Garazi Castaño

Instanteen aje emozionala

Garazi Castaño izan da Korrikan gure berriemailea, NAIZ Irratia, NAIZ eta GARArako. Eta hausnarketa hau utzi digu hamaika egunez furgonetan tarteka, korrika hainbatetan, mikrofono eta kamera eskuetan beti, bizitako esperientziari buruz.

Aurtengoa «inoizko Korrikarik erraldoiena» izan dela aldarrikatu dute antolatzaileek.
Aurtengoa «inoizko Korrikarik erraldoiena» izan dela aldarrikatu dute antolatzaileek. (AEK)

Etxean nago. Isiltasuna dago, ez da musikarik entzuten, eta zapaltzen dudan zorua ez da mugitzen, ez dago dardararik. Ez diet Telegram notifikazioei kasurik egiten, ez nago mugikorrari etengabean begira eta berdin zait zein ordu den. Patxadaz edo lasai ederrean nagoela pentsa lezake askok. Ba ez, nahiago nuke bestela egon. Nekatua nago, baina faltan sumatzen dut azken egunotan inguratu nauen unibertso paraleloa.

Instanteen segida bat da Korrika. Lasterkariek zure herri edo auzoa zeharkatzen duten bezain azkar pasatzen direnak. «Motza egin zait baina gozatu egin dut», zioen Xuhar Pazos Ertzaintzak Tolosako inauterietan begian zauritutako gazte villabonatarrak, Onddo gazte asanbladararen lekukoa eraman ostean. «Ziztu bizian pasa da, ez naiz konturatu ere egin kasik», esan zidan lagun batek larunbatean, Altzatik igaro zenean. Uneak, momentuak, dira. Eta nik horiek bata bestearen atzetik, pilatzen eta harilkatzen bizitzeko pribilegioa izan dut.

AEK sostengatzeko sortu zen Korrika. Euskalduntzearen aldeko lana ureztatu eta balioan jartzeko bi urtean behin martxan jartzen den makinaria erraldoia da. Hanka sartuko genuke ordea definizio horretara erreduzituko bagenu. ‘Harro Herri’ leloa hautatu dute antolatzaileek 23. ediziorako. Izan zitekeen modu sinpleagorik egitasmo honek esan nahi duena hain ongi laburbiltzeko?

Geure lurralde osoa, zatiketarik gabe, zeharkatzen du Korrikak. Zazpi lurraldez osaturiko herria garela praxian demostratzen da. Eta hala egin du lasterketa honek: Santiagoko zubia zubia besterik ez dela frogatzean, Izpegiko gainean Baigorri eta Baztango gazteek lekukoa elkarrekin hartu eta mugarik ez dela aldarrikatzean, Trebiñun José Luis Morenok bere etxeko kanpokaldea ikurriñez jostean... Datu ibiltaritza aktibatzeko jakinarazpenengatik izan ez balitz, ni behintzat ez nintzatekeen zatiketez jabetuko egun hauetan zehar. Azterketak euskaraz mugimendua izan da aurtengo omendua. Ez izen handirik, ez personalismorik. Modu batera edo bestera, intentsitate handiago edo txikiagoarekin (inor ez dugu engainatuko), baina denon aldarrikapen bihurtu da Ipar Euskal Herriko ikasleen proklama. Palestinar ikurrak konstante bat izan diren modu berean.

Paisaia, kolore eta euskalki desberdinek ez dute diferentziarik markatzen Korrikan; batasun anitz bat josten dute. Nafarroako trabestien kilometroan Murchantetik Cascantera aldarrikatu zen moduan, Euskal Herri anitz eta askea da geurea, eta noski, euskaraz egiten dena. Horretarako ere balio baitu egitasmo honek. Zer nolako herria nahi duguna irudikatzeko, euskaratik eta euskaraz imajinatuz. Usansoloko ospitalean osasungintza euskalduna aldarrikatu zuten modu berean.

Baionan amaitu da aurtengo Korrika. Eta Garazi Arrulak 11 egunez jira eta bira ibili den lekukoaren barnean zen mezuan aldarrikatu moduan, euskarak hegemonia lor dezan, bestelako lan eta eginkizunetara itzultzea dagokigu orain zozooi. Baina gose gara eta haginka jarraitzeko prest. Arnasguneetan korrika ziren euskaltzale-uholdeek beste txoko batzuetan binaka edo hirunaka lekukoaren zain zirenen lurraldeeak blaitu ditzaten (baita kontrako norantzan ere). Hurrengoan hamar izan daitezen, edo hogei. Eta, noski, aurtengoan errepide bazterretan txaloka zirenek urratsa eman, konprometitu eta lasterka egin dezaten; hau da, euskaltegian izena eman dezaten.