NAIZ

Isuna jaso du Gorka Torrek euskararen lehentasuna aldarrikatzeagatik

Gorka Torrek 500 euroko isuna jaso du euskararen lehentasuna aldarrikatzeko eginiko tindaketengatik. Era berean DNA laginak emateari uko egin izanagatik hilabete bateko kartzelaldiarekin -betetzeko beharrik gabe- zigortu du Baionako Auzitegiak.

Gorka Torrek Baionako Auzitegiaren aitzinean bildutako lagunen aurrean hitza hartu du.
Gorka Torrek Baionako Auzitegiaren aitzinean bildutako lagunen aurrean hitza hartu du. (Patxi BELTZAIZ)

Gorka Torre 500 euroko isuna ordaintzeari kondenatu du Baionako Auzitegiak. Herribiltzako kidea epaitua izan da euskararen lehentasuna aldarrikatzea xede zuten tindaketak egin izanagatik auziperatu dute.

Auzitegiaren atarian euskaltzaleen sostengua jaso duen Torreri euskaraz mintzatzeko aukera ukatu dio jujeak. ‘Euskal Irratiak’ sareak arratsalde erdian jakitera eman duenez, epaileak errudun jo du Torre.

Gisa berean, Polizia frantsesari DNA laginak emateari uko egin ziolako bete beharrik gabeko hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio jujeak auzian frantsesez deklaratzeari uko egin dion ekintzaileari.

Epaiketa horren bezperan euskara lehentasunez erabiltzearen aldeko bi ekimen berri egin zituela jakitera eman zuen Herribiltzak.

2024ko urtarrilaren 31n eta martxoaren 12an, kanpoko hormetan egindako tindaketen bidez, Donibane Lohizuneko eta Baionako ospitaleetako seinaletan lehentasuna euskarari eman zioten plataformako kideek.

Bigarren mailako hezkuntza

Ohar batean Herribiltzak azaldu duenez, «Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, adibidez ospitale hauetan. Ondorioz, zortzi herritarretatik bakarrik batek euskaraz hitz egiten du. Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, zeren hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat non herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar du».

Orduan taldeak agerian jarri zuenez, «euskara, gainerateko hizkuntza guziekin, munduko ondare kulturala da, baina frantziar eta espainiar estatuen agintariek, euskara erasotzen dute eta hiltzen ari dira».

«Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, hau da, gure eguneroko aktibitate guziak euskaraz egiteko posibilitatea ukan nahi dugu. Horretarako, Euskal Herriko eragile guziei, lehentasunez euskaraz aritzea eskatzen diegu», gaineratu du Herribiltzak, ekintzak duela bi urte abiatutako ‘Euskal Herrian lehentasunez euskaraz!’ kanpainaren baitan kokatuz.