Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Entrevue
Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea
Winter Serieseko irabazleak

«Winter Series sasoi onean dago, baina zesta-punta, oro har, ez dago ondo»

Aritz Erkiaga (Ispaster, 1987) eta Ion Ibarluzeak (Markina-Xemein, 1996) irabazi dute Winter Serieseko hirugarren edizioa. Ispasterkoak, iazko Jai Alai Leagueko txapeldunak, sasoiko hasi du urtea eta markinarrak, bere debutean, «ametsa bete» du. Zesta-puntaren egoeraz solastu dira NAIZekin.

Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea, Winter Series txapelketa irabazi berritan.
Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea, Winter Series txapelketa irabazi berritan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

‘Pantera arrosak’ izan dira Winter Seriesen, isilpean baina zital. Finalean Goiko-Lekerika bikotea menderatu zuten Erkiaga eta Ibarluzeak, bigarren jokoan bikain arituta. Aritz Erkiagak beste txapel bat jantzi zuen. 2023. urtean Jai Alai Leagueko txapelduna izan zen, Gorka Sorozabal atzean lagun, eta urte berria Banakako txapela irabazita estreinatu zuen, bere hirugarrena.

Ion Ibarluzearentzat ametsetako txapelketa izan da Winter Seriesa. Duela hiru urte harmailatik ikustetik kantxan jokatzera igaro da estreinakoz, eta ezin hobeto aritu da, Erkiagarekin bikotea osatzeak sor lezakeen presio guztiak gutxika-gutxika askatzen joanda

«Ni jokatuta nago hemen, astelehenez, eta galdetu behar izatea ea ateak ireki dituzten, harmailan 50 pertsona soilik ikusita», esan du Erkiagak. Miamin (AEB) 13 urte eman zituen; zesta-puntan benetako ikasketak izan zirela berretsi du. Orain, Euskal Herrian, olatua sortu eta hobekuntza nabari den arren, hutsune asko daudela eta hauek betetzea kostatu egingo dela diote.

Ia astebete da Winter Series irabazi zenutela. Zer moduz?

Aritz Erkiaga: Ondo, eta jada txapelketa berriarekin pentsatzen. Durango buruan, Winter Series baino txapelketa garrantzitsuagoa da zestarentzako. Winterra badakigu ondo dagoela, baina hurrengo ediziora bitartean dauden txapelketetan maila ona eman behar dugu. %100eko konpromisoa eduki. Nahiz eta zarata gutxiagko txapelketa izan, hor ondo egin beharko da datorren urtean berriro ere zaletuak gogoz edukitzeko.

Sentitzen dezue beraz, presio hori, urtean zehar ondo egin beharrarena?

A.E.: Noski. Badakigu Winter Series ondo dagoela, baina zesta punta ez dago ondo. Denon erantzukizuna da hau aurrera ateratzea eta partida guztietan %100 eman, nahiz eta Masters bat izan. Ikuskizuna eman, giro ona eduki frontoietan, gazteak ere berriro engantxateko. Uste dut hori dela gakoa zesta punta aurrera eramateko.

Zesta-punta ez dagoela ondo essn duzu.

A.E.: Gazteek eta ez soilik gazteek, profesionalok ere ez ditugu nahikoa zestarik. Zestagile gutxi daude, daudenak zaharrak dira, frontoietan orduak ez daude hainbeste. Esku pilotak lekua kendu dio zestari, orain horri buelta ematea ez da erraza. Afizionatuek ere maila makal samarra daukate, ez dutelako eduki AEBtan ikasteko aukera, diruaren truke. Han ikasten zen, hemen bi ordu entsegatuta zaila da, txapelketa gutxiago daude ere bai. Asko dago hobetzeko.

Ion, eta zure ikuspegitik, afizionatu bezala?

Ion Ibarluzea: Aritzek nahiko ondo deskribatu du. Bai ikusten da Winterrak, edo udako txapelketak, alderatuta duela hiruzpalau urte, askoz ere jende gehiago mugitzen duela baina bai egin behar da lana gazteen maila hobetzeko. Jauzi handia dago afizionatuen txapelketatik profesionaletara, fisikoki eta teknikoki zer esanik ez. Trantsizio hori egitea da hobetu behar dena. Beraiek zortea eduki zuten, AEBtara joan ahal izan ziren, soldata baten truke jokatzen beraiek baino nagusiagoekin, ikasi egin behar zuten bizitza aurrera ateratzeko. Guk hori ez daukagu, eta bigarren maila bat sortzea-edo polita izango zen, sendotzeko gazteok eta zirkuitu horretan sartzeko.

Azken urtean profesionalen zirkuitoan joan zarete sartzen, ezta?

