Arnaitz Gorriti

IDK Euskotrenek Mendizorrotzan irabazi du beste behin, Prietoren magiari esker (58-71)

Sevillako eskoltak 21 puntu sartu ditu eta berak ezarri du aldea Gasteizko euskal derbian. Tamara Sedarik gabe, erreboteetan oso ahul arigtu da Kutxabank Araski eta hiru garaipeneko bolada eten du, Azu Muguruzaren taldea nagusi izan baita atsedenaldiaz geroztik.

Melisa Gretter Kutxabank Araskiko antolatzaileak ezin izan du Alba Prieto geratu.
Melisa Gretter Kutxabank Araskiko antolatzaileak ezin izan du Alba Prieto geratu. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

KUTXABANK ARASKI 58 - IDK EUSKOTREN 71

IDK Euskotrenek ahal bezain beste partida Mendizorrotzan jokatzea pentsatu beharko luke. 2020ko otsailaren 16tik hona ¡jokatu duen aldiro irabazle suertatu da eta larunbat honetan ere halaxe izan da Kutxabank Araskiren aurka. Alba Prietoren 21 puntuek aldea ezarri dute, baina baita gasteiztarrek 11 errebote gutxiago jaso dituztela ere –25 eta 36–, Tamara Seda faltan botata, edota 17 baloi galdu dituztela.

Donostiarrek, aldiz, 19 hirukotik 10 saskiratu dituzte eta parte hartu duten jokalari guztiek saskiratzeren bat erdietsi dute gainera. Aurreneko erdia berdindu xamarra izan bada ere, behin atsedenaldiaz geroztik Azu Muguruzarenak nagusi izan dira eta ondo merezita eskuratu dute denboraldiko seigarren garaipena. Araskik, aldiz, hiru garaipen jarraian lortu eta gero, ezin izan dio bolada on horri eutsi, Natalie Van den Adelen eskutik gogotik ahalegindu den arren.

Lara Gonzalezen hiruko batekin ekin dio derbiari IDK Euskotrenek, iazko martxoan donostiarrek Mendizorrotzan 27 ahaleginetatik 14 sartu zituztela gogorarazteko edo. Nolanahi, Kutxabank Araskik 11-0ko partzialarekin erantzun dio eta horrez gain, Dulcy Fankamek bi falta berehala egin ditu, Azu Muguruzaren amorrurako. Erasoan donostiarrek pare bat jaurtiketa erraz huts egin dituzte eta abiada bizian, Ibaeta Basketen defentsa kokatu aurretik kontraerasoa amaitu ahal izan dute Made Urietarenek.

Hutsartea eskatu behar izan du Azu Muguruzak, baina hutsarteak berak baino gehiago, Alba Prieto kantxaratzeak egundoko mesedea egin dio talde donostiarrari. Sevillako eskoltaren bitartez 2-8ko partziala lortu du IDK Euskotrenek, Mendizorrotzako derbiari intentsitatea ez ezik, kalitatea ere eskainiz.

Kalitatea eta ikuskizuna ere ez da falta izan aurreneko laurden honetan. Donostiarrek behin-behinean markagailuan aurrea hartu dute, 17-18, Tunstull eta Maria Españaren bitartez, baina Marta Hermidak aurreneko laurdena amaitzeko txirrinarekin batera hirukoa saskiratzea lortuta, gasteiztarrek 20-18 jarri dute markagailua bigarren laurdenari begira.

Saskira begira biak ala biak oso inspiratuta aritu dira, baina kale egindako jaurtiketa gehienak donostiarren eskuetara joan dira. Honen zergatia Brit Brewerren bi pertsonalak izan dira; Tamara Seda falta dela, Brewer da Araskik duen pibot bakarra eta borroka horretan Ibaeta Basket nagusitzen hasi da. Horrez gain, Erin Whalenek bost puntu kateatu ostean 25-28 aurreratu da IDK Euskotren eta, badaezpada, Made Urietak hutsartea eskatu du.

Hutsartearen ostean talde biak punteria galtzen hasi dira eta, elkar kutsatuta, zenbait baloi elkarri oparitu dizkiote –epaileek urratsak lauzpabost aldiz adierazi behar izan dituzte–, abiadura eta presaka ibiltzea nahasiz.

