Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Artola-Imaz eta Ezkurdia-Tolosa bikoteek estutu ederra eman diote sailkapenari

Binakako txapelketa bizi bizi iritsiko da ligaxkako azken txanpara. 8. garaipena batu dute Artola-Imazek, 12-22 garaitu baitute Elordi-Rezusta; hauekiko distantzia murriztu dute, bestalde, Ezkurdia-Tolosak, 17-22 Peña-Albisuri irabazita. Dena erabakitzeke geratzen da bi jardunaldiren faltan.

Imaz oso sendo aritu da atzeko koadroetan.
Imaz oso sendo aritu da atzeko koadroetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kirolak zerbait baldin badauka, sentimendua da, eta sentimendu horren aldaera boladaka etortzen da. Elordik urte gozoa izan zuen iaz, Buruz Burukoa eta Binakakoa irabazita. Iñaki Artolak gehiago sufritu zuen, nahi eta ezin horretan harrapatuta, eta aurten bazuen demostratu beharreko motxila hori. Bada, 2024. urte hasiera honetan, distira egiten ari da Alegiakoa eta horri esker –eta nola ez, Imazen erregulartasunari esker baita ere–, sekulako parekotasuna dago Binakako txapelketako sailkapenean. Hain dago berdindua, azken jardunaldira arte ez dela erabakiko finalerdietarako txartel zuzena eskuratuko duen bigarren bikotea. Zortzina punturekin daude Peio Etxeberria-Zabaleta eta Artola-Imaz, biek ala biek, 12. jardunaldia irabazi ondotik.

«Lehendabiziko lau bikoteen artean bukatzea ziurtatu dugu eta hurrengo partidak gutxirako balioko du, dena Labriten, azken jardunaldian erabakiko da. Finalerdietarako txartela egongo da jokoan eta asko motibatzen nau», adierazi du Baikoko aurrelariak, Elordi-Rezustaren aurka garaipen baliagarria eskuratu berritan, ahoan irribarrea ezin ezkutatuta. Langile trajea harrotasunez eramaten du Alegiakoak eta badaki, noiz edo noiz, distira ateratzen ere, atzean morroi sendoa daukala, Ander Imaz. Atzeko kuadroetan menderatu egin du Rezusta, uneoro deseroso aritu dena, eroritako pilota andana pilatu zaizkiola. Galdutako bakarra egin du oiartzuarrak; bergarakoak, aldiz, 5 galdu ditu.

«Esango nuke gure unerik gozoenean gaudela; gustora gaude, minik gabe, ondo ulertzen gara elkar, eta partida irabazita astea ere lasaiago eramaten da», esan du Imazek. Honek ere burua ligaxkako azken partidan dauka. Lehen itzulian, atzetik aurrera eginda, garaipen handia eskuratu zuten Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka (22-21) eta azken dema horretako garaileak sari potoloa eskuratuko du.

Batzuentzat zuzeneko txartela saria handia litzatekeen bezala, badaude beste zenbait bikote kanporatuak ez izateko borrokan murgilduta daudenak. Eta Elordi eta Rezustari asko konplikatu zaie guztia. Idiazabalgo pilotalekuan, fin hasi du dema mallabiarrak. 6-3 aurreratu dira gorriak, erritmo markatzen Elordi bera nagusi.

Urdinek, baina, txiri-txiri, lana eginez, partida estutzen hasi dira. Lehendabizi seina berdindu dute eta 6-7 aurretik ere jarri dira, lehendabizikoz. Artolaren aurreneko egindakoa izan da, txokora, eta 6-9koan ederki bukatu du jokaldia Alegiakoak. Nekeak eragina eduki ahala, urdinak berotzen joan dira, hobetzen, dieseleko motorra bailiran. «Fisikoki oso hasiera gogorra izan da. Horrelakoetan pentsatzen dut ni nekatua baldin banago, aurkariak ere antzera egon behar dutela eta beraz, sufritzen jarraitu behar dela. Sufritzaileak gara Ander eta biok, bi egoskor batu gara eta bikote ona egiten dugu», esan du, pozik, Artolak.

Egoskorkeria horretatik abiatuta, pilota moteltzen hasi denean eta aurrean bukatzeko aukera gehiago sortu ahala, distira ere egin du Baikoko aurrelariak. 10-10 berdinketatik, 10-16ra urrundu dira urdinak. Artolaren hutsegite bat eta Rezustak ongi egindako bat tarteko, suspertzeko itxura hartu dute gorriek (12-17) baina ameskeria hutsa izan zen. Artolak bere bertsiorik onena atera du jokaldiak bukatzeko eta garaipena ixteko (12-22).

Konplikatzen

Urte zahar egunean Peio Etxeberria eta Zabaleta garaitu zutenetik, jarraian beste bost jardunaldietan garaipena eskuratu dute Artola eta Imazek. Elordi eta Rezustak, kontrara, 2024ko bost partidetatik bakarra irabazi dute eta beraz, final-laurdenetako ligaxkarako txartela konplikatzen hasia zaie. Oraindik, beraien eskutan daukate, baina Ezkurdia eta Tolosaren susperraldiarekin, puntu bateko aldea besterik ez dago.

Bi bikoteek, gainera, aurkari berdinen aurka jokatuko dute: Lidertzan dauden Jaka eta Mariezkurrenaren aurka –Berriozarkoa min hartuta dabil eta ikusi egin behar ligaxkako azken partidak jokatu edo finalerdietarako zaintzeko hautua egiten duen– eta, matematikoki ez baina hanka bat kanpoan duten Laso eta Aranurenen kontra.

Ezkurdia eta Tolosak erakustaldia eman dute Labriten, oso kamuts aritu diren Peña eta Albisuren aurka (22-13). Atzelari anoetarra sendo aritu  da atzean, erreboteko bi pilota ere eramanda, ea beraz, sasoiko egingo dio aurre txanpa erabakigarriari.