NAIZ
Donostia

Gipuzkoako Aldundiak Euskararen VII. Erabilera Plana onartu du, «jauzia» emateko

Euskarak Aldundiaren lan hizkuntza gisa duen pisua areagotu, arduradunen «euskararen aldeko jarrera proaktiboa» bultzatu, lan tresna eta lan prozedura guztietan hizkuntzen kudeaketa zehar lerro gisa txertatu eta «hizkuntza klausula egokiak» garatzea du helburu Euskararen VII. Erabilera Planak.

Irune Berasaluzek, Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak, aurkeztu du Plana.
Irune Berasaluzek, Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak, aurkeztu du Plana. (Gipuzkoako Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluak Euskararen VII. Erabilera Plana onartu du astearte honetan egindako bilkuran. 2023-2027 epeari dagokion dokumentuak Aldundian euskara lan hizkuntza izateko erronkak eta helburuak ezartzen ditu, eta foru erakundearen baitan indarrean egongo den zazpigarren plana da.

«Aurreko urteetan egindako lanak oinarri sendo bat eskaintzen dio Aldundiari, plana garatzeko eta proposatzen diren neurriak gauzatzeko. Euskara foru administrazioan komunikazio, zerbitzu eta lan hizkuntza izan dadin lan egiten jarraitzeko tresna izango da», esan du Irune Berasaluzek foru erakundeko bozeramaileak.

Aurreratu duenez, langileen %96k egiaztatuta dauka dagokion hizkuntza eskakizuna eta horrek «abiapuntu sendoa» eskaintzen dio Gipuzkoako Aldundiari, behin hizkuntzaren ezagutza hedatuta, datozen urteetan euskararen erabileran «jauzia» eman ahal izateko. Horrela, foru erakundearen 2024-2027 Plan Estrategikoan jasotako helburuetako batean aurrera egiteko aukera eskainiko du Euskararen Erabilera Planak, erakunde mailan Aldundiaren jarduera euskaratik eta euskaraz izatea, alegia.

Euskararen VII. Erabilera Planaren xedeak dira, epe laburrean, foru administrazioa euskararen ezagutza unibertsalizatu eta erabilera lehenetsiko duen erakundea izateko lan egitea eta, epe ertainera begira, «dauzkagun arauetatik abiatuta, datozen urteetan Aldundia euskararen arnasgune soziofuntzional» bihur dadin sustatzea.

Zeregin horretan, Berasaluzek azaldu duenez, «hizkuntza eskubideen bermeak gidatuko du» Gipuzkoako Aldundiaren jarduera, «ziurtatuz herritarren hizkuntza aukera errespetatzea, bereziki, administrazioarekin dituzten harremanetan».

Horretarako, euskarak bizi duen egoera soziolinguistiko «desberdin eta desorekatua» kontuan izanda, foru erakundeak «lehentasunez» erabiliko du euskara, «eredugarria eta erreferentziazkoa» izateko administrazioari dagokion ardura betez.

Lau erronka

Norabide horretan, foru bozeramaileak xehetu duenez, Euskararen VII. Erabilera Planak lau erronka nagusi ezarri ditu. Lehenik, ezagutzan egindako aurrerapena «sortze hizkuntzan islatu» nahi da, hau da, euskarak foru erakundearen lan hizkuntza gisa duen pisua areagotzea.

Bigarrenik, Gipuzkoako Aldundiko arduradun politiko eta teknikoen «lidergoa» bultzatuko da, langileen, herritarren, udalen eta eragile sozioekonomikoen aurrean «euskararen aldeko jarrera proaktiboa» izan dezaten.

Hirugarrenik, kudeaketarekin lotutako lan tresna eta lan prozedura guztietan hizkuntzen kudeaketa zehar lerro gisa txertatuko da eta, azkenik, «kontratazio publiko arduratsuaren» bidez hizkuntzaren normalizazioan eragingo duten «hizkuntza klausula egokiak» garatu eta txertatuko dira, genero berdintasunean, arlo sozialetan edota ingurumenean egiten den moduan.