I.I.: Hor ikusten dena da orain arte lehen mailan egon diren asko erretiratzen doazela: Goiko, Diego [Beaskoetxea], Irastorza... Hutsune batzuk sortzen daude eta belaunaldien erreleboa gutxika-gutxika esan daiteke ematen ari dela, baina urrats asko egin behar dira hori hobetzeko.

A.E.: Ez da erraza gurekin sartzea, ze guk ere ez ditugu hainbeste partida. Hegoaldean, urtean 30 partida edo jokatuko nituen; Iparraldekoekin batuta, 50 inguru. 30 partidatan gazte asko sartzen badituzu, bakoitzak ez dauka partida askorik; gutxi sartzen badituzu, esango dute beti berdinak gaudela... Entseguak egin ahalko ziren, baina zaila dago. Ez gara profesionalak, bakoitzak bere lana dauka, frontoietan ez dago ordu librerik kanpotik datorrenantzako. Ez da erraza oraindik profesionala ez den kirol batean jendea profesionalizatzea.

«Ez da erraza oraindik profesionala ez den kirol batean jendea profesionalizatzea»

Profesionalizatze horretan bazaudete oinarri bat, Eraman Jai Alai enpresan. Gutxika-gutxika doa, baina ikusten duzue hau egonkortu daitekeela?

A.E.: Bai, eta urratsak daude ematen. Orain gutxira arte ez dugu eduki kontratu profesional bat ere ez. Eurekin berba eginda beste gauza batzuk lantzeko ere prest daude, baina prozesu oso luzea da eta zulo asko daude tapatzeko.

Eta harrobian ikusten duzu etorkizunik?

A.E.: Momentu arin baterako ez dago askorik. Lehengo mailarik ez dago, ez da euren kulpa ere ez. Ez dute ikasi AEBtan. Han astean zortzi bider jokatzen genuen, egun bat jai eta bi doble, eta diruaren truke. Hemen, astean bi entsegurekin eta hainbesteko motibaziorik gabe, batzuk badaude baina gainontzekoek ez badute nahi, ez da ikasten. Ez dut ikusten gazte askorik gogor zapaltzen datorrenik.

Apur bat ezkor ikusten zaituztet. Winter Serieseko txapeldunak zarete. Nola bizi izan zenuten finala?

I.I.: Espero baino errazago irabazi genuen, emaitza ikusita. Eurek ziren faboritoak, tentsio gabe atera ginen jokatzera. Nik zalantza hori baneukan, ea urduritasunak eragin egingo ote zidan. Horrelako oihartzuna daukan txapelketa batean ez nekien ongi nola erantzungo nuen. Mentalki ere prestatu egin nintzen. Pentsatu nuen Winter Serieseko finala zela, ez nekiela berriro horrelakorik jokatzeko aukera izango dudan, beraz disfrutatzeko asmoz atera nintzen. Pentsamendu horrek asko lagundu zidan. Lasai hasi nintzen jokatzen, gustora, Aritzek ere sekulako partida egin zuen, asko lagundu zidan. Egin beharrekoa ondo egin genuen eta oso pozik.

Ion Ibarluzea, finalean. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Presio hori izango zen baita ere jakinda arerioen estrategia izango zela Erkiaga jokoz kanpo uztea eta zuri kargatzea, ezta?

I.I.: Txapelketa osoan errepikatu da hori. Normala da Aritz saihestu nahi izatea, partidako 18 tanto egiten ditu beraz, pentsa... Nik hori banekien eta xuabe-xuabe, nekatu gabe, lasai hartu behar nuela banekien. Ahalik eta hutsegite gutxien egin eta aukerako pilota neukanean, ahal nuen guztia atera, gu menderatzen hasteko eta Aritzek aurrean aukerak izan zezan.

«Ahalik eta hutsegite gutxien egin eta aukerako pilota neukanean, ahal nuen guztia atera, gu menderatzen hasteko eta Aritzek aurrean aukerak izan zezan»

Lehen tantoetan eurek atzean kargatu zuten, saiatu zirela min egiten, baina 7-9tik aurrera ez zen kolorerik egon.

A.E.: Final bat zen, urduritasunak daude. Ikusi genuen finalerdietan, bigarren seta galdu zutena, izan zela Lekerikak rebesaz jokatu zuelako. Jakin genuen rebesa topatzen bagenuen, errazago izango zela irabaztea. Eskuminarekin egiten du min gehien berak eta hori izan zen gakoa, ondo botatzea ezker hormara. Partida gogortu egin genuen.

Bigarren jokoan segituan hartu zenuten aurrea eta emozio gabekoa izan zen. Gainera, Goikok ere pilota erraz batzuk galdu zituela eta pena puntu hori nagusitu zen.

