Amagoia Mujika Telleria

Torturak emakumeen gorputzetan utzitako marketatik liburua osatu dute Arrasaten

‘Tortura Arrasaten genero ikuspegitik’ izeneko liburua aurkeztu dute, torturatuak izan diren emakumeen testigantzetatik abiatzen den errelatoa. Torturak generoa duela eta torturatzaileak hori zorrotz baliatu duela bistaratu nahi du lanak.

Arrasateko Kulturaten aurkeztu dute emakumeen torturaren inguruko liburua.
Arrasateko Kulturaten aurkeztu dute emakumeen torturaren inguruko liburua. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Guk benetako justizia lortuko dugu? Ez dakigu, baina, badaezpada, dena idatzita utziko dugu». Asmo horixe jasotzen du lehen orrialdeetan Arrasaten aurkeztu berri duten liburuak. ‘Tortura Arrasaten genero ikuspegitik’ izeneko liburuak «zortzi emakume ausarten kontaketa» du muinean eta horien bueltan jasotzen du emakumeen kontrako torturaren inguruko errelato osatua.

Liburua hiru urteko lanaren emaitza da eta modu kolektiboan jaso dute Intxorta 1937 Kultur Elkartearen bultzadaz. Nekane Ayensa eta Juan Ramon Garai aritu dira torturatuak izan diren emakumeen testigantzak jasotzen eta Iñaki Barrutiaren lana izan da kontaketa kolektibo hori hitzetara ekartzea. Egileen ustez, bada hutsune bat, emakumeen kontrako torturaren errealitatea ez dago ondo jasoa eta horretan saiatu dira liburu honekin.

Aurkezpenean nabarmendu dutenez, «torturak generoa du. Sexu-indarkeria tortura gisa erabili izan da sistematikoki; bortxaketak, sexu ugalketa eskubidearen kontrako erasoak, tortura psikologikoa, mehatxuak... Horiek errealitate bat izan dira, zigorgabetasun erabatekoa izan da horien inguruan, isiltasuna, lotsa, errua...». Hartara, liburuak errealitate gordin hori bistaratu nahi du, minak sendatzen lagunduko duelakoan.

Arrasateko Kulturaten izandako aurkezpenean parte hartu dute Irati Mujikak, Nekane Txapartegik, Saioa Altzuak eta Amaia Arrietak. Lehen biek torturak sufritu zituzten beren azalean eta beste biek, espetxean preso zeudela, tortura latzak sufritzetik zetozen kideak jaso zituzten kartzelan. Apenas kontatu den parte hori oso garrantzitsua da. Egun luzeetan inkomunikatuta egon den eta erabat txikituta dagoen emakumeak espetxera iristean jasotzen duen babesak, zaintzak, asko laguntzen du lehen une horietan. Nekane Txapartegik esandakoaren arabera, «espetxera iristean ez banu zaintza hori jaso izan, orain ez nengoke hemen, jendaurrean, gertatu zitzaidana kontatzen».

Tortura sistematikoa izan dela eta Estatu espainolaren zapalkuntza estrategiaren parte izan dela nabarmentzen da liburuan. Eta torturak emakumeen gorputzetan forma propioak nola hartzen dituen ere jasotzen du. Nola eta zertarako torturatu dituzten emakumeak. Arrasateko aurkezpenean parte hartu dutenen hitzetan, garrantzitsua da gertatu zena kontatzea, transmititzea, baina garbi dute ardura hori ezin dela torturatuak izan direnen bizkar geratu, «badugu nahikoa motxila». Torturaren kontaketari herri bezala erantzun behar zaiola aldarrikatu dute.