NAIZ

Dani Alves espetxetik atera da milioi bat euroko fidantza ordaindu ostean

Milioi bat euroko fidantza ordaindu ostean, behin behineko askatasuna eskuratu du Dani Alves futbolari ohiak. Emakume bati sexu erasoak egiteagatik kartzeleratu zuten, eta lau urte eta erdiko zigorra ezarri zioten.

Dani Alves Bartzelonako espetxetik ateratzen.
Dani Alves Bartzelonako espetxetik ateratzen. (David Zorrakino | Europa Press)

Dani Alves futbolaria Sant Esteve Sesrovireseko (Bartzelona) Brians 2 espetxetik atera da astelehen honetan. Kartzelan 14 hilabete eman ostean, eta milioi bat euroko fidantza ordainduta, lau urte eta erdiko zigorra bazuen ere, helegiteak ebatzi arte aske geratuko da.

Bartzelonako Auzitegiak joan den astean onartu zuen jokalaria fidantzapean aske uztea eta bi pasaporteak kentzea (brasildarra zein espainiarra), defentsak kondena baliogabetzeko aurkeztu dituen helegiteak eta zigor handiagoa ezartzeko asmoz egindako akusazioak ebatzi bitartean.

Pasa den ostiralean Fiskaltzak beste errekurtso bat aurkeztu zuen fidantzapean aske uzteko erabakiaren aurka, baina errekurtso horrek ez du jada erabakitako espetxe-irteera geldiarazten, eta auzitegiak datozen egunetan erantzun beharko dio errekurtso horri.

Milioi bat euroko fidantza ordaintzeaz gain, behin-behinean espetxetik ateratzeko Alvesek bere bi pasaporteak entregatu behar izan ditu, espainiar Estatutik irtetea debekatuta duelako, biktimarengandik urruntzeko agindua duelako eta libre dagoen bitartean astero epaitegira joan beharko duelako.

Lehen epaia

Otsailaren 5etik 7ra egin zen epaiketan, Fiskaltzak 9 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen Alvesentzat, eta akusazio partikularrak, salatzaileak, 12 urte eskatu zituen.

Epaian, Auzitegiko 21. sekzioak lau urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zion Alvesi sexu-eraso delitu batengatik, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta bederatzi urteko urruntzea, eta 150.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Kostuak ere ordaindu beharko ditu.