A.E.: Pena esajeratua. Zesta puntako erreferente bat erretiratu da. Partida honek ez dut uste bere ibilbidea laburtzen duenik, inola erez. 43 urterekin horrelako final batera iristeak nahikoa meritu dauka. Lehen set erdialdetik aurrera, markagailua ez zen asko estutu. Nik uste dut jende gehiena Goikoren agurrerako hurbildu zela, finalera baino.

Faborito txartela Goiko-Lekerikak zeukaten. Zuek hain faborito ematen zenituen beraiek?

A.E.: Nik, txapelketan zehar, Johan-Lopezek erraz irabaziko zutela pentsatzen nuen. Baina bai pentsatzen dut Lopezekin jokatzeak presio asko eragin behar izan diola Johani. Ez baduzu irabazten Johanek galtzen du, irabazten baduzu Lopezek egiten du... Hori dauka horrelako pilotariekin jokatzeak.

Ion, zuk hori sentitu duzu Aritzekin jokatzean?

I.I.: Bai sentitu dut hori presioa, baina berak asko lagundu dit presio hori askatzen ere bai.

A.E.: Bikote modura hartzen baduzu, bat eta bat, Johan-Lopez bikote handia da. Johan lehendabiziko hiruretan dago, aurrelari moduan, eta Lopez atzelari onena da. Bikote modura ulertuko balira, niretzako erraz irabaziko lukete. Lehendabiziko jardunaldian gure aurka jokatu zuten, txapelketa hasi berri eta hor galdu egin zuten. Bigarren jardunaldian jada txapelketa bideratu egin zen.

Ion Ibarluzea eta Aritz Erkiaga, txapelarekin. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Eta, oro har, txapelketa nola ikusi duzue? Partida asko erabaki dira bi jokoan.

A.E.: Ia partida guztiak erabaki dira 2-0, gure biak kenduta. Emozio askorik ez da egon, egia esan. Soso samarrak izan dira. Horregatik, aurten joan da jendea frontoira baina horrela jarraitzen badugu, jendea kantsatu egingo da. Oso garrantzitsua da kritikoak ere izatea, errealistak izan behar gara.

«Oso garrantzitsua da kritikoak ere izatea, errealistak izan behar gara»

Azken bi urteetan dominatzen ari zara. Badaukazu faboritoaren motxila hori?

A.E.: Momentuz ez, ze hor eduki ditugu Goiko eta Lopez. Horrek biak dauden artean, beraiek dira faborito, batez ere Lopez dagoenean. Bera ikusten dut dena irabazteko gai. Atzean, parekotasun gutxiago dagoela pentsatzen dut, beste maila batean dago. Aurrean gehiago gaude: Barandika, Olharan, Johan, ni...

Txapelketa bat ez du irabazten batek bakarrik. Nabarmentzen zenuen Ionek eginiko lan txukuna, tantoak dominatu ahal izateko.

A.E.: Gernikan, egia da, atzean jartzen baduzu arerioa, gero aurrelariak ezin duela dena kubritu. Horregatik aukeratu genuen pilota biziago bat, nahiz eta guri motela komeni.

Pilota aukeraketan hasi zen finala berotzen?

A.E.: Nik galdetu egin nuen ea pilota gehiago ba ote zeuden (barrezka). Egon ziren guri komeni zitzaigun bost eta eurenak, 15. Ni ez naiz kexatzen, ze gustokoak hartu nituen. Denak jaitsi zituztela esan zidaten eta egia izango da, ze apurtzen direnean itxaron egin behar dira larrua sekatu arte. Nik sinesten dut ez zutela egin txarrera. Inoiz izan da esku pilotan eta, pike hori aipatzen dela, eta inoiz komentatu izan dugun ea pike horiek egiak izango ote ziren edo gehiago saltzeko egiten den. Justu hor partidan ez genuen behar polemikarik, ze Goikoren azken partida zen. Beste final bat izango balitz, agian bai bilatzen duzu hori pikea emozioa jartzeko.

Aritz Erkiaga, finalerako material aukeraketan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ion, esan zenuen agian txapelketa honek ate batzuk irekitzen lagundu diezazukela.

I.I.: Izan daiteke zabaltzea ate batzuk, txapelketa garrantzitsuena da. Ranking bat ere hor dago, orain lehendabiziko postuan egongo gara. Prestatuta egon beharko gara.

Amets onenetan ere ez zenuela amestu horrelako txapelketarik. Ospatu ere ospatu zenuen. Zer sentitu zenuen irabaztean?

