Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Gazteentzako bizi baldintza duinak aldarrikatuko ditu Ernaik Iruñean Maiatzaren Lehenean

Gazteek pairatzen dituzten bizi baldintzak salatu eta kapitalismoak ezartzen duen eredu baztertzailearen aurrean alternatibak eraikitzeko asmoarekin Ernaik gazte blokea osatzeko mobilizazioa deitu du Iruñean Maiatzaren Lehenean.

Ernaik Iruñean Maiatzaren Lehena aurkezteko egin duen agerraldia.
Ernaik Iruñean Maiatzaren Lehena aurkezteko egin duen agerraldia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Maiatzaren Lehenean gazteek bizitza duina aldarrikatuko dutela nabarmendu dute astearte honetan Iruñean, Ernairen izenean, Ane Alavak eta Goizane Vegasek. «Hilabeteak daramatzagu gazteon prekarizazio orokortuaren prozesua salatzen eta bestelako bizi baldintzak izateko ortzi-mugak markatzen. Maiatzaren Lehenean bide honetan aurrerapauso bat eman nahiko genuke», azaldu dute.

Hori dela-eta, gazte mobilizazioa antolatu dute Iruñean, LABek deitu duen manifestazioarekin bat eginez. Hitzordua goizeko 11.00etan da Trinitarios plazan, gazte blokea osatzeko eta ondoren mobilizazio orokorrera batzeko.

«Gazte udaberria zabaltzen ari da eta horrek gazteok eztabaida politikoaren erdigunea hartu eta protagonista izatea esan nahi du. Horregatik, kapitalari alternatibak loratzeko bildu ginen Lezon. Orain, mugarri berri bat dugu esku artean, bizitza duinaren udaberriaren alde lehen lerroan egoten jarraituko dugu», adierazi dute.

«Bizitza eta kapitalaren arteko talka»

«Bizitza eta kapitalaren arteko talka gero eta bortitzagoa da. Zibilizazio krisi batean bete-betean gaude. Eta honek forma berezitua hartzen du gazteongan. Sektore zaurgarria izateagatik modu nabarmenagoan kolpatzen gaitu, belaunaldi krisi bat bizi dugu ez baitugu krisia ez den beste egoerarik ezagutu. Emantzipatzeko ezintasunetik hasita osasun mentala eta gaixotasun psikosozialen hazkunderaino antzeman dezakegu gure belaunaldiak muturreko egoera bat bizi duela. Gero eta bortitzagoa den krisi egoera batean aurkitzen gara», salatu dute.

Errealitate ez direla urrunekoak eta gertu bizitzen direla gaineratu dute. Nafarroan, adibidez, enpleguaren behin-behinekotasuna %46koa da gazteen artean. Hamar gaztetatik lau baino ez dira gai euren bizitza ekonomikoki antolatzeko. Emantzipazio adina 27 urtetan kokatzen da. Honekin batera, landa eremuan ematen ari den despopulazioak ere eragin zuzenean du gazteengan.

«Egoera honetan gazteok argi dugu: gazteok ezin dugu gehiago. Eta hau iraultzeko determinazio osoa dugu. Argi dugu sistema kapitalistaren garapen mugaezinaren eskutik eratorritako egoera dela. Baita kapitalismoaren mesedetan aritu diren agintari politikoen erantzukizunez. Etekina helburu bakarra duten enpresarien interesa eta statu quo-a mantentzeko lan egin duten boteredun guztien erruz. Neoliberalismo zisheteropatriarkalak ez du krisia ez den beste eskaintzari gazteontzat. Sistema hau ez da sostengagarria eta gazteok ez dugu sostengatuko. Gu dena aldatzeaz ari gara eta horretarako sistema basati honen aurrean alternatiba integrala mahaigaineratzeaz eta aurrera eramateaz hitz egiten ari gara. Alegia, pertsona zapaldurik biziko ez den Euskal Herria eraikitzeaz. Bide bakarra Euskal Herri sozialista eta feminista da», gaineratu dute.

«Horretarako, gaurtik hasita, gazteon zein herritarron bizitzak hobetzeko neurriak eta urratsak ematea ezinbestekoa da. Duintasuna ez delako zure bikote heteronormatiboarekin etxebizitza ordaindu ahal izateko zortzi orduz lan egitea. Duintasuna lortzea Euskal Herriaren burujabetza sozialismotik eta sozialismorako ekitea badelako. Unean uneko neurriak borrokatuz zein gizarteko eremu guztietan eraldaketa kulturalak bultzatuz. Eta bide horretan gazteok egiten dugun lanaz harro gaude, lehen lerroan izaten jarraitu behar dugu Maiatzaren Lehenean», nabarmendu dute.