Arnaitz Gorriti

Eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu du Yurena Diaz IDK Euskotreneko kapitainak

Joan zen asteko asteazkenean entrenatzen ari zela min hartu zuen Kanaria Handian jaio eta hazitako antolatzaileak, eta astelehen hontan eman du jakitera Donostiako klubak leaio honen larritasunaren berri. Hilaren 25ean operatuko dute.

Yurena Diaz, Sandra Ygueraviderekin lehengo itzuliko derbietako baten.
Yurena Diaz, Sandra Ygueraviderekin lehengo itzuliko derbietako baten. (Jon URBE | FOKU)

Amaitu da 2022/23 denboraldia Yurena Diaz, IDK Euskotreneko antolatzaile eta kapitainarentzat. Joan zen asteazkeneko entrenamenduan belaunean min hartu zuen jokalari kanariarrak eta hargatik, mediku azterketa zehatzak egin eta haien emaitzak jakitearen zaqin, zapatuan ez zuen Benbibreren aurka jokatu. Astelehen bazkalostean eman du jakitera Ibaeta Basketek berak azterketa hauen emaitza eta bistan denez, Diazek eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu du.

Hilaren 25ean Mutualia klinikan egingo diote ebakuntza antolatzaileari, De la Fuente doktorea buru izango duen taldeak, hain zuzen. Ebakuntza horren ostean jarriko zaio errekuperazio eperik, jartzekotan, baina Emakumeen Endesa Ligako Fase Erregularra apirilaren 4an amaituko dela aintzat hartuta, eta IDK Euskotrenek titulurako play-offak jokatuko balitu ere, pentsaezina da otsailaren 24an 30 urte beteko dituen joko antolatzailea osatuta egon litekeekin ere. Hala, datorren denboraldira arte agur esan dio jokalari espainiarrak Emakumeen Ligari.

Asteazken goizean prentsaurrekoa eskainiko du Azu Muguruzak, igandean hilaren 22an 11.45etan Estudiantesen aurkako partida jomugan; ziurrenik orduan aurreratuko du klubaren ideia zein den, izan ere, uneotan Nicole Cardaño-Hillary da IDK Euskotrenek duen antolatzaile bakarra, eta Yurena Diaz zein behin behinean taldea utzita dagoen Ane Esnal gabe, Joy Adams da –Maria España edota Claudia Cuicen laguntzarekin, agian– antolatzaile lanetan laguntzarik es kaini dezakeen bakarra.

Eskarmentua eta giro ona

Hauxe izan da Yurena Diazek Donostian bete duen bigarren denboraldia. Kanaria Handiaren harrobian sortutako jokalariak 2011/12 denboraldian egin zuen debuta Emakumeen Ligan, artean 18 urte baino ez zituela. Hala, oraindik gaztea izanagatik, eskarmentua badu.

Ia beti Espainiako Emakumeen Ligan aritu da, 2016/17 denboraldian izan ezik. Bada, hasteko, 2011tik 2016ra Kanaria Handiarekin jokatu eta gero, 2016/17 denboraldi erdia Estatu frantsesean, Lyonen, pasa zuen orduan, eta Polonian beste erdia.

Handik Kataluñana eman zuen pausoa eta Cadi La Seu taldean izan zen 2017tik 2021era arte. Han ere lesio oso larria gainditu behar izan zuen, 2019an ezker belaunekio lotailu gurutzatua hautsi zuelako, Alabaina, buelta eman ahal izan zion eta maila on askoan jokatzen jarraitu du harrezkero.

Donostiara iritsi berritan, Yurena Diaz eta Maria España izendatu zituen Azu Muguruza entrenatzaileak kapitain izateko eta bien buruzagitzarekin, IDK Euskotren pasa den sasoian Kopara eta Ligako play-offetara iritsi zen, taldea erabat aldatuta aurkitu arren. «Gure izaerarekin gauza asko komunean dituzte Yurenak eta Mariak, eta Emakumen Liga ezagutzen ez zutenei ere, hirian eta leihaketa honetan beren lekua aurkitzen asko lagundu diete», adierazi zion NAIZi duela zenbait hilabete Carmen Muguruza Ibatea Basketeko presidenteak.

Bestalde, antolatzaile kanariarrak ez ditu zenbaki txarrak izan ez Emakumeen Ligan ezta Eurocupean ere: 8,2 puntu, 2,1 errebote eta 1,9 asistentzia Emakumen Endesa Ligari dagokionez, eta 5,8 puntu, 2 asistentzia eta ia errebote bat.