I.I.: Poza. Duela hiru urte txapelketa hau jokatzen hasi zirenean, ni harmailatik ikusten nengoen. Eta helburu bat bezala zen egunen batean Gernikako txapelketa honetan egotea. Entsegaten eta jarraituta, lortu dut aukera bat txapelketa honetan, iritsi nintzen jokatzera, eta jokatu eta gainera irabaztea, ba pentsa... Ametsa beteta, helburua kunplituta.

Txapelketan esan zizuenean bikote moduan Aritzekin arituko zinela, helburua ze izan da, partidaz partida joatea edo finalean leku bat egiteko asmo zeneukaten?

I.I.: Ez dakit nola egin zituzten bikoteak baina niri berak abixatu zidan berarekin jokatu behar nuela. Ikusita Aritzekin jokatu behar nuela, irabaztea urrun ikusten nuen, baina nire lana ongi eginez gero, urrun iritsi gintezkeela uste nuen. Ze denok dakigu Aritzek ze maila daukan. Bai ikusten nuen Johan-Lopez eta Goiko-Lekerika oso bikote indartsuak zirela. Gure multzoa ikusita, finalerdietara iristeko helburua bai neukala buruan.

«Nire lana ongi eginez gero, urrun iritsi gintezkeela uste nuen; finalerdietara iristeko helburua bai neukala buruan»

A.E.: Nik argi ikusten nuen Johan-Lopezek partida guztiak irabaziko zituztela, eta guk Laduche-Gorkari irabazi beharko geniela finalerdietara sailkatzeko. Eta Laduchek egun baten berak bakarrik ahal dizu irabazi, eta hurrengoan berak bakarrik galdu. Lehendabiziko helburua zen finalerdietara sailkatzea.

Goikoren azken pilotakada txapara joan zen.

A.E.: Sekulako pena hartu nuen. Ez nuen egin negar eskapatu egin nuelako. Super tristea izan zen niretzako. Azken hogei urtean erreferentea izan da. Jendeak zesta-punta Goikorengatik ezagutzen du.

Xabi Barandikak zioen, Gernikako zesta-punta eskolan, 14-20 urte bitartean hutsune handia zegoela.

A.E.: Eta hori da belaunaldien artean dagoen hutsunea. 18 urtetik 27 urtera bitartean ez dago lehengo maila, AEBtara ez direlako joan. Daude, jarraitu dutenak baina AEBtara joan ez direnak eta hor dago hutsunea.

I.I.: Markinan ere badago 16-23 urtera bitartean hutsune handia, egongo dira bat edo bi. Umeak, aldiz, 10 urte ingurukoak, bai daudela pila bat.

A.E.: Duela bi urte izan nintzen Gravniko hautatzaile, Bizkaian, 22 urtez azpikoetan. Bizkaia guztian hiru edo zeuden. Zer da hau?

I.I.: Markinan egon ziren nahikotxo baina gero denak batera utzi egin zuten, 18 urte zituztela edo.

Eta hutsune hori baldin badago, nolakoa izan da zure ibilbidea, Ion?

I.I.: Ni zahartxoagoa naiz, eta nire adinekoak apur bat gehiago gara. Beti ibili naiz afizionatu mailan jokatzen. Bai badago maila apur bat gehiago, bertan daudelako profesionaletan aritu eta utzi egin dutenak, AEBtara joan ez direnak baina hemen urte asko daramatzatenak, aniztasun gehiago dago. Onenekin jokatzeko aukera ematen didatenean, aprobetxatzen saiatzen eta horrela.

Goiko izan da ikusgarritasun handiena eduki duena. Bere erretiroak eragingo al du zerbait?

A.E.: Seguru, eragina izango du seguru. Oso mediatikoa izan da, jende guztiak ezagutzen du. Red Bull daukalako, Loewe egin zuelako edo telebistan ere asko agertu delako. Hori guk ez daukagu eta orain lortu ere ez dugu egingo. Norbait izan beharko da irudia, hori bai, komenigarria litzatekeelako umeek eredu bat edukitzea.

I.I.: Aritz ere badabil azken urteetan txapel pila bat irabazten orduan ba agian, bera ere erreferentetzat hartu ahal da [barreka].

Goikoren pena handiena da bere ibilbide oparoenean hemengo fokoak itzalita egon direla.

A.E.: Eta hangoak ere bai. Jokatu bai baina ez zen inor egoten. Telebistaz ere partida oso gutxi ematen ziren, eskuak jaten zuen pastel osoa. Bagoaz pastel horretatik zatiak kentzen baina oraindik astelehenetan ematen gaituzte, ez daukagu ostiral, larunbat, igande; finala bakarrik. Eskuari erregetza hori kentzea oso zaila da.