batean. (Jon URBE | FOKU)

Yurena Diaz, IDK Euskotreneko antolatzaile titular eta kapitainak berriz ere kirofanotik pasa beharko du hilaren 14an, pasa den ostiralean Valentzia Basketen aurkako Emakumeen Endesa Ligako saskibaloi partidan ezkerreko belaunean min hartu zuelako.

Iaz ere eskuineko belaunean lesio larria jasan zuen antolatzaile kanariarrak eta aurrez, 2019, ezkerreko belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen. Bere txarrean zorionez, oraingoan ez du lotailu gurutzaturik hautsi Yurena Diazek; talde donostiarrak bidali duen txosten medikuaren arabera, «belauneko lotailuen plastiak ez du kalterik jasan». Horren ordez, «ezker belauneko barne meniskoan lesio konplexu bat antzeman zaio», dio aipatu txostenak.

Hargatik, hilaren 14an berriz ere ebakuntza gelatik pasa beharko du Yurena Diazek meniskoan duen lesio hori konpontze aldera. Klubak berak ezertxo aipatu ez badu ere errekuperazio denborari dagokionez, esan gabe doa luzerako joango dela jokalari kanariarra kantxetara itzultzeko bidea, nahiz eta litekeena den denboraldia amaitu aurretik berriz ere jokatzeko moduan izatea.

Pasa den urtarrilean eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen antolatzaile kanariarrak entrenatzen ari zela. Ondorioz, ebakuntza gelatik pasa behar izan zuen  eta ezin izan du kantzetara itzuli aurtengo denboraldiaurrea hasi arte.

Hargatik, bistakoa da bere denboraldi hasiera nahiko apala izaten ari dena, izan ere batez beste 2 puntu, asistentzia bat eta errebote bat baino ez baititu lortu orain arte. Nolanahi, 18 minutu ari zen jokatzen partidako, Lara Gonzalez donostiarrarekin eta Alba Prieto andaluziarrarekin batera antolatzaile lanak burutzen.

Orain arte gainera, Liga hasiera ona burutu du talde donostiarrak, sei jardunaldiren buruan seigarren postuan baitago, 4-2 balantzearekin, Gironan eta Valentzian bakarrik galdu ondoren. Ikusi egin behar nola moldatzen diren aurrerantzean Azu Muguruza eta bere jokalariak, hurrengo arerioak Estudiantes –hilaren 16an Josean Gascan–, Jairis –hilaren 18an, etxean baita ere– eta Kutxabank Araski –hilaren 25ean, Mendizorrotzan– izango baitira.