Atsedenaldira bidean, Azu Muguruzarenek erreboteko nagusitasunaz gain, berriz ere hirukoetan asmatzea lortu dute, Alba Prieto eta Tunstullen bidez. Ondorioz, 30-36 aurretik iritsi dira donostiarrak, baina azken minutu horietan aldea are eta zabalagoa egiteko aukera garbi askoak pasatzen laga dituzte, uztaipean pare bat jaurtiketa erraz sartzeke lagata –hirukoetan 14tik 8 sartu badituzte, bi puntuko jaurtiketetan ez dira fin ibili: 17tik 4–. Kutxabank Araskiri, aldiz, patxada apur falta izan zaio, aurreneko erdiaaren amaiera partida amaiera balitz bezala.

Araski, biziraun nahian

Askoz hobeto itzuli da kantxara Donostiako taldea eta euskal derbia bere alde jartzen hasi da 0-6ko partzial bati esker. Aurreneko erdian bezala, Alba Prieto jokalari andaluziarrak izan du ihesaldi horren erantzukizuna, bere barneraldiak oraingo honetan saski barruan amaitu baitira. Markagailua 30-42 dela, Made Urietak nahitaez hutsartea eskatu behar izan du.

Hirugarren laurdeneko partziala 2-11raino luzatu du talde gipuzkoarrak, eta Prietoren hamabosgarren puntuari esker 32-47 aurretik jarri da IDK Euskotren. Alabaina, Kutxabank Araskik ez ohi du erraz etsitzen eta Sammi Hill eta Van den Adelen bitartez 5-0eko partzial batekin erantzun dute arabarrek.

Kutxabank Araskiko jokalariek zenbait jaurtiketa erraz huts egin dituzte hirugarren laurdeneko hurrengo minutuetan, baina Marta Hermida kantxaratzeak mesede egin dio, era berean eta kostata izan bada ere, hamar puztuz behetik hurbiltzea lortu dute Made Urietarenek: 42-49.

Lara Gonzalez eta Gracia Alonsok puntu oso baliotsuak lortu dituzte donostiarren aldea berriz ere zabaldu nahian, baina Laura Aliagak bi hiruko kateatu ditu Kutxabank Araskirentzat hirugarren laurdenaren azken minutuan, eta hala, gasteiztarrak azken laurdenera partidari buelta emateko aukerekin iritsi dira: 48-54.

Alba Prietoren distira

Laugarren laurdena ere hirugarrenaren antzera hasi da, Azu Muguruzarenek 0-6ko partziala erdietsita. Oraingoan ere Alba Prieto jokalari andaluziarra nagusitu da besteren gainetik. Yurena Diaz antolatzailea min hartuta dagoenez, Sevillako jokalariak antolatzaile lanak bere gain hartu ditu, baina horrez gain saskira begira dirdiratsu aritu da, defendatzaileen kontaktua jasota ere baloia sareetan barrena pasatzea lortu baitu.

Natalie Van den Adel saiatu da gasteiztarren erreakzioa gidatzen, baina herbeheretarrak presa larregirekin ekin dio eta, zeinek bestela, alba Prietok hogeita batgarren puntua sartu duelarik IDK Euskotrenen denboraldiko seigarren garaipena bermatu du, bosgarren aldiz jarraian Mendizorrotzan nagusitzea lortu eta gero.

FITXA TEKNIKOA

ARASKI: Sammie Hill (4), Txell Alarcon (10), Natalie Van den Adel (18), Brit Brewer (8) eta Melisa Gretter –hasierako bostekoa–, Laura Aliaga (9), Marta Hermida (8) eta Agostina Burani (1).

IDK: Lara Gonzalez (6), Laura Westerik (3), Erin Whalen (7), Becky Massey (7) eta Dulcy Fankam (8) –hasierako bostekoa–, Jewel Tunstull (12), Alba Prieto (21), Maria España (3) eta Gracia Alonso (4).

Epaileak: Cañigueral Novella, Hurtado Almansa eta Acevedo Perera. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 20-18, 10-18, 18-18, 10-17.

Gorabeherak: Sarrera bikaina Mendizorrotza pabiloian. Kutxabank Araskik bere harrobiko talde guztiak aurkeztu ditu.